Ezpainetako barra
Markel naiz, 14 urte ditut eta hementxe nago komunean sartuta kisketa itxita eta ispiluari begira. Zergatik? Nola liteke? Arren munduko gurasook, ahaztu behingoz ezpainetako barrak. Ahaztu, ezpainetako barra batek hankaz gora jarri dezake zoragarria izan zitekeen zuen seme-alaben etorkizuna. Alokairuzko etxe batean bizi naiz mendi artean galdutako herri txiki batean. Nire gurasoek apenas ordaindu dezakete Continue Reading
Markel naiz, 14 urte ditut eta hementxe nago komunean sartuta kisketa itxita eta ispiluari begira. Zergatik? Nola liteke? Arren munduko gurasook, ahaztu behingoz ezpainetako barrak. Ahaztu, ezpainetako barra batek hankaz gora jarri dezake zoragarria izan zitekeen zuen seme-alaben etorkizuna.
Alokairuzko etxe batean bizi naiz mendi artean galdutako herri txiki batean. Nire gurasoek apenas ordaindu dezakete alokairua. Nire arropa gasta-gasta eginda dago, gardena ia, ez dakit zenbatgarren eskukoa den, nire osabak jaunartzea egin zueneko argazki batean gaur daramadan jertse berdina darama, atera kontuak. Nire ametsak, ametsak besterik ez dira eta susmoa daukat horretan geratuko direla luzaroan. Nire sabela bizkarraren antzekoa da, laua, bi bizkar ditudala esaten duenik ere bada. Ama, aita, anaia eta lauron artean zortzi bizkar ditugu denera.
Beti madarikatuko dut ezpainetako barra, eta beti gorrotatuko ditut antzinako egiptoarrak, haiek asmatu baitzuten objektu gorrotagarri hori. Egoera honek duen alde on bakarra hamalau urte besterik ez ditudala da, beste aukeraren bat izango dudala alegia, baina ezpainetako barra hori ez balitz, etorkizuna argitsuagoa izango litzateke niretzat eta etxekoentzat.
Ezpainetako barrarik gabe nire arropa berria izan zitekeen, ez litzateke gardena izango. Nire ametsak bideratuta leudeke agian. Familiako zortzi bizkarren erdiak sabel itxura izango lukete. Baina keba, dena hankaz gora ezpainetako barra baten erruagatik.
Gosaldu bitartean sukaldean dugun telebistari begira nengoela hasi zen guztia. 14 urteko haur batek loteriaren sari potoloa irabazi zuela iragarri zutenean. Ni? Pentsatu nuen, baina ez, irabazlearen argazkia atera zuten pantailan. Harritu ninduen, egia esan, dirutzak irabazten duen jendeak ez du atsegin izaten telebistan agertzea, lapurrak erakarriko dituztelakoan. Irudiak hipnotizatu ninduen. Ezagutzen nuen kakanarru hura. Kontatuko dizuet nola ezagutu nuen.
Aurreko astean izan zen, esne bete katiluaren azken tantak miazkatzen nengoela amak mugitzeko agindu zidan, erosketak egitera gindoazen erdigunera. Etxeko atetik irten eta berehala ama zerbait ahaztu zuela eta itxaroteko agindu zidan. Itxaron, zer egin nezakeen, orduan ez nekien aberatsa izateko nire aukerak xahutzen ari zirenik. Itxaron, ama agertu eta bidean jarri ginenerarte.
Astero bezala, loteria txartelak erostea izan zen lehen lana. Gure aurretik haur bat zegoen ilaran. Bere txartela erosi eta alde egin zuen. Nik ere nire txartela erosi nuen itxaropenez eta irribarrez ama begiratzen nuelarik, honek irribarrea bueltatu zidan, bere irribarre ezpain gorridun distiratsuarekin.
Amak itxaroteko agindu izan ez balit, mukizu kakanarru haren aurretik iritsiko ginateke eta hark erositako txartela guk erosiko genukeen eta guk irabazi saria, eta ni agertuko nintzateke telebistan, eta ez bera!
Ezpainetako barra. Beti gorrotatuko dut ezpainetako barra.