Iritzia: Demokrazia
Hemen duzue Ioritz Karrera Mendizabalek guztiokin elkarbanatu nahi izan duen hausnarketa.
Aurreko haritik tiraka nabil gaurkoan, askatasunaren espresio nagusitzat, gaur egun botoa emateko eskubidea dugula aintzat hartuta, honen inguruan izan ditudan gogoeta batzuk plazaratu nahiko nituzke, tartean beste termino batzuen inguruan zertzelada batzuk ematen ere saiatuko naiz.
Demokrazia terminoa bera, Grezia garaian sortu zen eta “herriaren aginpidea” adierazten du, hau da, herritarrek askatasunez eta berdintasunez beraien iritzia eman eta honen arabera erabakitzeko modua litzateke. Esaldi labur honetan, ordea, demokraziak hainbat gauza ezkutatzen ditu. Askatasunez hautatzen delakoaren gezurra batetik, aurrekoan esan bezala sistema kapitalista honen baitan langile klasea ez da aske, eta demokraziaren bitartez erabakitzen duena, ez da zer nolako askatasuna nahi duen, baizik zer nolako askatasun eza nahi duen soilik aukeratu dezake; hau da, legalitate burgesa zalantzan jartzen ez den eremuan soilik erabaki dezake.
Bestetik, berdintasunez aukeratzen dela esateak zalantzak sortzen dizkit, izan ere hainbat kasutan langile klasearen botoak eta burgesiarenak edo burgesiak nahi duen arenak, ez du balio bera; eta balio bera izateko kasuan ere, zalantzak ez zaizkit uxatzen, izan ere gaur egun kapitalak dituen gaitasunak eta langile klaseak ditugun gaitasunak ez dira berdinak iritzi bat garatzeko orduan, beraz berdintasunez erabakitzeen dugu?
Askotan entzun dut demokrazian hobe bizi garela diktaduran baino, egia izan daiteke. Baina gaur egungo demokrazia, diktadura forma bat dela ezin dugu ahaztu, hau da, gehiengoaren diktadura. Gizartean subjektibitate burgesa barneratuta dugu, horretako kapitalak gure bizitzako esparru guztietan esku hartzen du, hezkuntzan, komunika bideetan, soldataren bidez, etab. hots, gaur egungo kultura hegemonikoa baliatuz, burgesiak demokrazia baliatzen du kapitalaren diktadura legitimatzeko. Demokrazia errepresentatiboak gainera, nire iritziz gizartearen despolitizazio bat dakar, gure politika egiteko aukera edo unea urtean behin boto bat ematera mugatzen baitdu. Honekin langile klasea subjektu apolitiko bezala garatzea ahalbidetuz, eta burgesiaren botere tasak, benetako politika esparrua, inongo momentutan zalantzan ez jartzea lortuz. Amaitzeko aurrekoan bezala galdera bat luzatuko dut, eztabaida politikoa aberaste aldera. Demokrazia baliagarria izan al daiteke askatasuna eta berdintasuna lortzeko?
Ioritz Karrera Mendizabal (Zaldibia)