Biktimak, gudariak
36ko Gerran hildako zegamarrei eta haien aitortzari buruz, Angel Irigorasek bidalitako idatzia.
Irailean, Gipuzkoako hainbat herritan (Donostia, Lezo, Irun, Hondarribia Oiartzun, Elgoibar…), 1936ko estatu kolpearen ondorioz sortutako gertaerak eta biktimak oroitzeko hainbat ekimen eraman dituzte aurrera. Irail honetan, 85 urte betetzen dira, 22an Eugenio Etxeberria, Tolosan hil zutela, 23an Zelestino Azurmendi, Urretxun, eta 24an Gregorio Sarasola Ormaiztegin tiroz hil zituztela. 1937ko apirilaren 4an Gregorio Arizkorreta gudari-milizianoa hil zuten Otxandioko frentean; berdin, 1944ko urriaren 25ean (X) Sanchez Cordero, makia, tiroz hil zuten Aratz mendian eta Zegaman lurperatu zuten. 1936. urteko estatu kolpearen ondorioz tiroz hildako bost hauek, oraindik ofizialki,
85 urte geroago, biktima bezala errekonozitu gabe dauzka Zegamako Udalak, nahiz eta bai izan diren errekonozituak edo oroituak, esaterako, Legazpi, Tolosa edo Olaztiko udaletan. Berdin, errekonozituak daude Eusko Jaurlaritzan, Nafarroako Gobernuan, Gogoran, Euskal Memorian, Aranzadin… Hurrengo urtean aurreikusita dago Aranzadi Zientzia elkarteak, Zegaman, estatu kolpearen ondorioak aztertu ondoren liburu batean kaleratzea. Esperantza dugu, datorren urtean, 86 urte geroago, udalak ere onartu beharko duela senideok hainbat aldiz aurkeztu eta eskatu dieguna, egia zela, gure senide eta herritar hauek ere biktimak direla. Bereziki 15 urte luze hauetan onartu ez digutena ezin izango dute ezkutatu; gure senideak ere biktimak, gudariak… izan zirela, nahiz senide batzuentzat berandu izango den 86 urte atzeratu izan duten errekonozimendua, dagoeneko gure artean ez daudelako. Bitartean, memoriaren bidean, egia helburu, biktima guztientzat, eskubide berberak.
Agur eta ohore, herritar eta senideok gogoan zaituztegu!