Juan Joxe Agirreri gutun irekia
Kaixo, Juan Joxe. Lazkaoko ezker abertzaleko egungo kideak gaituzu. Joan den ostiraleko [urriaren 18ko] omenaldiaren aje emozionala gainditu ezinda egongo zara oraindik, eta gure hitzak ere gozagarri izan ditzazula. Aurrekoan aurrez aurre eman genizkizun eskerrak eta zorionak nahikotzat hartuko zenituen, beharbada, zuk; gu, ordea, jendaurrean, publikoki, eman ezindako penaz geratu ginen, eta horixe kitatzera gatoz, lehenik. Gainera, zure baimenarekin, lerro pare bat gehitu nahi diogu gure mezuari, faltan sumatu genuen eta.
Goxo hartu gintuzun atarian, eta goxo hartu gintuzuen guretzat beti ateak irekita izan dituen zuen komunitatean. Ostiralean, zeu, Errupin eta Sekundino izan zintuztegun harreragile, eta hiruroi agertu nahi dizuegu gure esker ona. Egindako harrerak ez ezik, urte luze eta zailetan zuengandik jaso dugun hurbiltasunak eta kidetasunak ere merezi dute gure esker ona. Bai, nola ahaztu gure gizartean estatutua bai/ez eztabaida gordinenean zela zuen elizan bi igandetan izan zen eztabaida. Horren aurretik, abertzaleon artean ezkerrekoon eta eskuinekoen arteko bereizketarik ez zen garaian, gure herriaren eta hizkuntzaren biziraupenean gako izan diren proiektu eredugarrien habia edo ezinbesteko babesle izan zarete; Goierriko Euskal Eskolaz eta ikastolaz ari naiz, jakina.
Zeure-zeure meritutzat har dezakezu egindako bilduma-lana, horretan berezitu baitzinen. Dokumentuak jaso, sailkatu eta gorde dituzu, gordetzea hain garrantzitsu zen garaian. Segur aski, gaur hasi behar bazenu lan horretan, ez zinateke hasiko, apenas ematen baitzaio gaur garrantzirik ezer hodeitik kanpo gordetzeari. Zer pentsatua ematen du. Ez dakigu gizarte bezala nahikoa galduta ez ote gabiltzan. Sortuko ahal da berriz ere gurean zuk adinako buru-argitasuna, lanerako borondatea, kemena eta ekimena duenik. Denaren beharra dugulakoan gaude.
Izan ere, batzu-batzuengan ikusten duguna zera da: egindakoaz harrotasuna (eta ez diegu motiborik ukatuko) eta gogobetetasuna. Bertan goxo eginda, ordea, nekez eramango ditugu herri hau eta hizkuntza hau dagokien lekura. Asko da egindakoa; gehiago egin beharrekoa. Ez gara larre gozoan ari bertan goxo egiteko, oso traktore indartsuak darabiltzan soroan ari gara laian; bai, laian, golderik ere ez dugu eskuratu oraindik.
Berriro gure esker ona agertu nahi dizugu egindako lan eskergagatik. Jaso zenuen hainbeste esker onen artean zeren falta sumatu genuen ere adieraziko dizugu, eta gure aldetik hutsune hori betetzeko zer egiteko prest gauden ere bai. Etorkizunerako konpromiso falta sumatu genuen: artxiboko teknikariak izan ezik, inork ez zuen bere gain hartu zure bidetik jarraitzeko konpromisorik, dituzten ardurek hala eskatzen badute ere. Bada guk zure bideari jarraituko diogula hitz ematen dizugu. Eskerrik asko.