Irakurle Taldeen Topaketak
GOIBERRI aldizkariaren "Eszena" atalean, literaturari eskaintzen zaion tartean argitaratua, 2020ko maiatzaren 22an.
Laugarrena behar zuen Goierriko Irakurle Taldeen Topaketa, atzeratzea beste aukerarik ez dugu izan aurtengoan, COVID-19 gaitzari aurre egiteko konfinamendu egoerarengatik. Ataunen elkartzekoak ginen Goierriko literatura irakurzaleok datorren ekainaren 13an, Laura Mintegi idazleari gure aitortza egin eta aurrez irakurria izango geniokeen “Sisifo maite minez” liburuaz hausnartzeko.
Goierriko Irakurle Taldeen Topaketa 2017an sortu genuen: Beasaingo irakurleek antolatu zuten lehena eta Joan Mari Irigoien izan zen omendua. Zumarraga-Urretxuko Taldeak antolatu zuen 2018an, Arantxa Urretabizkaia gonbidatuz. Iaz, 2019an, Ordiziakoak arduratu ziren Topaketaz eta bertako seme Patxi Zubizarreta izan genuen gure artean.
Goierriko hainbat herritan dira Irakurle Taldeak: Ataun, Beasain, Gabiria, Idiazabal, Itsaso, Legazpi, Ordizia, Segura, Urretxu-Zumarraga, Zaldibia… Talde bakoitzak bere bidea egiten du urtean zehar, noski, baina antzekotasun batzuk badituzte gehienek: hilean behin elkartzen dira, idazle euskaldunen liburuak edo itzultzaile euskaldunen (hauek ere idazleak dira!!) liburuak irakurtzen dituzte eta batik bat, euskarazko liburuen irakurketa sustatzea dute ezaugarririk funtsezkoena.
Pena da, nahitaezko etxealdian inoiz baino gehiago irakurri dugun ohiko irakurzaleok elkarrekin partekatu ezina, norberak bere bakardadean bizi izandakoa. Baina, aldiz, liburu bat irakurtzearen magiara erakarri ditu pandemiak, ezer gutxi irakurtzeko ohiturarik zuten asko. Beraz, gure herrietako Irakurle Taldeetara inguratzeko gonbita hemendik, orain artean pausu hori ematera ausartu ez, edo besterik gabe, okurritu ere egin ez zaien irakurzale guztiei. Hurrengo Topaketan parte-hartze markak hautsiko ditugu!!