Soldata eraldatzailea, goierritarron erronka
Garai latzak datoz; ezinbestean gure onena ematea eskatuko diguten garaiak. Ate joka ditugun erronkei, ezingo diegu egoera honetara ekarri gaituzten neurri berdinekin erantzun. Errora jo, eta epe luzerako begiradarekin, denontzat etorkizun bizigarria eraikitzeko pausoak ematea dagokigu. Bide luzea dugu aurretik, ibilian egin beharreko bidea.
Goierriko kooperatiba zein sektore publikoko langileek eta lurraldean sustraituta dauden enpresa pribatuetakoek, gure eskuetan dugu aurrera pauso garrantzitsu bat emateko aukera. Demagun aurrez aipatutako sektore guzti horietako langileok erabakitzen dugula, gure soldataren %10a bizitzarako ezinbestekoak diren zerbitzuen bidez jasotzea (elikadura, zaintza, energia…) eta ez dirutan.
Zerbitzu horiek asetzeko, eskualdean bertan antolatutako sare kooperatibo eraldatzaileak (demokratikoak, jasangarriak, lurraldetuak…) lehenetsiko genituzke. Azken urteetan sortu diren proiektuekin elkarlanean, euren esperientzia gure eginez, baina ezinbestean, eskariari erantzuteko adinako proiektu berriak sortuz. Jakinda, proiektu horiek zerbitzu hori eskaintzearren irabazirik balute, ekimen eraldatzaile berriak sortzeko erabiliko liratekeela. Pixkanaka, bizitzarako oinarrizkoak diren sektore ekonomikoak, merkatutik (eta beraz bere logikatik) kanpoko zirkuitu ekonomiko kooperatibo-komunitario baten bidez antolatuz.
Apustu horrek agerian utziko luke, orain arte eraikitako alternatiben txikitasuna. Baina aldi berean erronka itzela jarriko liguke eskualde gisa. Ezinbestean erantzun publiko, kooperatibo eta komunitarioa beharko lukeen erronka. Herri erronka.
Soldata eraldatzailea ezartzeak zenbat lanpostu sortuko lituzke? Herri gisa, sektore estrategikoetan burujabetzaren bidean pausoak emateko balioko liguke? Gure artean dugun larrialdi klimatikoari aurre egiten lagunduko liguke?
Hasiko al gara Goierritik galdera horiei praktikan erantzuten? Sortu dezagun Euskal Herrirako eredu bat. Ekin diezaiogun bideari.