Goierriko Hedabideak Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren laguntzaile izango dira
Kooperaziorako lankidetza sinatu dute bi aldeek gaur. EHIGEk informazioa eta materiala emango dizkie Goierriko Hedabideei hauek ahalik eta zabalpen handiena emateko
Goierriko Hedabideak Ordizian ekainaren 2an egingo den Publikoa aI do Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren kolaboratzaile aktiboak izango dira. Gaur sinatu dute hitzarmena, EHIGEren Bilboko egoitzan. Kerman Garralda Zubimendi Goierriko Hedabideetako zuzendariak eta Lourdes Imaz EHIGEko koordinatzaileak eta Iraia Rojo EHIGEko kideak izenpetu dute.
Goierriko Hedabideek (GOIERRIKO HITZA, Goiberri, Otamotz…) euren burua EHIGEri aurkeztu zioten 31. Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren laguntzaileetako bat izateko, festa aurten Goierrin egingo dela baliatuta. Komunikabide taldeak bere kanalak eta ezagutzak antolatzaileen esku jarri ditu mezuei ahalik eta zabalpen handiena emateko. Besteak beste, GOIERRIKO HITZAk gehigarri berezia argitaratuko du maiatzaren 30ean, festaren bezperan. Trukean, EHIGEk informazioa eta materiala emango dio. Materiala Hitzakideen artean zozketatuko da.
Jaia, ekainaren 2an
Euskal Eskola Publikoaren 31. Jaia Ordizian egingo da, ekainaren 2an. “Publikotasuna, inklusioa eta aniztasuna, eta euskara” izango ditu ardatz, antolatzaileen esanetan. Eskola publikoak “orokorrean” eta Ordiziako ikastetxeak “bereziki” “desorekak bideratzeko eta aniztasuna, elkarbizitza, inklusioa, ekitatea eta euskalduntzea modu egokian” lantzeko bidean duen “garrantzia lehen planoan jartzeko jaia” izango da.