Santxoeneatarrak
Santxoenetarren etxearen erauzketa ez zen makinak iritsi zirenean hasi, ezta hesiak eta aldamioak altxatu zituztenean ere. Askoz lehenago hasi zen. Portaleko atea goizero ireki eta ixteari utzi zionean hasi zen, hautsa oinatzak estaltzen hasi zenean, beheko suaren ondoan beste inor eseri ez zen unean. Etxe hark herria hazten ikusi zuen, ez zaharrena zelako. Elkarbizitza, topagune, Continue Reading
Santxoenetarren etxearen erauzketa ez zen makinak iritsi zirenean hasi, ezta hesiak eta aldamioak altxatu zituztenean ere. Askoz lehenago hasi zen. Portaleko atea goizero ireki eta ixteari utzi zionean hasi zen, hautsa oinatzak estaltzen hasi zenean, beheko suaren ondoan beste inor eseri ez zen unean. Etxe hark herria hazten ikusi zuen, ez zaharrena zelako. Elkarbizitza, topagune, babes-leku eta sekretuen gordailu ere izan zelako. Han lokartu ziren lehen beldurrak; han esnatu ziren lehen ametsak.
Horma zahar haien barruan ikasi zuten elkarrekin bizitzen. Lurraz hitz egin zen, klimaz, jaiotzetaz eta agurretaz; aurrera egiteko zer egin behar zen eztabaidatu zen bertan. Libururik gabeko eskola, kargurik gabeko gobernu, aldarerik gabeko fede tokia. Harri bakoitzak erabakiren baten pisua zeraman. Konponketa bakoitzaren orbana erresistentziaren ikurra zen. Ez zen guztia prefektua izango, baina bai beharrezkoa.
Urteak aurrera joan ahala abandonua eta isiltasuna iritsi ziren. Itxitako leihoak begi itsu bihurtu ziren. Hezetasunak bere errelatoa margotzen zuen poliki-poliki komun, sukalde eta logeletako hormetan. Baina Santxoeneatarren etxeak zutik zirauen. Mende batzuen memoriaren gordailu izaerari eusten. Ez zuen betirako izan nahi, inork ez ahaztea eskatzen zuen soilik.
Makinak kolpatzen hasi zirenean behin betirako dela dirudi. Teilak goitik behera datoz. Geletako paretak erori ahala barruko arropak bistara, biluztu egiten da memoria. Baten batek lotsarik gabe familiako albumeko argazkien orriak zartatuko balitu bezala. Hautsak guztia estaltzen du, airean dabil hegaka: ez da zikintasuna, historia da hauts bihurtuta. Mailuaren kolpe bakoitzak inork idatzi ez zuen izen bat ezabatzen du, entzuten ez den irribarre bat, konpondu gabe amaitu zen eztabaida sutsu bat.
Aurrerapena dela diote, ezin dela iraganera begira bizi, aurrera egin behar dela. Baliteke. Baina nondik datorren ez dakien herria sustrairik gabe doa. Santxoeneaundi eta Santxoenetxiki eraustea ez da etxe-zahar bat botatzea soilik, belaunaldiak lotzen zituen ari bat etetea ere bada. Herriak aurrera jarraituko du, jakina, baina isilago. Desagertzen diren lekuek beraiekin daramatelako izaera eta jatorria.
P.D: Nora joan ote dira azken hamarkadetan abandonatutako etxe horretan bizi izan diren saguak? Hori beste baterako. Haiek hitz egingo balute.












