Materialismoa vs espiritualismoa; Rufino Iraolaren iritzi artikulua
Mendebaldeko zientziak errealitate materialetik ulertu nahi izan du unibertsoa; Ekialdeko mistikak, aldiz, ororen oinarria mundu espiritualean ardaztu du. Batzuek ezin zituzten aurkitu buru-adimenak laborategiko mahai gainean, eta besteek ezin zuten segurtzat eman beste izaterik beren kontzientziatik aparte.
Materia konplexuaren epifenomeno sinple bat baizik ez da kontzientzia zientzia klasikoarentzat. Beste aldetik, tradizio espiritualak gogor saiatzen dira materia aspektu mental hutsera murrizten. Hala zioten: kontzientzia da existentziaren lehen errealitatea, unibertsoaren esentzia eta izan ororen oinarria. Munduko objektuak ez dira jatorriko kontzientzia horren forma soilak baizik. Materiak, beraz, ezin sortu kontzientziarik, ez du egiten muga batzuen barruan kokatu baizik.
Gaur egun, hirugarren ikuspegi bat ari da indarra hartzen, askoz ere integralagoa non defenditzen den energia eta kontzientzia, biak, direla kontrario polar horiek bere baitan hartu eta sostengatzen dituen errealitatearen espresio duala –kanpoa eta barrua, objektiboa eta subjektiboa–. Ez dago, bada, izaki guztiz materialik eta ente espiritual pururik. Hirugarren bide honetan, gainditurik geratzen dira bai monismoak eta dualismoak, esaten da ‘materia’ eta ‘espiritua’ ez direla mintzairaren bi abstrakzio baizik, eta errealitate erreala, beti ere, bien ez-dualtasuna dela, adierazi ezineko ‘batasuna dibertsitatean’.
Ikusmolde horretatik, errealitate fenomeniko orok dauka kanpo-fazeta edo materiala eta barne-fazeta edo espirituala. Barnetasuna ez da, beraz, gizakiaren eremu esklusiboa, baizik eta mundu manifestatu ororen oinarrizko ezaugarria. Zientzia berrian esaten den eran. kontzientziaren eremua ez da unibertsoaren anomalia bat, baizik eta errealitate errealaren oinarrizko aspektu baten begi-bistako sintoma.
Ikusmolde integraletik, jada ez dauka zentzurik buru-adimenak materia baizik ez direla esateak, edo alderantziz, hau da, materia adimena besterik ez dela esateak. Honela planteatu beharko litzateke: kontzientzia da energiaren barne-fazeta eta alde subjektiboa, eta energia, berriz, kontzientziaren alde objektiboa eta kanpo-fazeta. Errealitate bakarraren (energia-kontzientziaren) aspektu korrelatiboak eta osagarriak dira biak; errealitate horrek gainditu egiten ditu gure kontzeptu dualak. Pertzepzio-unitateak hartzen ditu, beti, bere baitan nola barne-kontzientzia hala kanpoko mundua, eta adierazten du aspektu bien arteko erlazio funtsezkoa eta haustezina mundu fenomenikoan.
Materialistek eta espiritualistek, beren posizio estremoekin, errealitatearen fazeta bana bakarrik ikertzen dute, eta mespretxatzen duten mundua, munduren erdia, baztertu egiten dute. Materia eta espiritua txanpon beraren bi aurpegian dira. Ez dauka zentzurik, hortaz, bietako polo bati lehentasuna emateak, zeren inoiz ez dira agertzen isolaturik. Elkarrekin osatzen dute mundua.
Espiritualtasun purua bezain atzemanezina da materialtasun purua. Eremu fenomenikoan ezinezkoa da materia formarik gabe aurkitzea, edo formarik gabe materia aurkitzea. Adimenetik kanpo ez dago naturarik eta naturatik at ez dago adimenik. Zientziak kontzientziarik gabe desegin lezake mundua, eta kontzientzia zientziarik gabe gerta liteke hutsal. Errealitatearen barnea eta kanpoa, biak, integratu behar dira. Materialismoaren eta espiritualismoaren egia zatikatuak batuko lituzkeen eredu bat sortu beharko litzateke.Errealismoak kontzientziaren kanpoko eta independientetzat jotzen du unibertsoa. Idealismoak, aldiz, esaten unibertsoaren beraren substratua dela kontzientzia. Munduari zein adimenari independentzia-estatusa ematea errore handia da. Orain datorren korronte berria berdin oinarritzen da errealismoan eta idealismoan, baina gainditu eta transzenditu egiten ditu.
Pentsamendu postmodernoak ukatu egiten du errealitate objektiboa dagoenik, gure esperientziaz kanpo. Eta defenditzen du ez dagoela gauza independiente edo objektiborik gure kognizio prozesuaren kanpokorik. Beraz, bere kasa (pre-dado) den lurraldean sinestea, eta bere kasa den adimenarekin lurralde horren mapa egin daitekeela sinestea inozotasun itzela da.
Behatzaile eta behatuan oinarritzen zen zientzia klasikoa. Baina hori goitik behera erori da. Zientzia berriaren arabera, kanpoko munduak ez dauka independentzia propiorik, baizik eta zorrotz eta zuzen loturik dago gure pertzepzioei. Ikusten duguna ez da natura bere baitan, baizik eta natura gure galdeketa-metodoaren pean. Esperimentatzen duguna ez da kanpoko errealitatea, baizik harekiko gure interakzioa. Propietateak interakzio horiekin uztarturik daude, ez dira beren kasa inolako erlaziorik gabe existitzen diren gauzak. Guk ez dugu mundua behatzen, baizik parte hartzen dugu mundu horretan. Mundua ez da ‘gauzak’, kanpo eta barruaren arteko erlazioen armiarma-sare nahasia baizik, etenik gabeko joko sortzailean.
Ez objektuak eta ez kontzientziak dira existitzen beren baitan soilik, baizik bata besteari esker existitzen da. Gure kontzientzia ez dago unibertsotik aparte, baizik eta biak intimoki inplikatuak daude elkarren elikatze-prozesu txit konplexuan. Munduak ematen dio forma gure adimenari, eta gure adimenak ematen dio forma unibertsoari. Ingurumenak moldeatzen gaitu, eta, aldi berean, guk moldeatzen dugu ingurumen hori bera. Giza espirituak islatzen du unibertso bat non honek giza espiritua islatzen duen. Mundua gure espirituaren barnean dago, eta gure espiritua munduaren barnean.
(cf. Siendo nada, soy todo. José Díez Faixat, edt. Dilema, 44-48 or.)
Rufino Iraola