Garbiñe Mendizabal: «Krisia gainditzeko, erabakitze eskubidea ere funtsezko giltzarria da»
Eusko Legebiltzarrerako EAJren hautagai gisa bigarren hauteskundeak ditu Garbiñe Mendizabal zaldibiarrak. Legebiltzarkide izan da 2009tik. Erakunde, Herrizaingo eta Justizia Batzordean, Hezkuntza Batzordean, Kultura eta Gazteria Batzordean, eta Europako Gaietarako eta Kanpo Harremanetarako Batzordean parte hartu du. Euskararen Aholku Batzordeko kide 2008tik da.
Zer itxaropenekin ekin die EAJk hauteskunde hauei?
Irabaztera goaz. Aspaldiko partez lehen aldiz indar politiko guztiek dute parte harzteko aukera, eta pozgarria da. Gure etsaia, kakotx artean, EH Bildu izango da. Baina, abertzale izanik, sortuko den Legebiltzarra konstituzionalista baino abertzaleagoa izango da, eta hori da gure nahia.
Zer lehentasun dituzue alderdi gisa?
Bidegurutze oso garrantzitsua izango du gobernuak. Batetik, ezin da ahaztu dugun krisia latza dela, eta ekonomia aldetik erronka handia dago. Bestetik, gure herriko bakea eta normalizazio politikoa sendotu beharko litzateke. Krisia gainditzeko, erabakitzeko eskubidea ere funtsezko giltzarria da. Joseba Egibarrek esaten duen bezala, ekonomia eta politika txanpon baten bi aldeak dira, elkarri jaten ematen diotenak: zenbat eta erabakitzeko eskubide gehiago, ekonomiari buruz erabakiak hartzeko orduan eta aukera gehiago; eta, zenbat eta ekonomia egoera hobea, orduan eta erabakiak hartzeko aukera gehiago.
Bi arlo horietan, non jarriko duzue indar gehiago? Katalunian independentzia nahiak altxatu dira. Ekonomia krisia bideratzeko politika erabakiak lehenik, ala alderantziz?
Galdera da independentziak berez ekarriko duen hemen irtenbidea. Gauetik goizera independente baldin bagara, hori da soluzioa? Guk uste dugu ezetz, jartzen den helburu potolo bat da, baina galdera da nola egiten den. Eguneroko lanarekin lortu behar dira gauzak. 30 urtean horretan jardun dugu. Ibarretxeren estatutu politiko berriaren mugarria hor dago, bere garaian Legebiltzarrak gehiengo osoz onartu zuena. Kataluniak bere bidea darama. Guk, estatutu politiko berriaren ildotik sendotzeko aukera bat badaukagu. Legebiltzarrean elkartzen garen alderdi politiko guztien artean hitz egin beharko da, eta ea zer ateratzen den.
Krisi ekonomikoa pil-pilean da, murrizketak tarteko. Irteera nondik ikusten diozue egoerari?
Emergentzia nazionaleko egoeran gaude. Azken hiru urteetan Euskadin langabezia %35 igo da, 150.000 langabe baino gehiago daude. 1980ko hamarkadatik ezagutzen ez genituen datuak dira. Gure alderdiak dio badaudela soluzioak, eta kanpotik ez dutela etorri behar. Hemen landu behar ditugu. Hiru urte eta erdian egon den gobernu honek ez du ezer egin, ez du politika ekonomikorik edo industrialik jarri. Berrikuntzan ez du batere inbertitu.
Zer proposatzen duzue?
Gazte enplegua sustatzeko plan integrala, norberak bere enpresa planak egiteko laguntzak, 250 milioiko funtsa autonomo, enpresa txiki eta ertainentzat. EAJk baditu konpromiso eta ekimen batzuk, adibidez enpresei nazioarteratzeko laguntzak ematea. Ikusita dago Espainian ez dagoela ia merkaturik. Europara eta mundura esportatu behar ditugu gure produktuak, eta horretan abilak izan beharrean gaude. Datu bat bakarrik emateagatik, transferentzia baten bidez EAJk 65 milioiko diru-sail bat lortu zuen Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzarako. Gobernu honek, diru horretatik 900.000 euro bakarrik gestionatu ditu. Beste diru guztia ez dakigu non dagoen. Berrikuntzan etengabe inbertitu behar da, hor ezin da murrizketarik egin. Hezkuntzan eta osasunean ere mugarriak jarriak ditugu. Enplegua sustatzeko ekimenak, hezkuntza eta osasuna ezin dira murriztu, sustatu baizik.
Iñigo Urkulluk atzo esan zuen jaurlaritzaren aurrekontua %10 txikitu beharko dela datorren urtean.
Diru bilketa ez da izan espero zutena, eta gainetik gobernu honek zorra bederatzi halako handitu du. Eta zorra zuk jasan dezakezuna baino gehiago sortzen uzten ez dizutenez, %10 murriztu beharko da aurrekontua. Etxe batean egiten den bezala, kakotx artean premiazkoa ez den horretan mehetu beharko dira aurrekontuak, premiazko gauzek murrizketarik izan ez dezaten. Astero afaltzera joan beharrean, hilean behin joan beharko da.
EAEko lehen hauteskundeak dira ETAk jardun armatua utzi zuenetik. Bakegintzan, zein da orain urratsa?
Nik, pertsonalki, lehenengo aldia dut horrelako egoera bat bizi dudana. Jaio nintzenean ETAren indarkeria eta bestelako indarkeria hor zeuden. Oso berri pozgarria da, denok amesten genuena. Horregatik, oso pozik. Hauteskunde hauetan, indar politiko guztiek dute aukera, eta herritarrek aukera guztiak dituzte bozkatzeko. Oso garrantzitsua da, demokrazia hori delako. Hortik aurrera, ikasi beharko dugu denok denekin hitz egiten, errespetutik abiatuta. EAJk esaten du bake prozesu hau sendotu egin behar dela, lehentasuna da. Eta giza eskubide guztiak defenditu behar dira. Giltzarria errespetua eta giza duintasuna dira. Biktima guztiak, edozein sufrimendu mota izan dutenak, aitortu egin behar dira. Etorkizunari begiratzeko, demokrazia izan behar du adostasun sozial eta politiko handiena bilatzeko hitz magikoa. Hori sendotzeko bideak aurkitu behar ditugu.
Egoera honek ahalbidetzen du akordio abanikoa zabaltzea? Adibidez, 2001ean Ibarretxek Euskal Herritarroken babesa jaso zuen. Indarrak biltzerakoan eraginik izango du?
Beno, Ibarretxe plana deritzonak, hiru boto alde eta hiru boto kontra jaso zituen Euskal Herritarroken aldetik. Gabezia bat ikusi genuen horretan, garai hartan. Politika denon artean hitz egitea eta adostasunak bilatzeko saiakera egitea da. Iruditzen zait oso eszenatoki aldekoa dagoela alde horretatik: abertzaletasunaren ikuspegitik gehiengoa izango garela diote inkestek. Akordioak adostu beharko ditugu.
Bototan edo zizeilu kopuruan irabazita ere, badirudi agintera iristeko itunak beharko direla. EAJk zer bide hobetsiko du, irabazle bada?
Estrategikotzat jotzen ditugun esparruak programan daude. Lehendabizi hauteskundeak pasatu behar dira, eta gero ikusiko da denon artean zer adosten dugun, zelai jokoa jarri eta gero.
Azpiegitura berrien lanak geraraz ditzake kaudimen faltak?
Espainiak badauka nahiko lan bere buruarekin, eta horren eragina izateko arrisku handia dugu. Baina sortzen den gobernuak posible dena eta borroka egin beharko du, hitzartutako ildoak edo hitzarmenak puska ez daitezen.
Goierriri begira, halako eskualdeetarako zer planteamendu du EAJk?
Ekonomia eta justizia soziala azpimarratuko nituzke. Goierri industria eta ekonomia aldetik eskualde oso garatua eta garrantzitsua da, eta horri eusten saiatu beharko genuke. Enpresak, bai handiak eta bai txikiak, ixten ezin dugu utzi. Gero, marko orokorrean, justizia soziala; inor ezin da bazterrean geratu. Badaude gaizki pasatzen ari diren pertsonak, eta daukagunok uko egin beharko diogu premiazko ez den horri, ez daukatenak hobeto bizi ahal izan daitezen.
Pertsonalki euskararekin harreman estua duzu, ikasketaz eta lanbidez. Eusko Jaurlaritzak ere euskara lehenetsiko du?
Lehenetsi egin beharko lukeela pentsatzen dut, eta sortzen den gobernua abertzalea baldin bada, alderdi horretatik arazo gutxi edukiko dituela. Konpromisoa behar da euskara erabiltzeko, norberarena lehendabizi, eta herri administrazioek babesa eman behar diote, hizkuntza politika eginez. Bizikidetza horretarako da aukera berdintasuna.
Azken legealdian legebiltzarkide izan zara. EAJren Gipuzkoako zerrendan 8. postuan zoaz orain. Zer aukera ikusten dituzu jarraitzeko?
Botoak dira, azkenean, inkesta onena, eta urriaren 21ean esango dizut [barrez].