Mubizing kongresua eta euskara
Mubizing, mugikortasun eta energia kongresua izan berri da Beasainen, eta ekitaldi horretan izan nintzen joan den ostiralean. Antolakuntzak ez zuen aitzakiarik; sarrera dotorea euskaraz, guztia ongi zaindua. Lan handia ikus zitekeen horren guztiaren atzean: estandak txukun, jendea azalpenak emateko prest… ezin hobeto, esan liteke.
Hiru mahai-inguru eta hitzaldi zeuden antolatuta, eta haietatik bitan izan nintzen. Lehena, lau hizlariren esperientzien azalpena, ederra, baina gaztelania hutsean, nahiz eta hizlarien artean euskaldunak ere baziren.
Hirugarren eta azken saioan, aretoa Goierri eskolako ikaslez beteta zegoela, Eun Groupeko pertsona- eta finantza-arduradunak hartu zuen hitza, gaztelaniaz hark ere.
Ekitaldia Beasainen zen, entzule gehienok euskaldunak ginen, hizlari asko ere bai. Zer baldintza gehiago behar da halakoak euskaraz egiteko? Zer mezu ematen diegu ikasleei, lan-munduan euskararik ez dela? Zergatik ditugu halako konplexuak euskaraz aritzeko?