MERKATARITZA ASTEA
Ordiziako «betiko dendak» gogoan hartuta hasi dute merkataritza astea Ordizian elkarteak eta udalak, euskal merkataritzaren astea antolatu du datozen egunetarako. Ekimen hori hasteko, Ordizian belaunaldiz belaunaldi mantendu diren denden inguruko lan bat aurkeztu dute, denda horiek «Ordiziako historiaren parte» direlako. Izan ere, Nieves Madrazo ordiziarrak, herriko 37 dendaren inguruko historia eta argazkiak bildu ditu, ikus-entzunezko batean. Astelehenean aurkeztu zuten lana, eta ekitaldi berean, merkataritza astean izango diren eskaintzen berri ere eman zuten. Nieves Madrazo lanaren egileak azaldu duenez, «nostialgiak» bultzatuta hasi zen herriko komertzioen inguruko bilketa egiten. «Gero eta denda gehiago ixten ari direla ikusten dugu; bizilegea dela diote, baina pena ematen du». Izan ere, denda horietako asko «umetatik» ezagutu dituzte Madrazok eta beste ordiziar askok. «Gure adinean oroitzapen asko izaten ditugu, eta denda bakoitza, oroitzapen bat da niretzat, txikiak ginenean amarekin joaten ginenekoak». Guztira 37 denda bildu ditu Madrazok lan horretan. Muga nonbait jarri behar, eta «gutxienez bi belaunaldiz mantendu direnak» aukeratu ditu. Horien artean, 36ko gerraren aurretik zabaldutako komertzio asko daude, baita XIX. mendean irekitakoak ere. Horietako batzuk dira Jauregi farmazia, Ugalde edaritegia, Romero jantzidenda, Angel Calles jostundegia, Unanue gozotegia, eta baita Arana, Arrieta, De la Cuesta eta Etxezarreta dendak ere. Denda horietako asko, inguruko herrietatik etorritako jendeak zabaldu zituen, eta gerora, belaunaldiz belaunaldi mantendu dira. Beste batzuk ordea, itxi egin dituzte; hala nola Otegi, Ibañez, Etxebarrieta, Cantabrico, Muño eta Chimbo dendak. Umea zen garaian, beste erosketa sistema bat bazela gogoan du Nieves Madrazok, gaur egun jende gutxik ezagutzen duena. «Aurreratutako ordainketa sistema bat zen; kartilla bat ematen zuten, eta 10 pezeta balio zuten kupoiak erosi eta kartilla hartan eransten ziren. Erosketa egiteko nahikoa diru zenuenean, kartilla erakutsi eta zigilu bat jartzen zuten. Horrela ordaintzen zen». Ideia, adinekoen egoitzan antolatutako ikastaro batetik sortu zitzaion. «Teknologia berrien inguruko ikastaro bat zen, eta argazkiak sartzen eta power pointen bidez aurkezpenak egiten ikasi genuen». Ikasi zuten hori aprobetxatzeko esan zien irakasleak. «Orduantxe jakin nuen Juantxo denda itxi egingo zutela, eta pentxatu nuen, ‘beste bat?’». Herrigunean denbora gutxian itxitako laugarren denda zen. Horrek bultzatu zuen bilketa lana hastera. Herriko merkataritzaren inguruko lan hori, Carrion eta Suquia dendetan dago ikusgai. Eskuratu nahi duenak berriz, saltoki horietan izena eman eta bi euroren truke jaso ahal izango du. Ekitaldi eta promozio ugari Eguberrien atarian, «kanpaina eta promozio berrien bitartez, herriko merkataritza sustatzeko baliagarria izango delakoan» antolatu dute euskal merkataritzaren astea. Aitor Velazquez merkataritza teknikariak azaldu duenez, hainbat ekintza eta promozio izango dira datozen asteetan. Horietako bat, Ordizian merkatari elkarteak batzordea berritzeko egingo duen batzarra izango da. Horrekin batera, elkarteak udalarekin sinatutako lan hitzarmen berria aurkeztuko dute. Akordio hori, «arlo ezberdinetako elkarlanaren bitartez, merkataritza, feria eta turismoa sustatzeko tresna garrantzitsua» izango dela uste dute. Bestalde, merkataritza planarekin jarraituz, salmentarako tekniken inguruko ikastaroa egingo dute bihar, herriko dendarientzat. Ordizian txartelarekin ere aurrera jarraituko dute, eta promozio bereziak izango dira. Azaroan zehar, txartela duten erabiltzaileek %5eko deskontua izango dute elkarteko dendetan. Eta hil honetan erosketaren bat egiten dutenek, 20 kafe makinen zozketan parte hartuko dute. Azkenik, merkataritza aste horren barruan, Sasieta Mankomunitateak eta Ekogunea Kutxak, udalaren laguntzarekin, arrandegietan tupper-en erabilera bultzatzeko kanpaina jarriko dute martxan, azaroaren 28tik aurrera. Emakumeen kontrako indarkeriaren aurka bat egin dute dendariek ere Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako eguna izango da ostiralean, eta Ordiziako merkatariek ere bat egingo dute aldarrikapen horrekin. Horretarako, Ordizian elkarteak eta udaleko merkataritza eta berdintasun sailek, puntu lila duen posterrak zabaldu dituzte herriko dendetan. Edurne Gutierrez berdintasun zinegotziaren hitzetan, «puntu lila, emakumeen aurkeko indarkeria gaitzesteko sinboloa da. Puntu lilaren irudia indartu nahi da eta helburu honekin, saltokietako erakusleiho, ate edo mostradoreetan ikusgai egongo da posterra». HITZA. 2011/11/23