Zergatik mobilizatuko gara Martxoaren 8an?
Zergatik eta zertarako mobilizatu behar gara? Zein da egun honen benetako zentzua? Feminismoak eta honi lotuta instituzioek erabat bereganatu eta desitxuratu duten ospakizun eguna izatetik urrun, borroka eguna da
Martxoaren 8a ate joka da, eta soma dezakegu urtero bezala emakumeon batasun abstraktuaren, hau da, ahizpatasun unibertsalaren aldarriekin, elkarren zaintzarako deiekin eta bestelakoekin beteko direla kaleak. Aldarri festa horren atzean ordea, erantzunik gabeko hamaika galdera sortzen dira: Zergatik eta zertarako mobilizatu behar gara? Zein da egun honen benetako zentzua? Interes berdinak al ditugu guztiok?
Egun honen zentzua ulertzeko analisi historikoa egitea ezinbestekoa da. Izan ere, feminismoak eta honi lotuta instituzioek erabat bereganatu eta desitxuratu duten ospakizun eguna izatetik urrun, borroka eguna da. Jatorrizko helburua ezagutzeko 1910era egin behar da atzera. Emakume Sozialisten Bigarren Konferentzia Internazionalak Emakume Langileon Nazioarteko Eguna antolatzea erabaki zuen urte horretan. Helburua argia zen: sozialismoa, emakume langileon askapena lortzeko erabaki estrategiko gisara.
Aipatu instituzio burgesek gainera, ez dute inolako borondate errealik berdintasunera bidean. Horren adibide garbia Beasaingo udalak indarkeria matxistari aurre egiteko babes pisua ezartzeari uko egitea edota udaletxeko garbitzaileen urte luzeetako borrokari entzungor egiten jarraitzea. Gainera gogoan izan behar dugu, alderdi instituzionalek izan dezaketen borondatea ez dela nahikoa. Izan ere, alderdi politiko guztiak (eskuinekoak nahiz ezkerrekoak) bankarien eta enpresari handien menpe dauden unetik, beraien menetara egotera behartuta daude. Aipatutako mugak, gainera, are argiago ikus ditzakegu bizi baldintzen okertzea bizitzen ari garen garaiotan, eta ulertu aurpegi zuriketarako tresna soil direla.
Honek agerian uzten du ahizpatasun unibertsalaren izenean abian jartzen diren politika feministekin emakume langileon gaineko zapalkuntzarekin amaitzea ezinezkoa dela.
Hau honela, gure asmoa Martxoaren 8ko hastapenetako helburua berrartzea eta kaleak aldarri horrekin betetzea da. Egun horretan ez ezik urte guztian zehar. Hori horrela, Goierriko Itaiako kideok norabide horretan berresten gara, gaurdanik zapalkuntzen aurka borrokatzeko antolatzen jarraituko dugu, emakume langileon interesak lehen lerroan jarriz eta emakume langilea subjektu politiko bilakatuko duen antolakuntza politikoa gorpuztuz, horren lekuko Ordizian zein Urretxun burutu ditugun jardunaldiak.
Aipatutako guztiagatik, Martxoaren 8an 18:30ean Ordiziako Barrena plazatik abiatuko den mobilizazioan parte hartzera dei egiten dugu.
Emakume langileok askatzeko, sozialismoa eraiki!