Azken nahia
Itsasoa ikusi nuen azkena asteko zein egun zenik ere ez nekien; sinatutako baimen batekin, bi orduko epearekin eta bi “bizkartzain” beldurgarrien laguntzarekin. Funtzionarioek hondarreraino lagundu ninduten eta hantxe geratu ziren, zelatan. Nik bakarrik egin nuen aurrera. Itsasoak ez zuen orrorik egiten goiz hartan. Arnasa hartzen zuen. Erraldoi. Axolagabe. Zapatak kendu eta aurrera egin nuen itsasoko Continue Reading
Itsasoa ikusi nuen azkena asteko zein egun zenik ere ez nekien; sinatutako baimen batekin, bi orduko epearekin eta bi “bizkartzain” beldurgarrien laguntzarekin. Funtzionarioek hondarreraino lagundu ninduten eta hantxe geratu ziren, zelatan. Nik bakarrik egin nuen aurrera.
Itsasoak ez zuen orrorik egiten goiz hartan. Arnasa hartzen zuen. Erraldoi. Axolagabe. Zapatak kendu eta aurrera egin nuen itsasoko urak oinetako behatzak ukitu arte. Uraren hotza zartada baten modukoa izan zen, garbia, alaia kasi. Senak atzera pausoa egitea bultzatu arren, aurrera egin nuen berriro. Orkatiletaraino orain.
Oinak bakarrik.
Ez zen beldurra. Kalkulua zen. Banekien noraino egin nezaken aurrera baimena urratu gabe. Ziegan pentsatu nuen, burdin hesiekin, pasabideen hezetasunaren usainean. Oraindik aurretik nituen urteetan pentsatu nuen. Aitak haurra nintzela itsasoa agindu zidan urte gozo haietan; guztia okertu aurretik.
Olatu handiago batek izterretaraino busti ninduen. Barre egin nuen. Zaindariek begirada zorroztu zuten.
-Aizu! -egin zuen oihu batek-. Ez egin aurrerago!
Begiratu eta baietsi egin nuen. Pauso bat atzera bota nuen.
Orduan ulertu nuen.
Ez nuen baimen hori itsasoa ikusteko eskatu. Hura nola oroitu aukeratzeko baizik.
Hortzmugara begiratu nuen. Ez zen burdinazko aterik. Ez zen harresirik. Ez izen eta ez zenbakirik. Distantzia soilik.
Beste pauso bat eman nuen aurrera.
-Itzuli hona! -egin zuen oihu zaintzaile batek niregana korrika zetorrela.
Ura belaunetaraino iritsi zitzaidan. Izterretara ondoren. Hotzak hotza izateari utzi zion: erabakia bihurtu zen.
Banuen itzultzea. Oinak lehortu, polizia zaintzaileen kotxera igo eta ziegara itzuli eta hantxe jarraitu.
Baina horrek ez zuen itsasoaren izatearekin zerikusirik.
Nik itsasoa izan nahi nuen. Une batez balitz ere.
Beste pauso bat eman nuen.
Bigarren funtzionarioa ere nire atzetik sartu zen, baldar, madarikatuz. Olatuak indar handiagoz hausten ziren. Harrapatu aurretik nik ere itsas barrenera egin nuen.
Urak ahoa estali zidan, belarriak bete. Guztia urdina eta zaratotsa zen. Igerian hasi nintzen, baldar, aspaldi horrelakorik egiten ez nuela. Baina barruko suak ematen zidan indarra.
Oihuak entzuten nituen atzetik. Txistuak. Aginduak.
Nik, aurrera.
Besakada bakoitza kartzelan ixten zen ate bat zen. Ez nekien oso urruti iritsiko ote nintzen. Ez nekien harrapatuko ote ninduten. Ez nekien nahikoa indar izango ote nuen.
Baina aspaldiko partez aukera nire eskuetan zegoen.
Olatu batek irentsi ninduen, eta uraren gaineko aparretatik, itsasertza txiki ikusi nuen; zaintzaileak, polizien kotxeak, beti inguratu ninduen harresi ikusezina.
Azken nahia ez zelako itsasoa ikustea soilik.
Hortzmuga aukeratzea zen.
Olatua hautsi zen.
Eta bere gandorrean desagertu nintzen, ez iheska ari zen preso baten modura, baizik eta azkenean barra guztiak hautsi zituen gizon baten modura.













