Andereño Mari Karmen
Bizitza erreka bat dela esan du norbaitek. Besteren batek, ametsa. Besteren batek, antzerkia. Galdetzen hasiko bagina, broma bat dela esango lukeenik aurkituko genuke. Edo loteria. Edo abentura.
Nik bizitza itsasoa dela esango dut gaur. Bizitza itsaso zabal bat da; gaur barea, bihar beltza; baita gorria edo hila ere. Eta gu itsaso horretako arraunlariak gara. Aldian behin, bakarrik arraun egitea tokatzen zaigu; baita taldean ere; edo bikotearekin. Aldian behin, txalupan; baita traineruan ere; eta kanoan; eta galeretan. Kontua, arraunean egin eta ez itotzea da.
Nik aldi batean, traineru eder batean arraun egin nuen. Ez ginen hamalau; ezta hamabi ere; hogeita zerbait arraunlari ginen. Eta gure patroia, andereño Mari Karmen izan zen. Hiru urte luze edo laburretan, patroi lanak egiteaz gain, beste lan asko egin zituen gurekin, orduan jabetu ez arren, orain ikusten ditugunak.
Guk, nola edo hala, arraunei eragiten genien bitartean, andereño Mari Karmenek trainerua bideratzen eta zuzentzen zuen.
Gainera, batzuetan, trainerua jolas-toki bihurtzen zuen; beste batzuetan, liburutegi; edo antzeztoki; edo laborategi; baita jostundegi ere!
Batzuetan, zer egin eta nola egin esaten zigun; beste batzuetan, lagundu egiten zigun; eta bakarrik egiten ere uzten zigun.
Lan asko egin zituen gurekin andereño Mari Karmenek. Eta traineru hartatik atera ginen arraunlariok, besteak beste, berari esker dakigu itsasoan nola ibili. Guztiok, sartu ginenean baino arraunlari hobeak atera baikinen traineru hartatik.
Andereño Mari Karmenek egiten zituen lanetatik, nik bereziki maite nuen bat: eguerdian, bazkalostean, ordu erditxo batean edo, liburuak irakurtzen zizkigun. Tartean behin, nekatzen zenean, edo horretarako tenplerik ez zuenean, pentsatzen dut, niri esaten zidan irakurtzeko. Eta berak ez jakin arren, egin zezakeen oparirik onena egiten zidan tarte haietan.
Opari haiei esker dakit, bizitza itsasoa izan daitekeela, nik nahi badut. Eta arraunean egiten dudan bitartean, ez naizela itoko.
Eta opari haiei esker, kontatu dezaket, bizitza den itsaso horretan, bi eratako arraunlariak dabiltzala arraunean. Arraunlari batzuk, itsasoak nahikoa arraun egin dutela erabakitzen duenean, ito eta hondoratu egiten dira. Beste batzuk, nahikoa arraun egiten dutenean, itsasoak erabakita, itsasargi bihurtzen dira, itsasoan arraunean jarraitzen dutenei argi egin ahal izateko. Hauetakoa da andereño Mari Karmen, nire itsasoan, itsasargia.
Askotan begiratu dudan patroia, askotan begiratuko dudan itsasargi bilakatu da. Traineru hartako arraunlari guztiok nola eraman gintuzun, ezin eskertuzkoa da. Zu bezalako patroiak behar ditugu, andereño Mari Karmen. Baina zuk orain, jarraitu denoi argi egiten.
Ederra deitzen zenigun denoi. Zu bai, ederra!
Eskerrik asko, andereño, eta besarkada goxo bat.