Izanaren izarra, non?
Harrigarri gertatzen zait komunikabideak, egun, jendea lilurakeriaz nola nahasten saiatzen diren. Bada interes berezirik bonbardaketa mediatikoaz gizabanako ororen iritzia isilarazteko. Garbi dago ...
Harrigarri gertatzen zait komunikabideak, egun, jendea lilurakeriaz nola nahasten saiatzen diren. Bada interes berezirik bonbardaketa mediatikoaz gizabanako ororen iritzia isilarazteko. Garbi dago ez digutela pentsatzen ikusi nahi, izan ere, pentsatzeak berak ezbaia sortzeaz gain, irudimena eta sormena lantzen jar dezake gizakia, eta asko sentitzen direnen interesetarako premiazko ariketa hori arriskutsua izaten da.
Joxan Artzek bere olerki batean dion bezala, «Egun, zernahitarako, jo ta hautsi, /su ta erre, hausteko eta erretzeko/badago ausarkeriarik, erruz, sobera… ausarkeriarik bai, baina ez ausardiarik /nork bere bidea, /bere berea duen bide xumea /ttapa-ttapa azken muturreraino egiteko;» neuk ere horrela pentsatzen dut nahi gaituztela, ausarkeriaz beteta, hau eta hura esateko, gure artean borrokatzeko, nahastuak zein bananduak izateko, sortzen ditugun sesio, liskar eta bestelakoen aitzakia dela eta, kontrolaren morrontza ezartzeko, alegia, izua aipatu eta balizko arriskuak sortuz kontrola gero eta estuago egiteko. Zein abilak diren!
Beldurraren ezinak eta ezinaren beldurrak hain maite dute elkar, oinarri ahulekoak badira ere, beroietaz baliatzen direla pertsona askotxo haien boterea areagotzeko. Gezurra, iraina, azalkeria hain dira nabarmenak guztiok honako jokoa errenta ez dela jakin arren, itsukeriaren itsukeriaz morroi izaten jarraitu nahi dugula, ezinaren morroi makur, behin eta berriz, ez garena izanez, ezintasuna bidelagun hartuz, aske garenaren aldarrikapena eginez, eta gure kaiolatxoetan gure buruak kondenatuz.
Artzek dion bidea egitea ez da erraza, ausardia eskatzen du, baina ez lau haizetara ausardia ezagutarazteko, baizik eta isilik, munduratu ginenetik, sortzeko eta izateko emana izan zaigun talentuaren aurkikuntza eginez. Gezurra dirudi, baina gure barruak arakatuta eta barnera gehixeago begiratuta, izateko jaioak garela ohartuko ginateke, eta izateko modu bakarra, atsegin biziz, grinez eta gogobiziz egiten duguna eginez bakarrik lor genezake. Hargatik, geuk elikatzen dugun sistemak behar gaitu, ez izateko, ez sortzeko, ez pentsatzeko, tentel hutsak izanez txontxongilo bilakatzeko.
Zer egin? Zeri ekin? Hori da norberak bakarrik egin beharreko bidea, hau da, sortze-bidean bakoitzak bihotza gidari duela bide horrexen taupak sentitu, maite den huraxe zaindu, besarkatu, magaldu, norberaren pentsaeraz, egite onez bakarrik egiten dakiena egiazki, taxuz eginez, ez beste inork, ez estatuak, alderdiak, komunikabideek diotenaren katera makurtuz, norberak bakarrik, Artzek dion bezala, tapa-tapa bide eginez, eta bidean topatutako beste bidariekin esperientziak eta bizipenak partekatuz, haiekin ikasiz, sentituz, maitatuz, elkar hartuz. Hor dago herrigintza, auzolana, mundua eta unibertsoa, ez gehiago, eta bakoitzak, bere eremuan maite duena, zinez barrutik izanarazten duen huraxe egiten jardungo ba-lu, beste kuku batek joko liguke.
Izanak bere izarra du eta izar hori ez dago urruneko esperantza itsuetan, ez, aipaturiko izarra bihotzean dago, eta maite eta sentitzen duzun horretan aurkituko duzu, gainera, gogobiziz bizi duzunaren jakile bakarra zu zarenez, zeuk egin beharreko bidea izango da. Biziak bere zentzu osoa hartzen du maite duzuna topatzen duzunean, hain zuzen, maite duzun hark egiten baitzaitu Biziaren maitale, maitasunez bizi baituzu zaren hori.
Beraz, zertan zabiltza? Egin zaitez zure izarraren astronomo, aurkitzaile, bestela, asto+nomo izaten jarraituko duzu. Zure izarra ezagutuz, haren garra bizituz pozik egongo zara, ingurukoak ere poztuko dituzu, eta zeu zeurean izanez, sortuz, imajinatuz, inguruak ere eraldaketa horren bilakaera izango du.
Arakatu zuregan, ikus zure bi-hotzak zer esaten dizun, aztertu zure barrua, ez etsi, eutsi premiazko jardunbide eder horretan, urte honek berea emango du, azkenetan da, eta hurrengo urtea lehertzear dago, zuhaitzetako kimuak bezala. Izan eta bizi, sentitu zure taupak bizikiro lehertzen, zu zaren bizia kimutzen, eta gogoratu, maitatzeko ausardia zinez baduzu, lortuko duzu zure helburua, ziur. Mentura horretan zorte on, eta jaso, aldez aurretik, besarkada estua.