Idazle arrakastatsu baten iruzurra
Idazle arrakastatsua zen. Hainbat hamarkadetan liburu dendako apaletan salduenen artean beti. Baina nekatuta zegoen arrakastaz. Arrakasta itsuaz. Bere irakurleen miresmena ezbaian jartzea erabaki zuen. Koma eta puntu eta koma guztiak txalotzen zizkioten eta nekatuta zegoen hartaz. Zalantzak zituen gizon bat izango ez balitz bezala goresteaz. Horrela ba, gau batean inoizko nobela txarrena idatzi zuen. Nobelarik Continue Reading
Idazle arrakastatsua zen. Hainbat hamarkadetan liburu dendako apaletan salduenen artean beti. Baina nekatuta zegoen arrakastaz. Arrakasta itsuaz. Bere irakurleen miresmena ezbaian jartzea erabaki zuen. Koma eta puntu eta koma guztiak txalotzen zizkioten eta nekatuta zegoen hartaz. Zalantzak zituen gizon bat izango ez balitz bezala goresteaz. Horrela ba, gau batean inoizko nobela txarrena idatzi zuen. Nobelarik irentsi ezinena. Pertsonaia lauak zituena, trama ulergaitzez betea; loguraz eta gogo txarrez idatzitako esaldiez gainezka. Nahita idatzitako zaborra.
Argitaletxera bidali zuen irribarre okerraz. Iruzurra noraino iritsi zitekeen ikusi nahi zuen.
Liburua plazaratu zen.
Izugarrizko arrakasta.
Aldeko kritika sutsuak, berehalako sariak, jarraitzaileen ilara amaiezinak sinadura eske. Irakurleek “jeniotzat” jotzen zuten, “bere garaira aurreratutako obra” zioten egunkari espezializatuenek. Barrutik atzamarka egiten zioten erantzun horiek guztiak. Nola zen posible? Inor ez al zen konturatuko? Edo agian urteetan txalotu zioten hura guztia ere ez zen hainbesterako?
Zalantzak barrutik pozoitzen hasi zitzaizkion. Ordura arteko bere nobela guztiak berrirakurri zituen. Banan-bana. Lehen arriskua ikusten zuen pasarteetan orain kasualitate hutsa. Talentoa beharrean, zortea. Bere karrera guztia iruzur bat zela pentsatzen hasi zen. Bere jarraitzaileek erosketen zerrenda idatzita ere txalo egingo ziotela sartu zitzaion kopetan.
Beheraldiak harrapatu zuen. Putzu sakon batean erori zen. Etxean argiak itzaltzen zituen, ispiluak estali zituen, elkarrizketei uko egiten zien. Bere handitasun hura benetakoa ez izanak ikara ematen zion. Guztia, lehen saritik hasi eta azken gorespena arte, besteek eutsitako ameskeria bat besterik izan ez zela uste hutsak dardarka jartzen zuen.
Egun batean ordea, bere ”iruzurra” isilean ezin gordeta bere editorearekin hitz egitea erabaki zuen.
-Nobela honek ez du ezer! Iruzur bat da! Nire irakurleak jarraitzaile leialak besterik ez direla frogatzeko egin nuen, ez direla kritikoak.
Editoreak goitik behera begiratu zion.
-Eta? Zer axola dio horrek? -esan zion. -Idazle guztiek idazten dute zerbaiten bila: ospea, barkamena, konpainia, zentzua. Zu froga baten bila ari zinen. Baduzu. Orain erabaki zer egingo duzun.
Idazleak ez zuen ezer erantzun. Ez zekien froga hura zigor bat edo aukera bat ote zen. Baina lehen aldiz denbora askoan benetan idazteko beharra sentitu zuen, irakurleak gogoan izan gabe, tranparik gabe. Txaloen baldintzapean egon gabe idaztea.
Idazmahaian eseri, ordenagailua piztu, orri zuriaren aurrean jarri eta ekin egin zion. Ez zuen inor engainatu nahi oraingoan. Ez eta bere burua ere.












