Gipuzkoako parke naturalen egunak
Gipuzkoako parke naturalen egunak Gipuzkoako Aldundiak legealdi honetan parke naturalak balioan jarri nahi dituela dirudi. Maiatza-ekaina bitartean Aiako Harria, Aizkorri-Aratz, Pagoeta eta Aralar natur parkeen egunak antolatu ditu.
Hasiera batean berri ona dirudi honek. Izan ere, parke naturalak izendatu zirenetik arduragabekeria galanta erakutsi dute babestutako eremu hauen ardura duten administrazioek: Jaurlaritzak batetik, ez duelako jakin izan babestutako eremuentzako lege-markoa gure lurralderako garatzen; eta bestetik, Aldundiak, ez dutelako elkarlanerako inolako borondaterik erakutsi legedi horien baitako kudeaketa-planak kudeatzeko. Oraindik gaur, parke naturalek ez dute kudeaketa-tresna bateraturik. Bestalde, parke bakoitzak bere patronatuak ditu, legez aitortutako kudeaketa organoak, eta parkeak izendatu zirenetik urtean behin ere ez dira bildu.
Berriki, Donostiako foru jauregian Aldundiko Lurralde Oreka berdea saileko Diputatuak eta Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendariak Gipuzkoako parke naturalen sarea osatzen duten udalerrietako alkateekin egindako agerraldian esandakoa da: «harmonian eta lurralde-oreka berdea bermatuz gure ingurunea ezagutu, maitatu eta zaintzea» dela parkeen egunaren helburua.
Gure ingurunea baina, berdea izanagatik, ez da naturala eta ez dago harmonian biodibertsitatearekin, ezta parke naturaletan ere! Eta ez otsoari lekua egin nahi ez zaiolako, edota basurdeak etxe atarietara iritsi direlako; baizik eta babestutako eremuetan ere, Aldundiak egurgintza, abeltzaintza edota erabilera publikoa lehenesten dituelako. Biodibertsitatearen azterketarako, zaintzarako edo berreskurapenerako ez dago ez estrategiarik eta ezta aurrekonturik ere.
Tristura honen erdian baina, argi pittin bat ikusten hasi gara legealdi honetan. Aldundiak agindu du hemendik aurrera Patronatu guztiak gutxienez urtean bi aldiz biltzeko deialdia egingo duela eta azken hilabeteotan egin dira urte hasierako bilerak. Baina, bilera horietara eramandako egitasmoetan ez dago inolako berrikuntzarik.
Natura eta biodibertsitatea helburu ditugunok ere maite ditugu abereak, larreak nahi ditugu mendietan. Hori nekazaritza sailaren alorra da; Aralar edota Aizkorri-Aratz parke naturaletan, partzuergoena hurrenez hurren.
Bada, zer da Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendaritzak ospatu nahi duena Gipuzkoako natur parkeen egunetan? Naturkonen parte garenok ere ospatu nahi ditugu egun horiek, baina ez dugu arrazoirik ikusten.