Aitor Roman zen kolibri haietako bat
Aurtengo martxoan bat-batean hil zen Aitor Roman izango dute gogoan aurtengo ekologia jardunaldietan. Lazkaon jaioa 1976an, baserriratu eta baratzegintza ekologikoan aritu zen lanean, Ataungo Barandiaran baserrian, azken 9 urteetan. Biolurreko kide, Ataungo kontsumo taldearen eta Basherri sarearen sustatzaileetako bat izan zen. Jardunaldien atarian, honako testua prestatu dute haren oroimenean.
«Nahiko ezaguna den ipuinean, kolibri bat atsedenik hartu gabe ari da bera bizi den basoa kiskaltzen ari den sutea itzali nahian. Horretarako, inguruko putzu batean jasotzen dituen ur tanta ñimiñoak botatzen ditu sutara.
Garretatik ihesean doazela, animalia boteretsuagoek jokabide hori gaitzetsi egiten dute sutearen neurria ikusita alferrikakoa dela uste dutelako. Txori txikiak, aldiz, berak bere partea egiten duela erantzun die.
Goierriko jardunaldi ekologiko hauek 12 urte daramatzate kolibriaren lana egiten, eta Zeraingo azoka ekologikoak, bestalde, 25 urte. Gainerakoak etsipenean eror ez daitezen saiatzen eta bultzatzen daramagu, guztion artean gero eta gogorragoa den eta adiera gehiago dituen sute beldurgarri hori itzal dezagun: klima aldaketa, kutsadura, basogabetzea, animalia espezieen eta bioaniztasunaren desagerpena…
Politikari eta korporazioek beste albo batera begiratzen duten bitartean, lan eder honetan amore sekula ez ematen saiatuko gara. Aitor Ramon zen kolibri haietako bat; aurten, gainera, bereziki omendu nahiko genuke, gehien behar genuenean utzi baikintuen. Goierriko Baratzeko laguna eta laguntzailea zen bere kontsumo taldeari esker, eta taldea eta gu geu umezurtz utzi gaitu. Maite zaitugu eta zure falta sumatzen dugu».