Okerrena
Okerrena ez zen gauzak gertatzea. Okerrena horien berri izatea zen. Hori nire izena ez zeraman postontziko gutuna ireki nuenean ikasi nuen. Ez zen niretzako. Helbide zuzena ere ez zeraman. Solairua eta abizenak soilik. Gureak. Hasieran ez nuen irekitzeko asmorik. Zin dagit. Barruan esaldi bi baino ez. “Ezin dut horrela gehiago jarraitu. Esaiozu zuk ausartzen bazara”. Continue Reading
Okerrena ez zen gauzak gertatzea. Okerrena horien berri izatea zen.
Hori nire izena ez zeraman postontziko gutuna ireki nuenean ikasi nuen. Ez zen niretzako. Helbide zuzena ere ez zeraman. Solairua eta abizenak soilik. Gureak.
Hasieran ez nuen irekitzeko asmorik. Zin dagit.
Barruan esaldi bi baino ez.
“Ezin dut horrela gehiago jarraitu. Esaiozu zuk ausartzen bazara”.
Ez zekarren sinadurarik.
Edozer esan zezaken. Abentura bat. Zor bat. Gaixotasun bat. Ihesaldi bat. Arazoa ez zen edukia; arazoa irekitzen ziren aukerak ziren. Ordura-arte gure etxea sendoa zen, trinkoa, arrunta alegia. Gutun hura ireki ondoren ordea, arrakala ikusezinak agertu ziren non nahi.
Bikotea begiratu nuen. Egongelan zegoen erdi negarrez. Ez omen zen ikusten ari zen filmarengatik. Alergia bat. Zergatik bestela? Noiztik? Galdetu nion nire buruari.
Gutun hura hausteko aukera izan nuen. Zakarrontzira botatzekoa. Inoiz iritsi izan ez zenaren itxurak egitekoa. Gertatzen ari zena gertatzen jarraituko zuen, baina nik ez nuen ezer jakingo. Ezjakintasunak badu babes-sare funtzioa.
Gau hartan ia egin nuen.
Baina gauzak jakitea isileko infekzio bat da. Behin barrura sartuta ez du etenik. Egiten zituen keinuak begiratzen nizkion, ordutegiak, isiluneak. Berandu iristen zen bakoitzean susmoak. Mugikorreko jakinarazpenak, alarma isilen bat.
Hirugarren gauerako jada ez nituen begiak biltzen.
Okerrena ez zen zerbait gertatzea, okerrena nik banekiela zen… edo horrela uste nuen. Izan ere ez nekien ezer, hori zen egia bakarra. Esaldi bi baino ez nituen, barruraino zalantzez kutsatu nindutena.
Laugarren egunean aurre egitea erabaki nuen.
-Gutun bat iritsi da -esan nuen gutuna mahai gainean utzita.
Ez nuen salatu. Ez nuen galdetu. Begiratu egin nuen bakarrik.
Berak gutuna hartu zuen. Berehala ezagutu zuen. Irribarre egin zuen.
Irribarre.
-Ez nuen oraindik espero -esan zuen.
Nire barnean zerbait hausten zela nabaritu nuen, baina ez zen espero nuena.
Armairuko tiradera ireki eta beste gutun sorta bat atera zuen. Berdinak.
-Itziarrenak dira -azaldu zuen -. Ahizpari tarteka hauetako gutunak bidaltzea eskatu nion, nobela amaitzen behartzeko. Nire buruari presioa sartzen ez badiot, badakizu, ez naiz kapaza. “Esaiozu zuk ausartzen bazara”… protagonistak bere buruari bidaltzen dion mezua da bizitzaz aldatu aurretik.
Zur eta lur geratu nintzen.
-Nobela? Zein nobela?
Berriro egin zuen irribarre, baina urduri oraingoan.
-Nirea. Hilabeteak daramat idazten. Amaitzean nuen esateko asmoa. Ez nuen ilusiorik egin nahi aguroegi.
Jarraian etorri zen isilunea desberdina izan zen. Ez zen zalantzaren ondorioa, lotsarena zen.
Okerrena ez zen gauzak gertatzea, okerrena nik nere buruan eraiki nuena zen.
Azken lau egun horietan traizioak irudikatu nituen, gezurrak, bizitza ezkutuak. Bi esaldi anbiguo haiek horretarako baimena eman zidatelako baizik.
Guztia berdin jarraitu zuen. Etxea berdina zen. Bera betikoa zen.
Aldatu zen bakarra ni izan nintzen.
Eta edozein engainu baino okerragoa zen zerbait ulertu nuen: askotan ez gara egiaren jabe. Frogak ditugula uste dugunean gure imajinazio propioa dugu egia delakoan.
Gutuna xamurtasunez tolestu nuen.
-Amaitzen duzunean -esan nion -lehena izan nahi dut irakurtzen.
Oraingoan malkoak ez ziren telebistako zegoen filmarengatik.













