Klara
Kale zaharreko 24 zenbaki inguruan dagoen tabako denda eta loradenda artean dagoen atariak ohartu gabe zahartzen diren tokien neke itxura zuen. Barrura sartu eta zapaiko bonbillek dar-dar egiten zuten, baten bat etengailuarekin jolasean balego bezala. Batzuetan indarrez egiten zuten distira, besteetan erabat itzaltzen ziren eta ataria ilunpean geratzen zen bere ohiko hezetasun usaina areagotuz. Inork Continue Reading
Kale zaharreko 24 zenbaki inguruan dagoen tabako denda eta loradenda artean dagoen atariak ohartu gabe zahartzen diren tokien neke itxura zuen. Barrura sartu eta zapaiko bonbillek dar-dar egiten zuten, baten bat etengailuarekin jolasean balego bezala. Batzuetan indarrez egiten zuten distira, besteetan erabat itzaltzen ziren eta ataria ilunpean geratzen zen bere ohiko hezetasun usaina areagotuz.
Inork ez zion garrantzirik ematen. Bizilagunentzat paisaiaren parte zen hura; hirugarrenekoaren hautsitako poztontzia eta lehen solairukoaren lanpas zikina bezala. Urbizuk kantatzen duen bezala, “gauzak ez dira horrela, gauzak horrelaxe daude”.
Laugarreneko Klarak erreparatzen zien ordea, argiei alegia, bonbillen dar-darari.
Argiaren dar-darak bazuen zerbait hipnotikoa, ulertu ezin zuen zerbait esan nahi izango balu bezala.
Etxez aldatu zenetik bakarrik bizi zen Klara. Banandu berri, arratsaldea egongelako leihotik begira pasatzen zuen, auzoko kale-argiak bata bestearen ondotik nola pizten ziren begira, jendearen joan-etorriak, haien inguruko istorioak asmatzen… Baina atarian zen gustoen sentitzen zen tokia. Han, bonbillak berekin batera egiten zuten taupada, bere arnasketa jarraituko balute bezala.
Batzuetan bera atarira sartzean pizten ziren.
Batzuetan etxera irteterakoan itzaltzen.
Behin, lanetik bueltan, zerbait aldatu zela ohartu zen.
Argien keinua azkarragoa zen.
Urduriagoa.
Distira bakoitzak irudi zati bat erakusten zuen: lur pitzatua, horitutako hormak, postontzi herdoilduak… eta, igogailuaren ondoan, itzal bat.
Ez zen handia.
Ez zen oso argia.
Baina han zegoen.
-Nor dabil hor? -galdetu zuen.
Isiltasuna.
Bonbilla guztiek batera dar-dar egin zuten. Klarak hotzikara bat nabaritu zuen bizkarezurretik behera. Hurrengo dar-darak aurpegi bat erakutsi zuen igogailuaren kristal zikinean.
Bere amarena.
Bost urte ziren hil zela.
Betiko begirada nekatu bera. Zerbait garrantzitsua esan behar zuenean burua zertxobaitokertzen zuen modu hura.
Klarak alde batera begiratu nahi izan zuen.
Baina ezin.
Begiak itxi zituen.
Irekitzean aurpegiak han jarraitzen zuen.
Argiak eusten zion.
Bere haurtzaroko etxea sukaldeko usaina ekarri zion gogora. Amaren ahotsa. Isiluneak. Guztiak une bakarreran pilatuta.
Poltsoa lurrera erori zitzaion.
Bonbillek azken aldiz dar-dar egin… eta egonkortu egin zen.
Handik aurrera, argiek ez zuten berriro hutsik egin.
Sendo, zuri, garbi piztuta egoten ziren. Bizilagunek ospatu egin zuten.
-Azkenean konpondu dute!
Baina inork ez zuen ezer ukitu.
Klara gauero jaisten hasi zen atarira.
Eskaileran esertzen zen. Argiaren burrunba entzuten zuen isilune hartan. Hitzen formarik gabeko murmurioak egiten zituen. Batzuetan otoitzak. Batzuetan barkamen-eskeak. Batzuetan izenak.
Asteak pasatu ziren.
Ez zen berriro ezer gertatu.
Gau batean, sartzean, bonbilla bakar batek dar-dar egiten zuela ikusi zuen.
Bakarrak.
Beste guztiak piztuta.
Hura taupadaka zegoen. Bihotz nekatu baten modura.
-Ez… -esan zuen ahopeka.
Aurrera jarraitu zuen.
Dar-dara azkartu zen.
Igogailuaren kristalean aurpegi bat agertu zen.
Ez zen ama.
Bera zen.
Gazteago.
Hautsiago.
Banandu zen gau hartako begiekin.
Bakarrik, egongelako lurrean negar egin zueneko begiekin.
Inor behar ez zuela sinetsi nahi izan zueneko begiekin.
Kristaleko aurpegia begira zuen.
Gaitzespenik gabe.
Zain.
Itxaropenarekin.
Klarak atzera egin zuen.
Aurpegiak aurrera egin zuen.
Orduan ulertu zuen.
Atariak ez zituen hildakoak erakusten.
Abandonatuak baizik.
Ihes egiten atzean utzitako norberaren bertsioak.
Inoiz itxi ez ziren zauriak bezala.
Bonbilla guztiak hasi ziren dardarka. Airea lodi bihurtu zen. Eraikina barrutik karraskatzen ariko balitz bezala, oroimen gehiegi batera piztu izan balira bezala.
-Badakit! -esan zuen. -Ikusi dut!
Begiak itxi zituen.
Itxaron.
Irekitzean dena bare.
Argiak egonkor.
Itzalik ez.
Baina zerbait aldatu zen.
Ordutik, argiek ez zizkioten soilik iraganeko irudiak erakusten.
Batzuetan oraindik gertatu ez ziren gauzak erakusten zizkion.
Etorkizuneko agurrak.
Oraindik existitzen ez ziren tokiak.
Hutsik geratuko ziren lekuak.
Ulertu zuen atariak ez zuela kontsolatzen ordea.
Gorde egiten zuen.
Beldurrak.
Esan gabeko hitzak.
Hartu gabeko erabakiak.
Orain gauero jaisten da.
Isilik.
Kontuz.
Eseri eta begira geratzen da.
Begiradari eusten ikasi du.
Badirelako bizitzeko ez diren tokiak.
Bertan egoteko direnak.
Denborak aurrera egiten ez duen tokiak.
Pilatzen dena baizik.
Bonbillek ez dute dar-dar egiten hautsita daudelako.
Beteta daudelako egiten dute.
Beteegi.
Inork oroitu izan nahi ez zuen guztiaz beteegi.













