Aitor Asurmendi: «Harpidedunak dira proiektu honi eusteko zutaberik garrantzitsuena»
Hitzaren sorrera eta garapena gertutik bizi izan ditu Aitor Asurmendik. Goierritarrak kultur elkarteko kidea eta Goierriko Hedabideen Administrazio Kontseiluko lehendakaria da, proiektu haren sorreratik.
Duela ia zortzi urte sortu zen Goierriko Hitza, eta dagoeneko 2.000 zenbaki atera ditu. Nola laburbilduko zenuke urte hauetan egindako ibilbidea?
Tokiko informazioaren inguruan, euskarak bazuen hutsune bat, garai batean, erdarazko egunkariek bakarrik lantzen baitzituzten herrietako kronikak. Goierritarra aldizkariak egin zuen hutsune hori betetzeko lehen ahalegina, baina apustu hori, Hitzaren sorrerarekin, gehiago indartu zen. Esparru hori euskalduntzeko ahalegin bat egin behar zela ikusten genuen, eta urte hauetan, lorpen handia egin dugu, jende asko jarri baitugu, egunero egunero, bere herriko albisteak euskaraz irakurtzen.
Duela gutxi hausnarketa prozesu bat egin da, eta Goierritarra eta Otamotz aldizkariak bat egin eta GoiBerri sortzea erabaki zen. Nolakoa izan da sorrera hori?
Hitzaren sorrera eta martxan jartzea iraupen luzeko etapak izan baziren, hau Tourmalet igotzearen modukoa izan da. Azken batean indarrak batzea eta ditugun baliabideak hobeto aprobetxatzea izan da prozesu honen helburu nagusia. Eta horrekin, zabalpen handiagoa izatea lortu dugu, bai maiztasun aldetik eta baita hedapen aldetik ere. Kontuan izan behar da, zenbait herrik, Legazpik adibidez, orain arte ez duela euskarazko aldizkaririk izan, eta horra iristea ere izan da gure helburuetako bat. Kontua da proiektu hau martxan jartzeko garaia ekonomia krisiarekin batera iritsi dela, eta horrek gogor jo du zenbait alorretan, tartean publizitatearen arloan. Horregatik, behin eta berriz gogorarazi nahi diegu gure harpidedunei beraien babesa eta ekarpena ezinbestekoa dela, une honetan, beraiek baitira proiektu honi eusteko zutaberik garrantzitsuena.
Ekonomia krisiaz gain, prentsaren krisia ere hor dago. Horrek guztiak are eragin handiagoa izango zuen euskarazko prentsan, ezta?
Dudarik gabe. Badakigu egoera latza dela. Azken boladan ikusi dugu nola hainbat komunikabide itxi egin behar izan dituzten, eta euskarazko prentsan ere eragin handia izan du. Uste dut jendeak benetan baloratu behar duela euskarazko komunikabideak izateak atzetik duen lan eta ahalegin guztia, eta komunikabide horiek mantendu nahi baditugu, kontziente izan behar dugu denok jarri behar dugula geure aletxoa. Egoera ikusita, denok egin beharko genuke gogoeta hori.
Teknologia berriek eta sareak gero eta indar gehiago hartu dute, paperaren kaltetan. Nola ikusten duzu etorkizuna?
Garbi dago aukera handiak eskaintzen dituen mundu berri bat zabaldu dela hor, baina lehen aipatu dugun krisiaren haritik, jendeak gero eta gehiago jotzen du euskarri berri horietara, eta albisteak lehenago ikusten ditu edizio digitalean, paperean baino. Eta garbi dago etorkizuna baliabide horietan dagoela; baina momentuz, paperarekin alderatuta, ez dira ekonomikoki bideragarriak. Horregatik, bata eta bestea uztartzen saiatu behar dugu, bai guk eta baita irakurleek ere.