Mendi Lasterketa bertan behera
COVID-19ak eragindako gaur egungo egoerak 2020ko lasterketa bertan behera uztera eraman gaitu. Hemen duzue adierazpen ofiziala.
ADIERAZPEN OFIZIALA
Korrikalari, boluntario, lagun eta babesle agurgarriak,
Itxaropena… itxaropena omen da azkena galtzen dena eta Zaldibiako Mendi Lasterketaren antolakuntza taldea ere itxaropentsu zegoen. Baina COVID-19ak eragindako gaur egungo egoera ikusita eta zuhurtziaz jokatuz, gure lasterketa aurten bertan behera uztea erabaki dugu.
Izugarrizko pena ematen digu erabaki hau hartu behar izanak; aurtengo ekitaldia erronka gehigarri zein interesgarriekin baitzetorren, hain juxtu horietako bat Euskal Herriko mendi lasterketen ranking-erako puntuagarria izatea. 2021eko denboraldiari begira ere gustatuko litzaiguke zerrenda horretan egotea eta horretarako ilusio handiarekin lan egingo dugu!
Egoera aldatzen hasi dela dirudi, onerako bidean goaz eta argia ikusten hasiak gara. Hala ere, ez dugu argi ikusten ekainaren 20an lasterketa nahi bezala burutu ahal izateko baldintzak egongo direnik. Ez ditugu arriskuan jarri nahi boluntarioak, parte hartzaileak, ikusleak ez eta gure herritarrak ere.
Erabaki honek eragin ditzakeen ondorioak ikusita, izen ematearen diru kopurua %100ean itzuliko zaie izena emandako guztiei. Eskerrik asko zuen konfiantza eta apustuarengatik!
Gauzak hobetzen doaz, eta jada kalean kirola egiteko moduan gara, askatasun apur bat sentituz. Egoera berri honen aurrean ere zuhurtziaz eta zintzo jokatzeko deia egiten dugu. Erronka hau irabazi nahi badugu bakoitzak norbere hondar alea jarri behar baitaukagu.
2021ean ilusioz, indartsu eta gogotsu bueltatuko gara.
Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiegu babesleei, zaldibitarrei eta modu batean edo bestean parte hartzen duten guztiei.
Zaindu!