Handienekin batera ikasiz
Jon Aizpuru (EHM probako parte-hartzailea)
“Aurten goierritarrok emaitza onak lortu ditugu. Somatzen da eskualdeko maila urtetik urtera goraka doala” “Kilometro asko Imanol Alesonekin egiteko aukera izan dut, eta asko ikasteko balio izan dit”Lasterketaren gainontzeko ohorezko postuen lehian genbiltzanok hortxe ibili ginen, ordubete baino gutxiagoko tartean, lasterketaren zatirik handienean. Egia esan, lehia aldetik momentu interesgarriena Etzegaratetik aurrerakoa izaten da. Orduan ikusten da ondo baino hobeto nork kudeatu duen lasterketa behar bezala, eta nork ez horren ondo. Indarrez denok iristen gara justu, eta buruz ondo iristea oso garrantzitsua da. Esan daiteke, Etzegaratetik aurrera buruz freskoen eta gogotsuen iristen denak egiten duela aurrera postuetan, eta justuago iristen denak, postuak mantendu edo galdu egiten dituela. Hor dago, nire ustez, lasterketa honen gakoetako bat. Nik neuk ere horrela planteatu nuen aurtengo proba. Hasieran garrantzitsua izaten da taldetxo bat bilatu eta elkarren babesean joatea, batez ere gaueko partean. Etzegaratetik aurrera hasten da benetako lehia. Kilometro asko Imanol Alesonekin batera egiteko aukera izan dut aurten, eta asko ikasteko balio izan dit. Adur Mendizabalekin podiumeko postuetan izandako lehiari esker, berriz, gehiago estutu behar izan nuen, eta horri esker atera nion laugarren sailkatuari aldea. Hori dela eta, bi korrikalari handi horiei eskerrak eman nahi dizkiet, asko ikasi baitut biengandik. Amaitzeko, beste behin, aukera hau baliatu nahiko nuke Ehunmilak lasterketa egi bihurtzen laguntzen duzuen guztioi (antolatzaile, laguntzaile, babesle eta bolondresei) eskerrak emateko. Eskerrak ere lasterketa mendian, kalean zein Internet bidez jarraitu duzuen guztioi. Mila esker eta hurrenarte!