Lazkaoko Udalak Mercadona, lege guztien gainetik
Joxemai Ormazabal, Lazkaoko EHBildu udal taldearen bozeramaileak bidalitako gutuna, Lazkaoko Udalak Mercadonari emandako obra baimenaren kontrako argudioak azalduz.
Dendartean elkarteak Berriro Aztertzeko Errekurtsoa aurkeztu du Lazkaoko Udalak Mercadonari emandako obra- eta jarduera-lizentzia ilegalengatikoa.
Dendartean Gipuzkoako merkatari, ostalari, zerbitzu-enpresa eta autonomo-elkarteen taldea da. Bere burua Mercadonari emandako lizentzietan interesduntzat aitorturik, horiek emateko Lazkaoko Udalak zer lege-urratze egin dituen adierazi eta berriro aztertzeko eskaera egin dio, baliogabeak direla irizten dionez.
Lurzorua ez da hiri-lurzoru finkatua. Beraz, obra- eta jarduera-lizentziak eman aurretik, kudeaketa- proiektua eta urbanizazio-proiektua garatu behar dira.
Jarduketaren hegoaldeko sarbidea herri-jabarikoa da eta izapidetzeko dago. Hori dela eta, ezin da lur-zati eraikigarritzat hartu. Gaur gaurkoz, Hiribarren 38ko lur-zorua ez da ez orube eta ez lur-zati eraikigarri. Besteak beste, hirigintzari dagozkion hainbat kontzeptu kalkulatzea falta da, eta, jakina, hori guztia jendaurrean argitaratu beharko litzateke.
Hegoaldeko sarbide hori, gainera, Mercadonaren jabetzakoa izango litzateke eta erabilera publikokoa. Lazkaoko Arau Subsidiarioek diote lurzorua jabari publikora pasa behar dela urbanizatu aurretik.
Industrialdeetan 5. kategoriako merkataritza jarduerak (2.000 metro koadrotik gorako saltokiak) jarri ahal dira, 2018an osoko bilkurak aho batez onartu zuen Hirigintza Arau Orokorren Aldaketa Puntual batengatik. Horrek, ordea, Lazkaoko Udalari hirigunean sor ditzakeen eraginen neurketa egitea eskatzen dio. Ez da egin horrelakorik. Halaber, aparkaleku-kopuru jakin bat eskatzen dio, eta dagozkion baino gutxiago sortuko ditu. Lazkaoko Udala arbitrariotasunean erortzen da Mercadonari dagozkion aparkalekuak sortzea eskatzen ez dionean.
Merkataritza-establezimendu handien beste betebehar bat Eusko Jaurlaritzaren Merkataritza Sailaren onespena lortzea da. Espedientean irakur daiteke eskatu egin dela, baina onespenik ez dela jaso. Horrek ere udalak lizentziak ematea eragozten du.
Soinu-inpaktuaren azterketarik (SIA) ere ez da egin. Eraikinaren isolamendu akustikoa ez neurtu izanak ere lizentzia ematea eragozten du.
Sei argudio horietako bakoitza nahikoa zuen udalak bi lizentziak ukatzeko, baina ez, eman egin behar zizkion. EH Bilduren arrazoiketari muzin egin, herriko merkatari eta ostalarien iritzi eta protestei kasu zipitzik egin ez eta eman egin behar zituen lizentziak. Sikiera alfonbra gorria gurean irun balute!