Zaplaztekoka
1986 inguruan zen. Garai hartan Madrilera joana nintzen nire antzezle formakuntzan areagotzeko asmoz. Bertan egin nuen nire lehen lanetako bat oroitzen dut. Ezagun baten lagun baten lehengusu batek egin nahi zuen film labur bat. Aktore zuzendari lanetan Madrilen antzezpena ikastera joan nintzeneko irakaslea. Begoña. Emakume argal luze bat. Ilehori luzea, hippy itxuraz jantzita. Ez pentsa Continue Reading
1986 inguruan zen. Garai hartan Madrilera joana nintzen nire antzezle formakuntzan areagotzeko asmoz. Bertan egin nuen nire lehen lanetako bat oroitzen dut. Ezagun baten lagun baten lehengusu batek egin nahi zuen film labur bat. Aktore zuzendari lanetan Madrilen antzezpena ikastera joan nintzeneko irakaslea. Begoña. Emakume argal luze bat. Ilehori luzea, hippy itxuraz jantzita. Ez pentsa film laburrarekin gehiegi oroitzen naizenik, baina bai eszena jakin batekin. Gidoiaren arabera zaplaztekoa eman behar nion nire “osabari”, ezagutzen ez nuen adineko aktore bati. Inoiz inori zaplaztekoa eman gabe nengoen oraindik, eta lehen entseguak nahiko ahulak izan ziren.
Nire lehen ahalegin frustragarrien ondoren, hippy itxurako Begoña, sutu eta deiadarka hasi zitzaidan.
-Horri esaten al diozu zuk zaplaztekoa jotzea?
Konturatzerako nire gainean zegoen Begoña herensuge baten modura nire kolkora sua botaz.
-Zure eskuarekin matrail hezurraren lerroan jo behar duzu, zarata handia ateraz eta min gutxi eginaz! Horrela, begira!
Zapla! Nire parean jarri eta zaplazteko izugarri bat eman zidan. Aurrean begira zeuden guztiek begiak itxi zituzten. Zarata izugarria izan zen. Eta mina, mina ere bai. Hamabost egunetan ez zitzaidan aurpegitik gorriunea joan. Malko batek, bakar batek, ihes egin zidan.
-Minik bai? Ez, ezta?
-Aitx!
Ezetz erantzun nion burua astinduz, ez nuen beste halakorik nahi. Baina Begoñak susmoa hartu zidan.
-Hori burua tenkatu duzulako izan da, erlaxatu, erlaxatu eta ez dizu minik emango.
Bizpahiru zaplazteko eman zizkidan bata bestearen atzetik. Antzezle izateak sufrimendua ere bazekarrela motxilan, baina halakorik?
Une batez Monty Pythonen “Flying Circus” filmean nengoela pentsatu nuen. John Cleese eta Michaek Palin bata bestearen ondoan, portuan, eskutan legatz bana dutela zapla eta plasta ari direnean bezala, koreografia zaindu batean legatz-muturka bietako bat uretara erortzen den arte. Zapla eta plasta.
Handik bi hilabetera zaplaztekoaren eszena ikusteko aukera izan nuen. Aparte. Ezagunaren lagunaren lehengusuak muntaketa egin zuenean kentzea erabaki zuelako. Erabakiak ez zidan minik eman. Zaplaztekoa ematen ikusteak bai ordea. Ikusten nuen bakoitzean mina ematen zidan. A! Ez dizuet esan. Azkenean nik osabari eman beharrean osabak niri eman zidan. Zaplazteko jole iaioagoa zen nonbait.