‘Beasain Jaietan’ urtekariko hizkuntza erabilera
Aurten ere argitaratu du Beasaingo Beti-bizi elkarteak Beasain jaietan urtekaria. Otsail aldera deialdi irekia egin ohi du idazlanak biltzeko eta Loinatz jaietan argitaratzen du urtero. 1979az geroztik Beti-bizi elkarteak hartua du ardura hori eta Udalaren laguntzarekin argitaratu ohi du. Salbuespeneko urteak 2020a eta 2021a izan ziren birusaren ondorioengatik eta ez zuen argitaratu.
1980aren aurretik ale banakak soilik izan ohi ziren euskaraz eta haiek ere batzuetan ez beasaindarrek idatziak. Aro berri honetan, euskaraz gutxien, 1980an argitaratu ziren, 4 soilik (%9,09) eta espainieraz 40 (%90,91). Ondorengo urteetan gorantz egin zuten euskarazko lanek eta ondoren baita elebidunek ere. 1988an adibidez, euskaraz 21 (%31,82), bi hizkuntzetan 13 (19,70) eta espainieraz 32 (%48,48) izan ziren. 1990eko hamarkadan hein batean ildo hori mantendu zen baina tartean beherakada handiak ere izand ziren. Euskaraz gehien 1993an argitaratu ziren orduan, 20 lan (33,33), bi hizkuntzetan 5 (%8,33) eta espainieraz 35 (%58,33). Aldiz euskaraz gutxien 1997an, 10 (18,52), bi hizkuntzetan 6 (11,11) eta espainieraz 38 (%70,37).
2000ko hamarkadan oro har zerbait beherantz egin zuten euskarazko lanek. Euskaraz gehien 1993an argitaratu ziren 18 (%30,51) bi hizkuntzetan 9 (%15,25) eta espainieraz 32 (%54,24) eta gutxien 2009an, 7 (%13,21), bi hizkuntzetan 12 (%22,64) eta espainieraz 34 (%64,15). 2010eko hamarkadan hasieran gorantz, gero beherantz eta amaieran gorantz egin zuten euskarazko lanek eta gailurra 2019an harrapatu zuten 22 lanekin (%41,51), bi hizkuntzetakoak 19 izan ziren (%30,19) eta espainierazkoak 15 (%28,30). Geroztik berriro beherantz egin dute euskarazko lanek eta aurten, 2024an, 12 izan dira euskarazkoak (%26,67), 15 bi hizkuntzetan emanak (%33,33) eta 18 espainieraz argitaratuak (%40).
Kontuan hartu behar da bi hizkuntzetan argitaratuek presentzia handia hartu dutela tarteka eta horietako hainbat espainieraz idatzi eta gero argitaratzaileek euskaratu araziak izan direla.
Berrogeita bost urteotako bilakaera ikusita, emaitzak ez dira onak noski. 2000. urtea baino lehen ikastetxe guztiak, teorian bederen D ereduan jarduten zuten. Horietatik hainbat eta hainbat euskal idazle gazte saritu eta saritu gabeko irten da. Hainbat liburu euskaraz idatzitako idazleak ere ugari samar ditugu. HITZA-ko kazetari euskaldunak ere hor daude eta baita Berria-koak eta beste egunkari eta aldizkari batzuetako kazetari euskaldun beasaindarrak ere. Aittu euskara-taldeak ehunka partaide ditu… Baina horiek guztietatik oso sinadura gutxi ageri dira urtez urte Beasain jaietan urtekarian hartaz eta honetaz idazten. Eta okerragoa dena, euskaraz idatz dezaketen askok espainieraz argitaratzen dituzte beren lanak, edota kasurik onenean, bi hizkuntzetan “denek uler dezaten”. Hori da gure arteko soziolinguistikako lege nagusia eta horrekin ez goaz inora, geure hizkuntza hondoratzera ez bada. Hemen beharrezko bihurtzen dena soilik baita jendeak ikasten eta erabiltzen duena. Nork esan behar zuen 45 urte hauetako euskalgintzaren jardun erraldoiaren ondoren 2024an herrian tamaina hau ikusi behar genuenik! Ba zorrotzago arrazoitu eta euskara nagusi izateko bidean jartzen ez badugu, jai daukagu.