Aralar Natur Parkean 0 €/urtean natura babesteko
Urtea amaitu aurretik ospatu zen Aralarko Natur Parkeko Patronatuaren batzarra. Organo honen funtzioak, besteak beste, parkeko legedia betetzen dela zaintzea eta parkeko inbertsio eta jardueren urteko aurrekontua eta programa onartzea dira. Landarlan bertan izan zen, eta, beste behin, etsita atera ginen.
Azken hiru urteetako aurrekontuei erreparatzen badiegu, osotara milioi eta erdi euroko inbertsioa egin da natur parkean. Inbertsioen %52 abeltzaintza eta basogintzara bideratu da, %25 erabilera publikora (parketxeak mantendu eta bideak egokitzeko), %20 kudeaketara eta %3 ikerketara. Hau da, Gipuzkoako Foru Aldundiak habitatak edo espezieen egoera hobetzeko 0 euroko inbertsioa egin du. Natur parkearen lehen helburua «parkearen eremuan dauden ekosistemak babestu, artatu eta lehengo egoerara itzularaztea» izanik, ulertezina egiten zaigu kudeaketa hau. Landarlanek aurrekontu hauek onartezinak direla adierazi zuen, eta beste batzuk aurkezteko eskatu.
Aralarko habitat eta espezieen egoera zein den galdetu genuenean (babesturiko 18 habitat eta 85 espezie ditugu), ez genuen erantzunik jaso, baina garbi dago ikerketak aurrekontuaren %3 soilik izanik, jakintzarik ez daukagula.
Gipuzkoako Foru Aldundia ez da gai Natur Parkea zentzuz, logikaz eta legedia errespetatuz kudeatzeko. Inbertsio guztia gizakiaren ustiaketarako bideratzen da, natur parkearen helburuen kontra. Honela ezinezkoa da naturarekin orekan bizitzea, naturari zor dioguna bueltan ematea. Ingurumenarekiko presioagatik sorturiko pandemia egoeran, gainera, are garrantzitsuagoa da naturan inbertitzea.