Udako argazki lehiaketaren irabazleek jaso dituzte sariak
Joan den osteguneko arrats-iluntzean Beasaingo Nafarroa23 estudioan egin zen sari banaketa ekitaldiarekin amaitu da GOIERRIKO HITZAren Udako XVII. Argazki lehiaketa. Lau irabazleek haien sariak jaso zituzten, eta lehiaketan parte hartu duten 51 argazkien erakusketa ere ikusi ahal izan zuten. Ekitaldia bukatzeko taldeko argazkia atera zuten sarituek, ekitaldira gonbidatutako hainbat partaidek eta HITZAren ordezkariek.
Sari banaketan izan ziren partaideek beraien argazkia jaso zuten paperean. Gainontzeko partaide guztien argazkiak HITZAren Beasaingo bulegoan daude, eta jaso nahiko lukeenak bertatik pasatzea besterik ez luke egin behar.
GOIERRIKO HITZAren lantaldeak eskerrak eman nahi dizkie lehiaketan parte hartu duten argazkizale guztiei, lehiaketa babestu duten entitateei, eta baita Jose Mari Telleria argazkilariari ere.