Iragan uztailaren 9an, Joxemiel Barandiaran, Ataungo sabioaren arrastoei segika, ehun eta berrogei antzezle, tekniko eta laguntzaile baino gehiagok mimoz eta mamiz aberastutako San Gregoriotik San Martinerainoko ibilbide mitologikoa gozatu eta ederresteko egokiera izan genuen.
Eguzkia bete eta borobil zeruan, autobusak joan-etorrian behinola jentilenak izan ziren lurretan, sagardo freskoa eta txistorra-opil labean egin berriak aho-goxagarri. Eta bi mila begi-belarri baino gehiago historiaren gainean berritutako istorioak azalean tatuatzeko gertu; gertu eta prest.
Eta bat-batean jentilak agertu ziren, eta Mateo Txistu, eta Torto, eta Akerbeltz, eta lamiak eta baita Etsai ere, aurten lehenengoz, Etsai, lagun berriak egitera. Ekitaldiz ekitaldi, geltokiz geltoki, hitz, doinu eta dantza artean, goxo eraman gintuzten suzi eta argiontziz printzatutako erreka-ondoan barrena.
Eta gau-erdiarekin batera, Euskal Herriko bazter guztietatik inguratutako haur, nerabe, gazte eta helduek txalo jo genien etxean, eskolan nahiz kalean belaunaldiz belaunaldi biziberritutako kontu eta kantuei ahotsa jarri zietenei, txalo hain harrera goxoa egin zigutenei, soinuaz eta argiztapenaz arduratu zirenei, bidean lagun egin zigutenei.
Txalo Atauni, txalo herri oso bati, txalo Jentilen Etorrera eta Gau Mitologikoa bezalako ekimenekin, iragana oraineraino erakartzen duzuenoi, txalo une oro, iraunkortasunez, zuen arima eta ADNa kondaira eta legenda ederrez ongarritzen eta elikatzen ari zaretenoi.
Bidea ibilian egiten duen herria zara zu, Ataun, altxorrak lur azpian gabe, lurrazalean gordetzeko ahaleginean bizi dena.
Dabilen herriari ez zaio goroldiorik itsasten. Eskerrik asko eta bejondeizula, Ataun!
–Ekaitz Goikoetxea, Irati Goikoetxea (Beasain).