Zegaman hegan
Zegama-Aizkorri lasterketa berezia eta hunkigarria dela esatea motz geratzea da. Lasterketa bakarra eta errepikaezina da, mendizale edo mendi lasterkari orok parte hartu nahiko lukeena. Horregatik, parte hartu dudan edizio guztietan lehenengoa edo azkena balira bezela lastertu ditut. Topera!
Kronoa 5:37 orduan gelditu dut, eta oso pozik nago. Beroak lasterketa gogortu du, eta gauean botaka arituagatik (urduritasunagatik edo), are gehiago.
Bezperako gauak beldurra,urduritasuna eta segurtasun eza sorrarazi dizkit. Izan ere, halako lasterketa mota batean gorputza %100ean eduki beharra dago.
Irteera unean oilo-ipurdia eta emozioa sentitu dut. Abestiak eta atzera kontaketak asko hunkitzen naute! Hasi da festa! Bihotz taupadak topera eta gogoz gainezka nago. Azken begirada Joni eskaini diot; ondo daki zenbat ilusio jartzen dudan lasterketa honetan eta bezperako gaua nolakoa izan den. Hatza altxatuz, guztia ondo joango dela adierazi dit. Zenbat zor diodan…
Lasai irten naiz, erritmo erosoan. Gorputza nahiz hankak ondo sentitu ditut. Ondo noa! Otsaurten erritmoa igotzen hasi naiz. Igo bai, baina Aratz bidean karranpak hasi zaizkit. Beroa handia da. Uf! Infernua dirudi!
Santiespirituko igoera deskribaezina izan da, ezin adierazi bizitakoa: sekulako zarata, jendetza, oihuak. Negarrari ezin diot eutsi, eta jendetzaren indarrak hegoak eman dizkit.
Aizkorrira igotzen erritmoa pixka bat moteldu dut. Nekea sumatu dut berriz; egarri naiz, beroa… Hala ere, berehala errekuperatu naiz txalo zaparradekin. Kemena eman didate, eta asko hunkitu naiz berriro. Itzela da bizitzen ari garena, Aizkorri ikuslez lepo dago: garrasiak, animoak, oihuak… Ikaragarria da. Hau Zegama da!
Urbira indartsu heldu naiz, eta oñatiarrek sekulako txutea eman didate. Nola bultzatu nauten, zela oihukatu duten nire izena… Andraitz eroso igo dut. Guztia borobil doa! Jaitsierarako indarra badut, nahiz eta bero itzelarekin jarraitzen dudan. Anoa-postu guztietan edan dut ura, baita goputzera bota ere.
Zegamara iristea esplikaezina da. Subidoi itzela! Zain ditut gurasoak, legeak (aita-amaginarrebak), eta Jon eta printzesatxoak. Printzesatxoei eskuetatik helduta zeharkatu dut helmuga. Aitona-amonak eta osaba gogoan ditut. Ziur harro daudela! Erabat zoriontsu naiz!
Mila esker antolakuntzari eta boluntarioei, izugarria baita zuen lana. Eskerrik asko Zegamari eta zegamarrei (ohorea da han jaioa izatea). Mila esker Goierri Garaiko taldekideei, nire sherpei. Eskerrik asko bihotzez lagunei eta batez ere milaka ikusleei, zuek egiten duzuelako handi eta berezi Zegama!
Nire printzesatxoei eta nire bizitzako bide-lagun eta gidari den Joni eskaintzen diet.