Pailazo apal baten balada tristea
Sudur biribil eta gorri deigarria aurpegiaren erdian itsatsita eraman arren, ikusezina zen besteen begietara; baten batek berekin estropezu egin arte. Orduan barkamen eskeak zetozen, eskua bularrean, begirada galduak errua nori bota bila. Inork ez zuen ikusten, baina guztiek nabari zuten bere enbarazua. Hasieran lotsa zela pentsatu zuen. Gero bolada txar bat. Agur egin eta erantzunik Continue Reading
Sudur biribil eta gorri deigarria aurpegiaren erdian itsatsita eraman arren, ikusezina zen besteen begietara; baten batek berekin estropezu egin arte. Orduan barkamen eskeak zetozen, eskua bularrean, begirada galduak errua nori bota bila. Inork ez zuen ikusten, baina guztiek nabari zuten bere enbarazua.
Hasieran lotsa zela pentsatu zuen. Gero bolada txar bat. Agur egin eta erantzunik ez. Kafe huts bat eskatu eta tabernariak hurrengoari egiten zion kasu. Etxeko atariko bileretan hitz egiten zuen jakina, nola ez, baina bere hitzak lurrera erortzen ziren, inork ez zituen jasotzen. Ez zen garrantzirik ez zuela. Ez zela existitzen baizik.
Oihu egiten saiatu zen. Ezertxo ere ez. Isilik egoten saiatu zen. Ezta ere. Arropaz aldatzea probatu zuen, koloretsuagoak, orrazkeraz, aurpegiko makilajeaz. Herriaz. Ikusezintasuna bere atzetik zihoan, itzal astun baten gisa.
Baina txanponek beti dute bi alde. Ikusezina izatearenak ere bazuen berea: egia entzun zezakeen. Jendeak benetan pentsatzen zuena esaten zuen bakarrik zegoela uste zuenean. Aitorpen txikiak, etxeko miseriak, leundu gabeko krudelkeriak. Asko ikasi zuen. Batez ere ikasi zuen ikusgarri izatea beti ez zela opari bat.
Autbusaren zain zegoen batean iritsi zitzaion ezustea. Neskatila bat negar zotinka zegoen, nahigabetuta. Inork ez zion erreparatzen. Bera gerturatu, makurtu eta pentsatu gabe hitz egin zion. Neskatilak burua altxa eta begiratu egin zion. Benetan begiratu zuen.
-Hor zaude -esan zuen. -Zure zain nengoen.
Bihotzak kolpe lehor bat eragin zion. Ama korrika gerturatu zitzaien eta hark ere ikusi zuen. Gero gizon bat. Eta beste bat. Une batean mundu osoaren bistara zegoen. Irrifar koloretsua marraztu zitzaion aurpegian. Begiradak pisutsuak ziren. Ahotsa baldar irten zitzaion, herdoilduta urteetan erabili ez izanagatik.
Harrezkero, haur batek negar egiten zuen bakoitzean, norbaitek ikusi egiten zuen. Orduan bakarrik. Horrela ez zenean ikusezin bilakatzen zen berriro. Araua ulertu zuen beraz: oraindik ez ikusiarena egiten ikasi ez zutenentzat bakarrik existitzen zen.
Tratua onartu zuen. Urteak eman zituen parkeak bisitatzen, ospitaleak, urtebetetze festak…. Haurrak kontsolatu zituen, entretenitu, barre egin arazi. Milaka aldiz ìkusi zuten une batez. Inoiz ez zuen arrastoa utzi ordea. Inork ez zuen ondoren oroitzen.
Amaiera abisatu gabe iritsi zen. Gela zuri batean, atso batek isilpean egiten zuen negar. Gerturatu egin zitzaion, funtzionatuko ez zuelakoan. Baina emakumeak begirada altxa eta ikusi zuen.
-Eskerrik asko -esan zion ahopeka. -Joan naiteke jada.
Orduan ulertu zuen. Ez zen ikusezina. Ezer galdu ez zuenarentzat ez zen beharrezkoa. Emakumeak begiak itxi zituenean bera ere desagertu egin zen.
Gela hutsik geratu zen.
Ohe ondoko makina zarataka hasi zen.
Erizaina korrika sartu zen. Ohi bezala gelari begirada azkar bat bota zion. Ate ondoan, bazter batean, sudur gorri txiki bat ikusi zuen lurrean.
Makinaren zarata itzali eta medikuari deitu zion maindirearekin aurpegia estaliz.
Makurtu eta sudur gorria jaso zuen bi hatzen artean.
-Norena ote da hau?
Bi segunduz pentsatu zuen, zalantzan balego bezala. Medikua sartzean, zakarrontzira bota zuen. Kleenex eta fruta azal ondakinen artean sudurrak azken dirdir apal bat egin zuen. Eta betirako itzali zen.













