Garraio publikoaren gainbehera Goierrin
Urtero bezala, mugikortasun jasangarriaren astea dela-eta, erakundeetatik garraio publikoa erabiltzearen aldeko mezuak entzungo ditugu. Hitz horiek ordea, errealitatearekin talka egingo dute, aurten, inoiz baino gehiago.
Garai batean Beasaindik, Iruñera eta Bilbora autobusez zuzenean joateko aukera zegoen eta Gasteizera joan etorria egiteko tren bat ere bazagoen ‘lehendakari’ bezala ezaguna zena. Gutxinaka, eskualdeko eta Euskal Herriko hiriburuen artean zeuden zerbitzu zuzenak kentzen joan dira, eta honen ondorioz, Goierri, garraio publikoari dagokionez, isolatuta geratu da.
Goierriko eskualdea Donostiarekin lotzeko trena erabili izan da, baina trenak ematen zuen zerbitzua izugarri okertu da azken aldian, bere erabilgarritasuna erabat galdu arte. Maiatzeko azken murrizketek, trenen maiztasunak asko gutxitu dituzte eta tren erdi-zuzenak kendu dituzte. Honen ondorioz, egunero Donostiara ikastera edo lanera joateko garraio publikoa erabiltzen genuen pertsona askok alternatibarik gabe gelditu gara.
Gure ordezkari politikoen pasibotasuna ikusita, Ikasle eta guraso talde batek autobus pribatu bat antolatu du ikasleek Donostiako unibertsitateetara joan etorriak egin ahal izateko. Zoriontzekoa da egin duten lana eta lortu duten emaitza, baina honek ezin du izan epe luzerako soluzioa. Asko gara Donostiako mendebalde horretan ikasi eta lan egiten dugun goierritarrak eta asko, garraio publikoa erabiliko genukeenak, horretarako aukera erreal bat egongo balitz.
Egoera honi irtenbidea emateko Beasain eta Ordiziatik Donostiara zuzenean joateko Lurraldebus-eko zerbitzua behar dugu, Mugi txartela erabiliz, Goierriko beste herrietatik garraio aldaketa ahalbidetuko duena.
Bitartean, jasangarritasuna eta aldaketa klimatikoaren inguruan hitz polit asko entzun beharko ditugu, baina hitz horiek ekintzetan gauzatu ezean, kotxea hartu eta N-1 errepidea kolapsatzen eta CO2-a neurri gabe isurtzen jarraitu beharko dugu tamalez.