Juanjo Agirrezabala: «Independentziak ongizatea bermatzeko aukera emango digu»
Juanjo Agirrezabala (Legazpi, 1959) EH Bildu koalizioaren hautagaia da Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Irakaskuntzan diplomatua eta Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan lizentziatua da. Eusko Alkartasuna alderdian garatu du Agirrezabalak orain arteko bere ibilbide politikoa. Legebiltzarkidea izan da azkeneko legealdian.
Euskal Herriak orain bizi duen egoeraren testuinguruan, inoiz baino garrantzitsuagoak al dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak?
Hauteskundeak beti izan dira garrantzitsuak, baina egia da, oraingo hauek bereziki garrantzitsuak direla. Hurrengo legebiltzarrak erronka handiei aurre egin beharko die, eta euskal gizarteak, EH Bilduren bitartez, aukera historikoa du porrot egiten duten politikak eta politika egiteko moduak errotik aldatzeko. Legebiltzarrak krisi ekonomikoa gainditzeko neurriak hartu eta normalizazio politikoa bideratu beharko du. Gauzak aldatzeko beharrezkoa izango da ezkerreko ikuspegiak eta subiranotasun osoaren aldeko aldarriak Legebiltzarrean indarra izatea. EH Bildu aldaketaren bermea izango da.
Zeintzuk dira EH Bilduren lehentasunak?
Krisiari erantzun egokia eman behar diogu. Hori ez da posible izango orain arte EAJk, PSE-EEk eta PPk bultzatu duen ereduaren bidez. Alderdi horien eredu politikoak porrot egin du; horregatik, EH Bilduk bestelako eredu bat dakar, justizia sozialean eta burujabetzan oinarritutakoa. Uste dugu, zerga politikaren aldaketak baliabide ekonomikoak eman ditzakeela hezkuntza, osasuna eta gizarte zerbitzuak bermatzeko eta enplegua lortzeko. Independentziarako urratsak eman nahi ditugu eta ez dugu alde bakarreko erabakiak hartu beharra baztertzen.
Politika beste modu batera egin nahi duzuela diozue, pertsonak politikaren erdigunean jarriko dituena. Zer esan nahi duzue horrekin?
Instituzioek herritarrei bizkarra emanez lan egin dute orain arte. Horrek gutxiengo pribilegiatu batek sortu duen, baina gehiengo xumea ordaintzen ari den krisi egora honetara ekarri gaitu. Instituzioek, hein handi batean, ez diete gizartearen beharrei erantzun. Guk instituzioak herritarren esku jarri nahi ditugu. Herritarrekin aritu eta erabaki nahi dugu. Demokrazia parte hartzailean sinisten dugu.
Ekonomia krisiak markatutako hauteskundeak dira. Nola ikusten duzue egoera?
Kezkatuta gaude egoera larria delako, baina aldi berean itxaropentsu gaude, jakin badakigulako konponbidea badagoela. Herri itun bat behar dugu horretarako, hori bai, konponbideak ezinbesteko oinarri bat jaso behar du: enpleguaren eta ongizate estatuaren lehentasun osoa. Hauek ez dira zementuan oinarritutako politika egiteko garaiak.
Horren harira, Espainiatik datozen neurrien gainean zer duzue esateko?
Hasteko, neurri horiek ez dira Euskal Herriak behar dituenak. Gure errealitatea, zorionez, ez da Espainiarena. Burujabeak izan behar gara hobeto bizitzeko. Madrilen hartzen ari diren neurri guztiak, ia salbuespenik gabe, atzera begira daude. Guk ordea, aurrera egin nahi dugu, etorkizunari begira gaude, eta argi ikusten dugu euskal gizarteak bere etorkizuna burujabetzaren eta independentziaren bidetik eraikiko duela.
Zergen politika errotik aldatu nahi duzue.
Zerga politikaren erreforma lehentasunezkoa da EH Bildurentzat. Enplegu duina sortzeko eta zerbitzu publikoak bermatzeko dirua behar da, eta hori lortzeko bidea zerga politika da. EAJren, PSE-EEren eta PPren politikari esker, gehien dutenak ez dira gehiago ordaintzen ari, eta hori onartezina da. Ondarearen gaineko zerga aldatu eta aberastasun handien gaineko zerga bihurtzea proposatzen dugu, horrela bilketa %20 igoko litzatekeelako. Sozietateen gaineko zerga ere aldatu behar da, bere tipoen jaitsiera etengabea izan delako. PFEZ ere moldatu nahi dugu, errentarik handienak eta kapitaleko errentak gehiago kargatzeko. Eta noski, zerga iruzurraren aurka tolerantzia zero.
Independentzia krisiari aurre egiteko bideetako bat dela diozue.
Noski. Independentzia herri gisa dugun eskubidea da, baina independentzia aldarrikatzen dugunean ez diogu bihotzari bakarrik begiratzen. Independentziak ongizatea bermatzeko aukera emango digu, Euskal Herriak hala izateko baldintza guztiak betetzen dituelako. Independentziak hondamendia ekarriko duela esaten dutenak beldurraren estrategia erabiltzen ari dira. Baina, beldurra beraiena da. PPren eta PSOEren arazoa ez da independentzia Euskal Herriarentzat txarra izatea, Espainiarentzat txarra izatea baizik.
Koalizioan aurkezten zarete ezkerreko zenbait alderdi. Zer irakurketa egiten duzue honen gainean?
Ideologia eta tradizio ezberdineko alderdiok EH Bildu osatu dugu, argi dugulako une historiko honetan Euskal Herriak adostasuna behar duela. Erronkak handiak dira, eta akordioak bilatu behar ditugu herri gisa ditugun helburuak lortzeko. Horregatik, EH Bildu eredugarria da zentzu horretan.
Bake prozesua martxan da. Zein unetan dagoela iruditzen zaizu?
ETAren borroka armatua desagertzearekin batera agerian geratu da Espainiak ez duela bakegintzan eta normalizazio politikoan aritzeko borondate politikorik. Normalizazioa gure lehentasuna da krisi ekonomikoari aurre egitearekin batera. Gure konpromisoa argia da bakearen, normalizazioaren eta eskubide zibilen eta politikoen alde. Datorren legealdian erabakitze eskubidea praktikara eramateko oinarriak jarri behar ditugu guztion artean, akordio bidez. Gatazkaren erroetara jo eta era demokratikoan gainditzeko garaia da.
Orain arte Euskal Herrian aurrera eraman diren hainbat politika kritikatu dituzue, tartean azpiegituretan egin diren inbertsio handiak.
Azpiegitura erraldoien garaia amaitu da; lehentasunak bestelakoak dira, enplegua sortzeari eta ongizatea bermatzeari lotutakoak. Gezurra da gainera, adibidez, AHTa bezalako azpiegitura batek aberastasuna ekarriko duela, horrelako inbertsioak denboran mugatuak eta puntualak baitira. Horregatik, luzamendu bat proposatzen dugu, garraio eredu honen inguruan guztion artean hausnartzeko eta zer egin erabakitzeko.
Zaborraren gaia pil-pilean dago Goierrin.
Eskuduntza hori udalen eta mankomunitateen eskuetan dago, legebiltzarrak ezer gutxi egin dezake. Dena den, birziklatzea ezinbestekoa da. Argi dago, atez atekoak eman dituela emaitzarik onenak. Espainiako ministerioak berak ere hala aitortu du. Gu eztabaidatzeko prest gaude, baina orain arte EAJk, PSE-EEk eta PPk nahiago izan dute arduragabekeriaz, alderdikeriaz eta politikakeriaz jokatu.
Zer garrantzi du euskarak EH Bilduk egin nahi duen politikan?
Hizkuntza politika berria behar du Euskal Herriak, euskararen erabilpena benetan normalizatzeko eta euskal herritarren eskubideak bermatzeko. EH Bilduk nahi duen hizkuntza politikak euskaraz bizi ahal izateko baldintzak sortuko ditu, politikoak, juridikoak, sozialak, ekonomikoak eta kulturalak. Bestetik, hezkuntza sistemak euskara jakitea bermatuko du.
Zer duzue herritarrei eskaintzeko, besteek eskaintzen ez dutena?
Guk aldaketa eskaintzen dugu. Orain pairatzen ari garen krisia EAJren, PSE-EEren eta PPren eredu okerraren ondorio zuzena da. Gure ereduak pertsonari begiratzen dio eta lehentasunak pertsonei eragiten dieten alorretan jartzen ditu: hezkuntzan, osasunean, gizarte zerbitzuetan edo enpleguan, besteak beste. Herritarren parte hartzea funtsezkoa delako, politika egiteko modua ere aldatu nahi dugu.