Joxemiel Barandiaran Herri Ikastetxeak 35 urte
Gaur egungo Ataungo Joxemiel Barandiaran Herri Ikastetxeak 35 urte bete ditu. Duela 10 urte, 25. urtebetetzearen aitzakian egin ziren ospakizunen artean, bertako ikasleek argitaratzen duten Eguzki Berri aldizkarian elkarrizketa bat egin nien orduko irakasle batzuei: 25 urte haietako esperientzia zuzen-zuzenean bizi izan zutenei. 2009 hartan gazteago zirelako orduan irakurri ez zuten ikasleei eta dagoeneko guraso berri ere badirenei eskainia doa orain, baina baita irakurri nahi duen edozeini ere, bitxikeria pranko. Beste 10 urte batu zaizkielako orduko 25 haiei.
ELKARRIZKETA
Joxemiel Barandiaran Herri Ikastetxeak 25 urte
1984-2009
Joxe Begiristain Aizpuruak egindako elkarrizketa
1984ean Joxemiel Barandiaran Herri Ikastetxea inauguratu zenetik 25 urteetan bertan aritu diren 6 irakasleengana jo dugu, Gabillene etxetik Ataungo Eskola berrian kokatu ziren garaiko egoera gogoratzera eta denbora guzti honetako ibilbidea aztertuz, aurrera begirako erronkak sumatu al ditzaketen galdetzera.
Elkarrizketa, Eguzki Berri berezi honetarako egina da, Eskolako Otsoa Irratian grabatua, Tere Dorronsorori esker.
Hona hemen solasean partaide izandako irakasleak:
- Maria Jesus Alvarez Unanua
- Joanixabel Aramendi Arana
- Sagrario Eskisabel Zurutuza
- Jexux Goikoetxea Etxeberria
- Mari Karmen Iztueta Jauregi
- Begoña Munduate Aierdi
Zortzi galdera ireki egin dizkiegu eta erantzunak, norberak nahi zuenean txanda hartuz irakasleek mahai inguruan esandako guztien laburpenak dira.
1.- Gabilleneko oroitzapenak: lekua, prefabrikatuak, ikasleak, Anita sukaldaria, irakasleak…
– Gabillene etxea oso zaharra zen, humedadea ere ikaragarria zeukan, baina aldi berean, berealdiko xarma zuen. Oso bildua zen, eta hango pareta zaharrak tapatzen saiatzen ginen eta marrazkiz eta argazkiz beteta izaten genituen. Behin inspektorea etorri eta hau da eskola polite, hemen umek bizi direla ezagun du, esan zigun. Guk horregatik egiten genuen, baina batez ere, pareta zahar haiek tapatzeagatik.
– Nik Anita sukaldariarena dut gogoan. Jangelako momentuak politak izaten ziren Anitarekin. Hark zuen hitz-jario horrekin. Anita pertsona berezia zen momentu hartan.
– Oso hiztun egokia zen, hamaika esaunde ikasi genituen berarengandik. Gogoan dut Pello Aranburu (Pello “Mate”) nola ibiltzen zen, koadernotxoa aldean zuela, haren esaldiak jasotzen. Honek nonbait apetitu ona eta gizentzen hasi zen. Anitak “mejoratzen” ikusten zuela esaten zion eta Pello gustura, harik eta konturatu zen arte gizentzen ari zela esan nahi ziola!
– Anitak jenioa ere bizia zuen, e! Denak beharko zituen eta, baina langilea eta bizkorra zen.
– Jangelan jende piloa egoten zen, eta uste dut txandaka ibiltzen ginela gu han, ala? Edo nola izaten zen?
– Jangelak, bi ere baziren han. Bolada batean bai, behintzat.
– Jangela txandaka egiten genuen eta gero berarekin sukaldearen aldamenean bazkaltzen genuen.
– Gogoratzen naiz, Garate zenak istripua izan zuenean, han ari ginen gu bazkaltzen, Kristina eta biok. Jangelako zerbitzua zen eta umeak behean zeuden, eta artean ez zen Eskolara sartzeko garaia. Eta itxuraz, haiek, bazkalondoren, Eskolara sartzeko ordua baino lehen etorri ziren eta… Garatek min hartu zuela… Gu orduantxe, bazkaltzen hastera; ondo gogoan daukat.
– Orduan jana bertan preparatzen zen. Erosketak irakasleek, baina Anitak esan egiten zuen zer behar zen eta irakasleak egiten zituen erosketak.
– Akordatzen naiz, behin, arraina beti ekartzen genuen bakailao-xerrak eta. Lazkaoko arrandegikoak, antxoa hasi berriak zeudela, eta umeentzat oso onak zirela eta, klaro, ea zergatik ez genituen hartzen antxoak. Gainera, oso moduan zeudela, eta… Horrenbeste insistituta, azkenean antxoa horiek hartu genituen. Baina gu ere ez gentozen oso lasai. Eta badaezpada ere, gora bidean, Anitaren etxe parean gelditu eta esan egin genion. Eta klaro, gero izan ziren antxoak eta antxoaren ondorengoak! Eta han aritu ginen, horrenbeste umerentzako antxoak garbitzen.Sekulako lana. Ez zen giro!
– Maionesa eta halakoak oso onak egiten zituen. Altsasuko Kristinari horrenbeste gustatzen zitzaion hark egindako maionesa, hala tokatzen zen egunean, errekreo garaian, hara joan eta maionesa jaten zuen bokadiloan.
– Gero prefabrikatuena ere ba…
– Prefabrikatuetan goi ziklokoak egoten ziren, 7.goak eta 8.goak, eta bestean txikiak.
– Haur Hezkuntzakoak ere bai, han, beheko ikastolatik etorri zirenean, hura itxi zutenean. Akordatzen naiz, Maribi eta…
– Hiru prefabrikatu ziren eta bakoitzak bi gela zituen. Guztira, sei.
– Hiru ziren ala bi ziren?
– Akordatzen naiz, ordezkapen bat egitera joan nintzela eta musika entzuten nuen. Goi ziklokoak ziren, ni hasi berri-berria eta ez nintzen ausartzen galdetzera zeinek zuen musika, denak barrez eta festa batean eta… Poltsan kaseta, musika jarrita… Ez nenkien nondik hasi, zer egin… Denak barrez. Horrekin akordatzen naiz.
2.- Eskola berriaren lehen urteak: leku aldaketa, instalazioak…
– Leku-aldaketa, izugarrizko aldea izan zen, dena berria zen. Hemen aukera askoz ere gehiago eta tokia ere halakoa zelako. Gabillenen, berrehundik gora ume eta han denak sartzen ziren, pentsatu, Gabilleneko garai hartan eta hemengo instalazioak haiekin konparatuta, handiak, beste neurri batekoak dira eta, gainera, nahiz eta gero hauek ere txikiak geratu!
– Berri honen beharra, ametsa, ilusioa, horrenbestekoa genuen, nik uste obra honen jarraipena harriz harri egin genuela. Hau izan zen gure haurdunaldia. Nik uste beti obrari begira, beti hemen sartuta, ikusten. Oso gertutik segitu genuen.
– Gogoratzen naiz, lizentzia aldetik oraindik dena egin gabe zegoela, hona etorri behar genuela erabaki zela. 1984ko urtarrilean hona etorri ginen, baina oraindik paper batzuk falta zirela uste dut, baina halako egarria genuen…
– Gabillenen, goiko komedoreetan ere ibilita nago eta orduan non sartzen ginen, arrastorik ez. Eta honek beste irekitasun bat ematen zuen, eta pasilloak eta tokia… Handia. Ordenerako eta denerako.
– Eta gela barneko argitasuna…
– Hura, gainera, etxebizitza zen, eta leihoak ere, txikiak. Etxe bateko gela batek eduki dezakeena.
– Gainera, azken urteetan, prefabrikatuek arazo mordoa zuten. Baten argiak failatzen zuen, bestean berogailuak; azken urteak gogorrak izan ziren. Akordatzen al zarete azken urteetan nola ibili ginen argiekin? Hotsa ateratzen zutela eta?
– Izan ere, kalefazioarena… Elektrikoa zen eta radiadoreak piztuz gero, argiak saltatu egiten zuen. Berealdiko hotza egiten zuen. Orduan, beste batzuetan, argiak itzaltzen ez zirela, hotsa ateraz… Bueno, bueno… Prefabrikatuetako azken urteak oso txarrak izan ziren.
– Berogailuek sekula ez zuten ondo funtzionatu. Eta geletan ere… orduan estufak genituen , gasezkoak, bonbonekin.
– Bai, estufak, bonbonarekin… bonbonarekin atzera eta aurrera, usaina ta erreko garela eta ez garela.
– Eta hotz handiak zirenean, gauez piztuta utzi ere bai, bestela…
– Orain entzungo balituzte gauza horiek, gauez estufa piztuta uztea…
3.- Orduko hezkuntza: ikasleen materiala, gurasoen parte hartzea, irakasleen egitekoak…
– Hasieran, alkoholezko multikopista. Ona, e!
– Ia-ia, pribilegiatuak ginen, e! Hura genuelako. Bailaran beste inork ez zuen. Guk klitxeak egiten genituela eta, bagenuela guk alkoholezko multikopista eta hura zen, bueno! Ikaragarrizko aurrerapena.
– Materiala, dena prestatu behar zen, eta Ataungo Eskolan hala ere, umeei kartulinak, paperak, eta arkatzak eta halakoak ematen genizkien orduan… Eskola bezala, kuota bat jarrita zegoen…
– Nik uste, kuota jarri zela, materiala sozializatu zedin, eta… Hori noiz erabaki ote zen?
– Gu etortzerako, 1980an, hori horrela zegoen. Behar genuen materiala, dena, Eskolak erosten zuen.
– Alde horretatik, gurasoek erabakita zuten. Oso erabaki garrantzitsua zen. Eskolako linea asko markatzen du. Lanak egiteko aukera ere bai, eta umeen arteko diferentziak ere ebitatzen dira. Oso neurri inportantea izan zen. Gurasoen aldetik, beti libre, libertadea ematen ziguten. Behar zen materialarekin eta… Hori inportantea izan da, zalantzarik gabe.
– Gero, hasiera hartan, diruarekin eta kuotekin; gero liburu-azoka ere egiten genuen diru-iturria sortzeko eta alde horretatik…
– Liburu-azoka, eta jostailuena ere bai, Eguberrietan.
– Jostailuena, gehiago, hemen inguruan material didaktikoa edo jostailuak saltzen zituen dendarik ez zegoelako egiten zen, eta dirua ateratzeko baino, zerbitzu bezala, gurasoei aukera emateagatik.
– Tonbola ere jartzen zen. Alde horretatik, gurasoak asko mugitzen ziren dirua ateratzeko eta lortzeko.
– Orain… Klitxeak jasotzen eta, ze kuxidade? Klitxeak ikaragarri komodoak ziren, baina gero klitxearekin, tintarekin…
– Baina klitxeak ere aurretik egin behar ziren, e! Eskuz…
– Bai, bai, bai… Alkoholezkoak denak eskuz egiten ziren.
– Tintazkoan, zuloren bat eginez gero, han multikopistan jarrita, handik tinta dariola… Beteko zenituen, zirenak eta ez zirenak…
– Fotokopiadora izan zen, nik uste, aldaketarik handiena. Klitxeetatik fotokopiadorara pasatzea.
– Astelehenetan eta horrelakoetan oso gaizki ibiltzen ginen kopiak egiteko. Argi-indarraren zentralak indar gutxi zeukan eta sobra ere, astelehenetan jendeak labadora eta jartzen zuen eta argiaren kontsumo handiagoa egoten zen eta sekulako bajada egoten zen eta ezin izaten genuen multikopista erabili.
– Baina lehen fotokopiadora Gabillenen eduki genuen, e! Hona ez genuen ekarri multikopistarik eta halakorik!
– Fotokopiadora sartu zenean, hasieran ez genuen fotokopiadora edozer gauzatarako erabiltzen. Izan ere, erabaki genuen, klitxe pila bat genuela eta haiek aprobetxatu egin behar genituela fotokopiadora oso garestia zela eta. Bai, hori bagenekien, baina azkenerako… Bueno, bueno… Fotokopiadora izanda, klitxeak erabiltzen?
– Hortik aparte, orduko hezkuntzan, orduko gurasoak… Nik uste, erantzun egiten zutela. Irakasleek zerbait gehiago zirela, gaur egun direna baino…
– Nik uste, gurasoak gure aurretik ez zirela joango, hau da, irakaslegoaren aurretik, baina bai gure parean.
– Eta ez zen dirua bakarrik, dirua ez zena ere bai. Beti obeditzeko eta…
– Bai. Irakasleen rola, ordukoa, ezberdin ikusita zegoen gizarte eta gurasoen mailan. Dena diferentea zen.
– Gainera, oro har, garai zailagoak ziren eta garai zailetan, elkartuago egoten gara denok.
– Garai hartako hezkuntzak ere, gaur egungoak dituen ardura eta eginkizun berak zituen: momentuko gizartearen beharra eta eskakizunak betetzearena.
4.- Ataungo Eskolaren berezitasunak: Eguzki Berri, Otsoa Irratia, negutegia, kirolak, bertsolaritza…
– Eguzki Berritik hasiko gara.
– Bai, zaharrenetik aurrena.
– 1980-1981 ikasturtea. Urte hartan atera zen lehen alea.
– Multikopistan.
– Bai. Gaur egun pentsatuta, oraindik hor dagoela… Badela zerbait. Dagoeneko 29 urte.
– Idazmakinan klitxeak eginda. Umeek egiten zituzten…
– Idazmakinak etxetik ekarrita. Bakoitza etortzen zen berearekin edo ahal zuenarekin eta. Izan ere, Eskolan, zenbat idazmakina genituen?
– Eta aurretik, alkoholezkoan.. Eskuz idatzita ere bai… Lehen Eguzki Berriak eskuz idatzita daude.
– Eskuz? Ez, eskuz eginda marrazkiak daude. Baina tintazko multikopistan.
– Eta gero tinta gorri hura? Azkazalak pintatzekoa bezalakoa? A zer usaina! Bai, korrektorea, a zer usaina! Usaina… Hura dependentzia sortzeko…
– Klitxeak egiten zuena zen, zulatzea eta harekin zuloak tapatzen genituen. Azkazalak margotzekoa bezalakoa.
– Lehen alea begiratu dugu eta hala egina dago, e! Alkoholezko makinarekin egingo genituen beste lan batzuk… Hezkuntzakoak edo…
– Eguzki Berri egiten hasi aurretik, nik uste, beste aldizkari bat egiten zutela gu Eskolan hasi ginenean. Mariaje Amundarain hasi zen harekin. Bueno, goi zikloan zeundetenak, hura eta zu…
– Eguzki Berrin hurrengo aldaketa, hura informatizatzea izan zen, ezta?
– Gero izan zen, kolorea sartzea… Beste pauso inportante bat.
– Lanean ere aldaketa handia Eguzki Berrin, eta antzematen da, orain, beste modu batera egiten dela. Eta txikiek, txikiagoek, eta handiagoek, denek parte hartzen dute, baina nik uste ez dela lehengoa.
– Hasiera batean, goi ziklokoak hasi ziren. Eta 8. maila arduratzen zen.
– Bai, hasieran, idazlanekin lotuta gehixeago egon zen: ipuin, olerki, bertso…
– Bai, eta gizarteko gaiekin. Gogoratzen naiz, Eguzki Berri berezi bat, nola aurkeztu zen (bat baino gehiago) INGEBAra (Instituto Geográfico Vasco) eta sarituak izan ziren bi ale. Bat baserriari buruzko tresnekin izan zen. Baina haiek ale bereziak ziren. Asko, idazlanak izaten ziren, baina beste batzuk gizarteko gaiekin lotutakoak izaten ziren. Orduan, Mariajek gizartea ematen zuen eta Mari Karmenek hizkuntza, eta horiek izan ziren hasierako aleetako bi gai nagusiak. Orain, ordea, beste zerbait da. Beste garai batzuk dira. Hor dago lana eta garrantzitsuena mantentzea da, hiruhilabetero-hiruhilabetero.
– Garrantzitsuena hori da, mantentzea. Asmo batekin hasi ginela egiten eta ez zela izan momentu hartako moda modukoa, hor irauten duela, garaietara egokitzen.
– Otsoa Irratiaz arituko gara? 1985ean, makina bat bilera eta, izaten ziren, Bizkaia aldera ere bai, hango esperientziak ikustera. Hor Santi eta Jexux ibiltzen ziren. Teknikari gisa ere haiek lagundu ziguten muntatzen eta gero Lazkaoko bat ere etorri zen. Ikusten zen irratia garrantzitsua izan zitekeela umeen heziketarako eta hortik saiatu beharra zegoela eta hala hasi zen kontua. Botika-gelari paretan zuloa egin eta, egokiena hau izango da, eta hala aritu zen garai hartan eta gaur egun ere hemen jarraitzen du. Lehen Eguzki Berrirekin esan dugun moduan, honekin ere beste horrenbeste: 24 urte eta oraindik jarraitzen du. Ez da izan egun bateko edo urtebeteko kontua.
– Bai, orduan ere, Irratian ere, Eguzki Berrin bezala, pisurik handiena goi-mailetakoek eraman zuten, ez? Orduan, lan sakonxeagoa egin zuten hasiera hartan behintzat. Gogoratzen naiz, beste irrati komertzial batzuk grabatu eta entzun, eta atal bereziak eta hizkuntza nola egokitzen zen atal berezietara, eta horiek guztiak egin genituen. Orduan, hizkuntza eta bat-batekotasuna biak uztartuta, nik uste, pisu handia izan zuela horrek. Gero mikrofono aurrean jartzea, umeentzako zaila izaten baita. Larriontzat ere bai, eta umeentzat ere bai.
– Inposatzen duen zerbait da.
– Dena dela, ume batzuk hazi egiten dira mikrofono aurrean.
– Eskenatokian bezala.
– Txikitan, igual inposatu egingo du, baina astero-astero hemen, eta handiagoak ikusita, nik orain ikusten ditut umeak eta inork ez du Irratira etorri gabe geratu nahi.
– Txikiei agian kostatuko zaie, baina gero jarri egiten dira hemen besteek ere egiten dutela ikusita. Jeneralean bai.
– Gero, hasieran, ez genuen telefonorik irratian. Gero telefonoa sartu zenean, hura ere beste urrats garrantzitsu bat izan zen. Jendeak deitzen zuenean, jabetzen ziren: kontxo, ba entzuten ari dira… Gertutasun hori sentitzea.
– Ordutegiarekin ere aldaketa handia izan zen. Lehen ostiral arratsaldean egiten zen, zapatu goizean ere bai…
– Beti ordurik politena zein izango litzatekeen, ikasleak, gurasoak, denak harrapatzeko. Azkenean, orain Eskolako orduetan jarri da eta…
– Gaurko umeek komunikabideei begira, telebista garaiko umeak dira, imajinaren garaiko umeak dira…
– Nik uste, ikusmena landu eta entzumena galdu, e! Ohitura hori…
– Orduan, hurrengo erronka, telebista!
– Lehen ere ibili ginen berotuta! Ibili ginen, irratia jarrita, hurrengo pausoa telebista zela! Akordatzen naiz ni, telebista zergatik ez dugu muntatzen? aritu ginela.
– Bueno zer? Jarraituko al dugu? Negutegia dugu orain. Eskulanak, gurasoak eta izaten ziren, tailerrak eta.. Eta horietako bat negutegia izaten zen. Gurasoak arduradun bezala jarri eta negutegia maila batean… Horrela joaten zen.
– Baina negutegia sartzen badugu tailerren mugimenduaren edo esperientziaren barnean, nik uste, oso garrantzitsua dela tailerrena bera ere. Garai hartan bertan, oso Eskola gutxitan egiten zen hori, eta hura bai zela, bide batez, umeei eskulanetarako aukera zabala emateko bidea, eta, bestetik, gurasoen partaidetza benetan oso interesgarria zuen. Astero-astero, hemen guraso sail bat edo laguntzaileak (gurasoak ez ziren batzuk ere etortzen ziren), eta talde bati irakasle batek eman ziezaiekeen eskulan bakarra; ba hartara, 5 edo 6 eskulan egiten zituzten. Batzuetan, pintura edo antzerkia… Edo josteko gauzak ere izaten ziren…
– Bai, puntokruz edo gantxilloa…
– Edo sukaldaritza, edo negutegia, saskigintza…
– Zeramika ere bai.
– Eta horien barnean, negutegia ere egoten zen. Nahiz eta iruditu hemengo umeek negutegia oso gertutik bizi dutela, baratza eta landareak eta direla eta, nahiko interesatuta egoten ziren.
– Gustatu egiten zitzaien.
– Asko gustatzen zitzaien. Negutegiak zuen arazoa zen, gero oporretan eta halakoetan… Negutegiak ez du oporrik. Hor, gainera, negutegiaren inguruko beste datu garrantzitsu bat ere badago: kokatu genuen tokiarekin ez genuen asmatu. Jarri genuen zelai horretan, baina aldapatxoa egiten du eta hor putzua egiten da aldiro, neguan.
– Nik uste, hor lurre ere buztinlurre zegoela. Niri behin hor, umea botarrusoekin joan, eta botarrusoa han geratu eta umea lepoan hartuta atera behar izan nuen handik. Baina hori ez da baratzetan gertatzen!
– Kirolekin jarraituko al dugu? Kirolak betidanik izan dira hemen… garrantzia eman zaie eta kirol asko egin da hemen (kirol desberdinak) eta orain ere berdintsu jarraitzen du, ezta? Aukera ere bazen, gero, kiroletan frontoia edo kiroldegia izan zen beste pauso inportante bat, 1991koa. Kiroldegia ere gauza askotarako baliagarria bihurtu zaigu. Ez bakarrik kiroletarako, baizik eta, baita gimnasiarako ere eta beste gauza askotarako ere. Dudarik ez, ba, kirolak garrantzi handia izan du eta badu oraindik ere. Horren erakusgarri da ume askok parte hartzen duela.
– Garraio arloan, gurasoen parte-hartzea ere oso inportantea izan da horretan.
– Zenbait baserrietako gurasoak etorri behar kotxearekin eta eraman egin behar… eta horretan baserritar seme-alaba askok kirol bera egin du, beti, lauetatik seietara entrenamenduak izaten ziren eta gero gurasoekin gora igo…
– Horretan zer? Gaur egun, neskak eta mutilak parekatuta al dabiltza edo zer? Edo mutilek gehiago egin izan dute?
– Adin hauetan, parekotasun hori badago. Arazoa geroxeago etorri ohi da, 14-15 urterekin. Neskek errazago uzten dute, ezta? Baina hemen, 12 urte arte eta, gaur egun, neska zein mutil, antzekoa da.
– Kiroletan ikusten badituzu, garai batean bezala, orain ere mutilak gehiago dira futbolean eta zenbait kiroletan, neskak baino.
– Nik uste dut ezberdinak garela. Baina gero gizarteak ere eragina baduela. Kiroletan, komunikabideetan eta, gizonezkoen kirolak askoz ere denbora gehiago… Hori aztertzeko modukoa litzateke, zenbat denbora betetzen duen gizonezkoen kirolak, eta zenbat emakumezkoenak.
– Hori asko aldatu da. Nik gogoan dut -behin baino gehiagotan komentatu izan dut hau- Gipuzkoako finala zen, emakumeek futbolean jokatu behar zuten eta Ataungo taldea zen finala jokatzeko sailkatu zena eta orduan Diputazioko arduradun bat zegoen eta harren komentarioa izan zen, nik ez ditut ikusten neskak futbolean. Zergatik ez ba? Berdin-berdin! Nik uste, hemen hasieratik beti izan dugula argi: neska zein mutil kiroletarako, berdin. Berdin dela eta hala behar duela gainera.
– Kirola Eskolaren ikuspegitik, nik uste nahiko inportantea dela, ekonomiaren arlotik eskola barruan nahiko integratuta dagoela, ez dagoela kuota bat aparte ordaindu beharrik eta hori Eskolako kuotatik doala… Horrek esan nahi du, ikuspegi horretatik, kirola Eskolaren barruan dagoela. Ez dela eranskina.
– Eta azkena, bertsolaritza. Bertsolaritzak ere beti izan du tokia. Hasiera hartan, Goierriko Bertso Eskola Ordizian zegoen eta akordatzen naiz oraindik lehen urteetan, autobuskada bat joaten zela beteta hemengo jendearekin. Goierriko Bertso Eskolako aurreneko urteetan, orduan, Lizeoa eta Ataun izaten ziren ume gehienekoak eta hemendik, altutik jo gabe, igual 35-40 ume joaten ziren. Eta eskola arteko bertso-paperetan eta, urtero-urtero, jende mordoxka batek hartu izan du parte. Aspaldikoa da. Gero, beste kontu bat izaten da bat-batekoa, hori zailagoa baita, baina urte batzuetan norbait atrebitzen da, beste batzuetan ez, denetik egon da. Baina inportantea da, nik uste, eskola arteko bertso-paperetan eta, jende pilo batek parte hartu duela urtetan zehar. Eta segitzen dutela.
– Gero ez da hor atera, baina bueno, garai batean egiten ziren mendi-irteerak, eta haiek oso inportanteak dira. Nolabait, momentu hartako giroa isladatzen zuten haiek, ez? Ez zen kirola egitea helburua. Aste guztia hemen lanean pasatzen genuen ume, irakasle, guraso eta abar, eta igandetan herriko zenbait bazter ezagutzea zen helburu. Eta egiten ziren irteera haiek. Jende pila bat, ehun eta gehiago, jaiero-jaiero. Eta urte dezente iraun zuen ekintza izan zen.
– Azkenekotan, hilean behin jartzen da eta jende mordoxka bat dago hor. Eta nik uste, dudarik gabe, gauza horiek eustekoak direla eta ez direla ahaztu behar.
5.- Eskolaren momentu bereziak: Ikasleen kopuru-jaitsiera, 7. maila egitera ikasleak behera joan beharra, Lazkaoko San Prudentziotik etorritako ikasleak…
– Ikasleen kopuruaren gorabehera hori garrantzitsua izaten da; 4 ume, 5 ume, 6 ume… Hori ezagutu genuen, eta horrek ekartzen zituen arazo guztiekin, eta irakasleen kopurua mantentzeko ere dauzkan zailtasun guztiekin… Nik uste, hori urtetan ezagutu dugula.
– Bai, horrek eragin negatiboa bazuen, baina nik uste, eragina edo gehien zapuztu gintuena zazpigarren mailakoek behera jaitsi behar izan zutenean gertatu zela. Horrek Eskolari lehen esan dugun ekintzetan, bai Eguzki Berrin, bai Irratian, zortzi mailak ez izateak, nolabait txikiek handien eredu horretatik jaten zuten, nolabait elikatzen ziren, eta hori falta izateak ere kendu zion pixka bat nortasuna edo indar pixka bat une hartan. Edo hala iruditu zitzaigun guri une hartan behintzat.
– Bai, hori 1996-1997an izan zen. Zaldibian makina bat bilera egin ziren herri-eskoletakoekin. Garai hartan, SIADECOri eskatu zitzaion azterketa egitea; egin zuen bere azterketa, eta azterketa haren ondorioa zen, 7. eta 8. mailak, bakoitzak bere herrian mantentzea komeni zela. Hori ez zen posible izan eta, azkenean… Gero, San Prudentziokoa daukagu. Hori 1999-2000. urtean izan zen. San Prudentzio Eskola ixtea erabaki zenean, bertako gurasoen multzo handi batek erabaki zuen Atauna etortzea. Hasiera hartan, 22 izan ziren: 3. maila, 4. maila, 5. maila eta 6. maila egitera. Orduan, 4 urte iraun zuen horrek. Nik uste, haientzat ere, Lazkaokoentzat, eta guretzat, Ataungoontzat ere, aldea zela, hemengo umea eta Lazkaokoa, ba, desberdinak ziren. Hizkuntza aldetik, kultura aldetik…
– Bai, batez ere, Lazkaoko euskaldunenak ez zirelako ere bai. Lazkaotik zetozen, baina Lazkaoko nahiko erdal girotik esango genuke. Orduan, bi gauza horiek, bi objetibo horiek ezberdinak ziren.
– Ezberdinak ziren, eta gainera, nik uste, haien artean mokoka ibiltzen zirela. Hemengoek ez dakit zer esaten zieten, edo maketoak esaten zieten, edo erdaldunak, eta haiek hemengoei caseros edo caseritos edo peios esaten zieten eta mokoka ibiltzen ziren.
– Nik uste, Lazkaotik etorri ziren horiek etorri zirela hona Eskola Publikoaren aldeko aukera egin zutelako eta Lazkaon ikastola zutelako. Baina noski, hona etorri zirenean, aurkitu ziren Lazkaoko Ikastola bezain euskalduna edo euskaldunagoa dela Ataungo Eskola Publikoa, ez? nik uste esperientzia bat izan zela hemengoentzat eta hangoentzat.
– Haientzat, hizkuntza alderditik, dudarik ez. Irabazten atera ziren. Euskararen aldetik izan zen, haientzat, latza.
– Nabarmena zen adibidez, Irratiko emanaldietan, irratsaioetako emanaldietan. Garbi-garbi ikusten zen, mikrofonoan gidoia egiten ataundarra edo lazkaotarra eta garbi-garbi antzematen zen hasieran. Nik uste dut, Mari Karmenek esan duena, hori bai izan zela haientzat ikaragarrizko aberastasuna hizkuntza aldetik.
– Eta hortaz zenbait gurasok aitortu dit.
6.- Azken urteetako aldaketa nagusiak: hezkuntza mailakoak (materiala, metodologia…), Teknologia berriak, ingelesa…
– Ingelesa aspaldikoa da, e! Jo! Atzo ikusi genituen bideoan Klara eta… Hemen, Eskola Publikoetan ingelesa ematen ez zenean nik ez dakit zein tokitan eta tokitan eta tokitan, hemen ingelesa gu etortzerako, 1980. urtean, eman egiten zen, e! Irakaslea gurasoek ordainduta, ingeleseko irakaslea guk beti ezagutu dugu. Ikuspegi aldetik oso aurrerakoia zela eta gauza askotan aurre hartu zuela, ezta?
– Berrikuntza izango da beharbada, ba ez dakit, 3 urtetik 4 urtetik aurrera…
– Hori bai…
– Beste bat, bai… Hezkuntza mailako aldaketa izugarria izan da. Hori bai.
– Materialean, metodologian… Hori ikaragarria izan da.
– Materiala aldetik bai, asko aurreratu da, bitartekoetan nabarmen; baina metodologian, nik ez dut nabaritu halako aldaketarik: Ataungo Eskola sortu zenean ere, Ikastolen mugimenduaren inguru horretan elkarlanean eta, aurrerakoia izan da beti. Gu hasi ginen urte hartan, Freirekin eta, hor baziren beste pedagogo batzuk, Montesori eta, horiek denak, hemen, probak egiten, hemendik pixka bat eta handik pixka bat. Halako metodologiekin hasi ginen, ez? Esan nahi dut, metodologian behintzat nik ez dudala nabaritu halako… Metodologian baino gehiago, bitartekoak…
– Pedagogia mailan, beti gu baino aurreratuagotzat katalanak jotzen genituen eta garai haietan, Kataluniara bidaiak egiten ziren bailara mailatik oso antolatuta. Noiznahi ez, baina maiz. Hangoa gure erara egokitu eta baliatzen ginen haien aurrerapenez… Ezta?
– Eta ikastolen inguruan eta… materiala oso gutxi zegoen. Eta hobetzen ari da, ikaragarri.
– Ni hasi nintzen urtean, bigarren mailan, Lazkaoko Ikastolara joaten ginen bilerak egitera. Lazkaoko Ikastolakoekin. Eta materiala, noski, ez dago konparatzerik garai hartakoa eta oraingoa. Orduan, han bilera egin eta halako fitxa eta halako fitxak nik preparatuko ditut eta zuk halakoak, eta gero ekarri itzazu, eta gero multikopistan kopiak egin, eta gero txuri-beltzean denak… Hori, zalantzarik ez dago, materialarena da izugarrizko aldaketa, bai, materialean bai! Baina, bestetik filosofia aldetik eta… Ba bueno…
– Teknologia berriak izan dira nik uste, arloa, izugarrizko aldaketa ekarri duena eta ekarriko duena.
– Ari dira teknologia berriak moldatzen materialetara… Baina, teknologia berriak, esaten dena oraindik, ikaragarria dela eta ez dakit oraindik hori behar bezala janda eta afrontatuta daukagun
– Ikaragarrizko abiaduran doala. Gu horien atzetik harrapatu ezinik goazela pixka bat, ezinean.
– Ezin harrapatu! Segika, segika… Hori aprobetxatzeko, oso ondo ezagutu behar duzu, eta nik uste dut ez daukagula eta sartzen garen tokian, ez dugula aurkitzen nahi dugunik… Eta ez garela kapaz hori jan eta asimilatu eta… emateko.
– Askotan, hor, ikasleek erakusten digute. Batzuetan, maila horietan, ikasleak, askotan, gu baino gehiago dira zenbait gauzatan. Garbi dena da ordenadoreen munduak azken urteoetan ikaragarrizko aldaketa ekarri duela eta dudarik ez, CDak dituzu, DVDak dituzu…
– Pendrive-ak… Bueno, bueno…
– Interneta da, mundu bat, gure umeek oraindik dominatzen ez dutena. Mingainen puntan ibiltzen badakitena, baina hara joan eta behar dena eta hari probetxua ateratzen ez dakitena. Eta Interneten bilatzeko saiatu egin behar da, e! Eta probetxugarria izateko, ideiak garbi zuk eduki behar dituzu. Eta nik uste dut, ez dela horrenbeste.
– Baina pentsatzen jartzen zara, 11-12 urteko pertsonekin ari zarela? Ez direla 16koak?
7.- Aurrera begira: Eskolaren erronkak.
– Hemen azaldu diren urtetako berezitasunei, Ataungo Eskolak eduki dituenak eta dauzkanak, horiei eustea, batetik, erronka da. Esan dugu Otsoa Irratia dela, Eguzki Berri dela… horrelako gauzak, kirolak direla eta ez dakit zer gehiago, nik uste dut inportantea dela horiek hainbeste urtetan iraun duten moduan, ba, beste horrenbeste urte irautea. Ea eusten diegun eta eusten dieten datozenek. Hori da bat. Teknologien mundukoa da bestea. Hemendik 20 urtera nolako hezkuntza ikusteko gai izango garen… Orain dela 10 urteko irakasleen papera beste era batekoa, nahiz eta ez den aldatu zenbait gauzatan, aldatuko da.
– Bai, tutorearen figura edo tutore bezala, indar gehiago izango du, erakusle baino, ez?
– Eskolak horrelako gauzak beharko ditu, aurrera egiteko eta indar pixka bat izateko. Beste alde batetik, hezkuntza aldetik, gurasoek garai batean irakasleek esandakoari amen-amen egiten zioten eta nik uste, horretan gauzak asko aldatu direla. Orain beste ikuspegi bat… Erronka ez dakit zein izango den, baina baita iruditzen zait batzuetan guraso guztiak lanera doazela eta umeak Eskolan okupatuta edukitzeko bide bat dela. Eta denborarekin beharbada Eskolaren papera hori izango da. Hemen esaten zen tutorearen papera indartu egingo dela eta beharbada halako zerbait ere etorriko da. Garai batean, nik uste dut, Eskolen papera ere bazela ba, zerbait ikasteko bidea. Ez dakit gaur Eskolek hainbesteko indarrik duten gai horretan.
– Ikasteko bide asko daude eta orduan, eskola da, bat.
– Nik horregatik esan dut lehen filosofia mantentzea… Lehen esan duguna, kuotak mantentzea hasieratik izatea, material guztia sozializatzen dutenak… Erabaki asko daude hor hasieratik hartutakoak, gure ikuspegitik oso onak iruditzen zaizkigunak, baina nik uste gaur egungo zenbait filosofiarekin…
– Txokatu egiten dutela.
– Eta orduan, ba… “zerbitzua behar duenak pagatu dezala”,”ez dakit zer behar duenak pagatu dezala”… Horiek dagoeneko entzuten ditugu guk, ezta? Eta orduan, ba…
– Ikasleen heziketa ezin da pentsatu Eskolako lana bakarrik denik.
– Egoera asko aldatu da lehenagoko urtetatik. Emakumezkoa, gizonezkoa bezala, gaur egunean, lantegira doa. Gurasoak eta gu ere bai, presakako mundu batean, hemen gabiltza eta bueno… Ahal dena egin da. Nik uste, gizartea aldatzen den bezala, Eskola ere aldatzen doala… bai gurasoak, bai irakasleak… Irakaskuntzan etengabe ematen ari diren aldaketen aurrean, irakasleok ezin gara atzera gelditu.
– Herri txiki bateko Eskolak aurrera egin dien erronka horiek bideratzea, irakasle, ikasle eta guraso zein herriko boluntarioen ahaleginaren ondorio dira.
– Orain, erronka eta erronkan… Nik uste, ahaztu behar ez duguna dela, oso adin inportantea dela eta Eskolaren egiteko nagusia ume horien heziketa dela, ez? Teknologiak eta horiek denak horretarako bitarteko batzuk direla. Ezin garela itsutu berrikuntza berrikuntzagatik, berez ona den bezala, ez? Eskolaren egitekoa ez da soilik ezagutzak banatzea, haurraren jakinduria osatuko duten esperientziaz ere arduratu behar da.
– Aurrera begira ere, beti ilusioz eta gogoz lan egitea. Horixe dugu ziurrenik, beste erronka handi bat.
– Erronka nagusia: garaian garaiko baliabideak erabiliz, haurraren heziketa osoa lantzea.
8.- Azkenik, eta topikoa izango da, baina, begi-bistakoa da Joxemiel Barandiaran Herri Ikastetxean lanean aritutako irakasleek, irakasle-lana baino askoz ere gehiago egin behar izaten dutela, urtez urte bertako ikasleek Ataundik kanpora joatean izan ohi duten ezagutza-mailan eta pertsona-izaeran nabarmentzen denez…
– Ataungo umeak, herri txiki batekoak izatean, aspaldi kanpora joaten ginenean ere, nik uste txintxoak direla. Txintxoak dira eta ez dugu egunero hau esaten Ataungo umeez. Kanpora joandakoan, beste batzuen parean jarritakoan antzematen zaie, lana eginarazi egiten diegula, bai, eta orduan, erantzuten ere badakite. Baina lehen ere Eskola, asko abonatu dugu eta nik uste, horiek denak, gero, umeen ikasketan edo irakasleek errenditzeko momentuan antzeman egiten direla.
– Kopuruak ere eragin du. Hemen ibili ditugun kopuruak, 12, 10, 8 edo horiek, hezkuntzako ere lagundu egiten du. Hori hala da. Ez da berdina 10 edo 12 ume eduki edo 22 edo 25 eduki… Hala da eta nik ez dakit zer egingo dugun… Azkenean da… Pertzepzioa hori bada, ongi etorria dadila eta nik uste dut guretzat ere ongarria dela hori entzutea. Hori aditzea hobea da, alderantzizkoa aditzea baino. Hori hala da.
– Badakizue zer esaten duten Ataungoengatik: oso onak edo oso txarrak…
Azpimarrak:
Maria Jesus: Garai hartako hezkuntzak ere, gaur egungoak dituen ardura eta eginkizun berak zituen: momentuko gizartearen beharra eta eskakizunak betetzearena.
Joanixabel: Materiala aldetik bai, asko aurreratu da, bitartekoetan nabarmen; baina metodologian, nik ez dut nabaritu halako aldaketarik: Ataungo Eskola sortu zenean ere, Ikastolen mugimenduaren inguru horretan elkarlanean eta, aurrerakoia izan da beti.
Goiko: Irakaskuntzan etengabe ematen ari diren aldaketen aurrean, irakasleok ezin gara atzera gelditu.
Begoña: Herri txiki bateko Eskolak aurrera egin dien erronka horiek bideratzea, irakasle, ikasle eta guraso zein herriko boluntarioen ahaleginaren ondorio dira.
Mari Karmen: Eskolaren egitekoa ez da soilik ezagutzak banatzea, haurraren jakinduria osatuko duten esperientziaz ere arduratu behar da.
Sagrario: Umeei lana eginarazi egiten diegu, bai, eta orduan, erantzuten ere badakite. Lehen ere Eskola, asko abonatu dugu eta nik uste, horiek denak, gero, umeen ikasketan edo irakasleek errenditzeko momentuan antzeman egiten direla.