Trans Zikloa
Maddi Imaz beasaindarrak Trans Zikloaren sorreraren eta udalarekin izandako gorabeheren inguruan bidalitako idatzia.
2017. urtea. Trans zikloaren lehen urtea. Gazte talde anitz bat elkartu ginen garai horretan sexu eta genero aniztasunaren inguruan aurkitzen ziren gizarteko hutsune zein aurreiritziei irtenbide bat eta LGTBI+ kolektiboari babesa emateko asmoz.
Lehen bilerak hasi zirenean, nondik norakoak zehaztea kostatu zitzaigun, gogotsu eta indar biziz aurkitzen baikinen eta ideia zaparrada izugarria izan baitzen. Eta gutxinaka, hortxe hasi ginen hariak ehuntzen.
Beasaingo herri mailan finkatu genuen ekiteko jomuga, eta zenbait ekimen egitea bururatu zitzaigun: bankuak margotu, koloreetako zebrabideak, plaza azpiko posteak margotu… Orduan, Goierriko Zubiako kide batek orduan alkatea zen Aitor Aldasororengana jo zuen, bilera batean proposamenak eskainiz. Orokorrean kexak ziren gehienak, beste proposamen bat egiteko eta pare bat buelta emateko azaldu zitzaion kide honi (zebrabidea margotzeko adibidez, DGTk onartu behar duela eta horrelakoak…)
Ez genuen etsi eta trans zikloaren ideia burutu zitzaigun. Berriro ere udalera jo genuen, eta orduan, berdintasun zinegotzi zen Irma Arnaizekin harremanetan jarri ginen. Honek, esku zabalik hartzeaz gain, milaka ideia proposatu zituen. Gainera, udaleko beste talde politikoak kontuan hartu zituen horrelako proiektu baten aurrean indarrak batzea, banatzea baino garrantzitsuagoa delako. Ekaitz Goikoetxeak ere ez zuen bertaratzeko aukera galdu eta hasiera hasieratik proiektuarekin bat egin eta bere ideia guztiak mahai gainean jarri zituen.
Hor eman zen trans zikloaren sorrera. Talde politiko zein Goierriko zubiako kideak sexu eta genero aniztasun eskubidearengatik borrokan. Ilusioa, indarra eta poza.
Urteak igaro ahala, trans zikloa urtez urte mamitzen joan den dinamika eta proiektu zoragarri bat bihurtu da, hauteskunde berriak iritsi ziren arte.
Duela hiru urte 2019. urtean, udal gobernua aldatu zenean, trans zikloaren inguruko gorabeherak jasotzen hasi ginen, EAJ talde politikoaren partetik.
Ikastetxeetan beti eman izan genituen hitzaldiak ematea gure esku ez zegoela esanez hasi ziren, udaletxetik ikastetxeetara proposamenik egin ez zitekeela. Kide bat hezkuntza sailarekin harremanetan jarri eta hori gezurra zela ohartu zen arte.
Trabak traba, aurrera jarraitu genuen, ekimenari toki eginez eta trans zikloa burutuz.
Gero, pandemia iritsi zen.
Behin hau baretu ahala, 2021. urtean berriro ere dinamika honi heldu genion, 4. trans zikloa antolatzeko asmoz. Eta berriro ere, harridura eta pena zen gurean. Hasteko, trans zikloa sortu genuen kideak kontuan izan gabe ekimen ezberdinak lotu zituztelako (zinegoak adibidez. Ez dut esan nahi gaizki dagoenik, baina jarduteko modua ez da egokia).
Jarraitzeko, EAJak ez zituen udaletxearen parte diren beste talde politikoak (PSOE, Ehbildu) kontuan izan nahi, ez eta herriko talde feminista, nahiz eta aintzindari izan garenok eskatu izan.
Orduan, bilera bat deitu genuen talde politiko guztiak, zein herriko talde feminista eta asmube barne hartzen zituena. EAJ ez zen azaldu ere egin.
Guztion artean, egitarau bat osatu genuen eta berriro ere trabak izan genituen, udal gobernuak, zenbait ekintza atzera bota baitzituzten. Bilera horretan aniztasun batean eta adostasunez landutakoa pikutara bidaliz.
Ondoren, prentsaurrekoa emateko garaia iritsi zen, eta posta bitartezko mezu batean garbi utzi zuten beste talde politikoak, zein herriko talde feminista agertzerik nahi ez zutela. Behin eta berriz esan zitzaien trans zikloaren jarduna ez zela horrela burutzen, aniztasuna defendatzen dugun une beretik, hau ere aniztasunean burutu behar zela.
Gure iritzia, zein nahia, eta beti jarduteko moduak ez zitzaien axola izan, beraiek buruan zuten hori aurrera eramatea besterik ez baitzuten begi artean.
Gaur 2022 urtean, ez dugu trans zikloan parte hartu. Kideetako batekin harremanetan jarri zen EAJ, Maddi Imaz, ni neu, trans zikloko aintzindarietako bat kontuan izan gabe. Azkenean, trans zikloa bertan behera uzteko hautua hartzen dugu, horrela jokatzen duen udal baten gobernantzaren azpian ezer egiteko aukerarik ez dugulako, eta guretzako anitza, bateratua eta zoragarria zen ibilbidea deuseztatzen dela ikusi dugulako.
Gaur (2022/06/10) V. TRANS ZIKLOAREN aurkezpen prentsaurrekoa ikusi dut hitzan. Hain geurea eta herriarena zen hori, bereganatu dute, proiektu honi eman genion izen eta maitasun guztia bere eginez.
Pena, tristura eta amorrua da orain sentitzen dudana.