Bat eta bat
Joxepa Madariaga eta Inaxio Usarralde
Joxepa Madariaga
Aupa!, Inaxio. Gaur zortziko euforia eta indarra dizkiat oraindik barruan, odola bor-borka, barnea pozik, belarrietan Gora borroka feminista! esloganaren oihartzuna. Ederra izan huen, ederra izan zenez. Mugimendu Feministaren jarduna erreferente duk askorentzat. Zer zuzendua izango dik, baina ondo egindako lana, besteentzat eredu duk. Emakumeen Borroka. Goraipatu diagu mugimendu feministaren lana. Ondo ari direla/garela lanean, agerikoa duk: kontzientziatzen, errespetuan hezten saiatzen ari gaituk, baina… hala ere, nola eta zergatik dizkiagu geroz eta bortxaketa, jipoi, hilketa gehiago?
Hauteskunde atari honetan, jendea lanerako zagok, pentsiodunak eta erretiratuak ere indartsu. Soldata duinak eskatzen. Berentzat eta ondorengoentzat borrokan. Egoerarik larriena emakume alargunena. Harritzekoa, hemen ere, beste behin, emakumeak larrien.
Datorren astean uraren eguna dela eta, gure erreken eta itsasoen egoera gertutik ezagutu, informatu, kontzientziatu eta garbitzeko ahaleginen batzuk egiteko aukera izango diagu. Ez zagok giro plastiko jendearekin! Plastiko artean bizi gaituk, plastikoak jan behar gaitik! Berak gu, guk bera jan ondoren. Izan ere, zorro eta ontziek itsasoan diate beren azkena, arrainek jaten ditiztek eta… arrainak guk, plastikozko arrainak, plastikoz betetako arrainak gure janari. Ura, plastikoa, kutsadura, errauskailua, klima aldaketa…
Dinamika egokiak prestatu eta lan egin beharra diagu. Frente desberdinetan. Altxa eta ekin!
Inazio Usarralde
Zirraragarria dun, bai, aurten ere Martxoaren 8ak utzi digun irudi sorta. Nik neuk Lazkaon amaitu zen manifestazioan ikusitakoaz hitz egingo dinat, beste ekintzak eta mobilizazioak entzun dudanagatik eta hainbat lekutan argitaratu diren irudien bitartez jarraitu dizkinat eta. Lazkaoko manifestazioan egundoko indarra sentitu ninan emakumeengan eta borroka honekin bat egin genuen beste kideongan ere. Iaz ernamuintzen hasi eta aurten berebiziko bultzada izan huen gure mundu honetan gauzak aldatzeko. Hala biz! Eta, bai, justiziazkoa dun pertsona guztiok pare-pare, aukera berdinen jabe, biziko garen mundua lortzea. Mobilizazioan ikusi ninan aniztasuna azpimarratuko niken. Eta gazteak bultzaka datozela ikusteak poza ematen din. Orain, gaur zortziko energia ez dadila Korrika pasako den abiadan agortu. Arrisku latza baitago lau emakume atzean ipini loreontzi gisa eta aurrean arra feminismoari buruz lezioak ematen ikusteko. Tamalgarria!
Eta uraren eguna izango dela aipatu eta beste kontraesan bat agerian jarri nahi dinat. Donostian Change the change biltzarra antolatu diten klima aldaketaz kezkatuta. Nik ez dinat horko antolatzaileen borondatea kolokan jarriko. Baina, esanguratsua gertatzen zaidan biltzarrean agertu diren agintari horiek berberak gure osasunari kalte nabarmena eta kutsadura areagotuko duen erraustegia eraikitzen aritzea aldi berean. Hauteskunde usaina hedatzen ari den honetan ez dun erraza mezu zintzoa eta fidatzekoa antzematea, ez horixe!