LAB sindikatuaren jarrera jubilatuekiko
Idatzi hau sinatzen dugunok LAB Sindikatuaren afiliatuak eta delegatuak izan gara urte luzez. LABen sorrera ezagutu izan dugu eta 50 urte betetzera doan honetan, LABen parte izaten jarraitzen dugula harro esan dezakegu.
LABek ez ditu bere sorreratik dituen helburuak aldatu; justizia soziala, langile klasearen defentsa interes propioen eta diruaren gainetik jartzea… LABeko kide izan diren batzuk, ordea, printzipio hauek ahaztu dituztela dirudi, taldean eraiki dugunaren aurka joz.
Geroa kaltetuak plataformako kideak, idatzi hau sinatzen dugunok bezala, herritarren gehiengo zabalak baino soldata handiagoa izatearen ondorioz, bizitza laboralean zehar Geroan diru ekarpen handia egitera iritsi gara. Gainera, Geroaren errentagarritasunaren laguntzarekin, bertan pilatu dugun diru kopurua asko hazi da. Behin jubilatuta, gaur-gaurkoz, 49.680 eurotik gora metatua dutenek, ezin dute dirua kolpean erreskatatu. Diru hori hilero 230 euro inguruko pentsio osagarri bezala ezartzen zaigu.
Kaltetuak gara gu? Izan ditugun soldaten ondorio, pentsioak ere topeetan kobratzen ari garenak (2500-3100 euro gordin inguru) eta ondoren 230 euro inguruko pentsio osagarri bat jasotzen dugunak?
Jendeak jakin behar du Geroa kaltetuak plataformako kideak beren burua kaltetua dela diotenean, zein den atzean dagoen errealitatea. Sekulako indarra jartzen dute beren aldarrikapenetan, kaltetuak direla, sindikatuak errudunak direla… Hori gutxi balitz, sindikalistak seinalatu eta langile borroka oztopatzera ere iritsi dira. Zer ezkutatzen da honen guztiaren atzean? Zeinek du benetan sindikatuen aurka horren irmo ekiteko interesa? Ez al duzue ikusten langile klasearen arteko zatiketa bilatzeko interesa dagoela honen atzetik?
Gure ustez, benetako kaltetuak hilabete bukaerara iritsi ezin direnak dira, bizi osoan lan egin eta pentsiorik izateko eskubiderik ez duten emakumeak…. 1080 eurora iristen ez direnak. Horiek dira benetako kaltetuak eta LAB beraiekin batera eskubideen aldeko borrokan ari da.
Poz handiz esan dezakegu LAB sortzen lagundu genuela, hazten eta ahal genuen moduan hezten ere bai, eta aurrerantzean etorkizun oparoa duela ziur gaudela.