Baserria, emakumeen babesleku
Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, haien kontrako indarkeria salatzeko mezu ugari entzun dira egunotan. Indarkeria mota horrek, kalte fisikoak ez ezik, kalte psikologiko handiak eragiten dizkie emakumeei. Horiek tratatzeko eta beraien emozioak lantzen eta kontrolatzen ikasteko, ekimen berritzaile bat egin dute Pagorriaga landetxean. Zortzi emakume Murumendiren magalean dagoen etxe honetan izan dira bi astez, taldeko terapietan eta tailerretan parte hartzen.
Pagorriagako Agustin Linazasorok azaldu duenez, «Aldundiaren harrera etxeetan dauden neska-mutilekin» hasi ziren lanean. Hiru programa egin zituzten haiekin, adimen emozionala landuz. Aurten, ordea, tratu txarrak jasan dituzten emakumeekin lan egiteko proiektua jarri dute martxan. «Hemen, eskenatoki honetan, esperientzia multzo bat eraikitzen da, non ondo gidatuta, ikasten duten bai beraien burua ezagutzen, gertatzen zaiena argitzen, eta hartu emanetarako gaitasun berriak lantzen».
Programa horiek aurrera eramateko, inguruneak garrantzia berezia du Linazasororen ustetan. «Naturaren eta animalien bidez, sentsazioen mundu berri batean» sartzen direla dio. «Giro hau berezia da, ez da hiria. Hiria zarata da, eta gainera, hor bizi izan dituzte trauma guztiak, eta memoria bat dute han. Handik naturara ekartzeak eskenatoki aldaketa bat dakar; jada ez dago aitzakiarik, dena berria da, eta egoera berri batean eta esperientzia berriak biziz, egiten dute nolabaiteko berriz zabaltzen».
Emakume horiek, beraiei gertatu zaiena entzunez, eta beraien esperientziak besteenarekin elkartrukatuz, «emaitza harrigarriak» lortu dituztela azaldu du. «Hor konexio bat sortzen da, eta horrek sintonia bat dakar. Eta horrela hasten dira, emozioen errota hori mugituz, norbere egoera hobeto ulertzen. Hala, «egoera horiek errekonozitzea eta emozio horiek nola maneiatu ikastea» da programaren helburua. Beraien burua baloratzen ikasten dute, indarkeria jasan duten emakumeek autoestimua erabat zapalduta izaten baitute.
Intentsitate handiko egunak
Hamahiru eguneko epea «nahikoa motza» izan bada ere, «oso intentsoa» izan dela azaldu du Linazasorok. «Eraldaketa hori, tximeletaren transformazio hori gertatzen da, eta emakume zoragarriak agertzen dira». Hasieran erabat itxita etorri ziren emakume horiek irekitzen joan ziren pixkanaka, eta azken egunean, «festa eta dantza giroan» bukatu zuten.
Guztira zortzi emakumek parte hartu dute lehen programa horretan. 18 eta 59 urte arteko emakumeak ziren, eta Tolosatik eta Eibartik etorri badira ere, jatorri eta kultura ezberdinetako emakumeak dira denak; tartean marokoar edo Hego amerikar jatorriko emakumeak ere baziren. «Historia ezberdinak dira, baina denetan dago menpekotasun bat, suntsipen bat, eta kasu batzuk oso krudelak dira. Oso ausartak izan dira denak».
Pagorriagan egin dituzten bi asteetan, taldeko terapia eta hizketaldiez gain, hainbat tailer ere egin dituzte. Blanca Gutierrezek kantu tailerra egin du; Pilar Sedanok shiatsu masajeak; Marianne Gomezek eta Maria Sotok zaldien coaching tailerra; zaldien doma ere egin dute, Idoia eta Marta Garciarekin; Olatz Markosek samurtasun tailerra eman du, eta Teatro de las Oprimidas taldeak antzerkikoa. Azken eguneko festan, Kolore musika taldeak eta Tolosako Pailaztana clown taldeak ere parte hartu zuten. Horien guztien lana ere nabarmendu nahi izan dute Pagorriagako arduradunek.
Baserria eta nekazal mundua indartzea da proiektuaren beste helburuetako bat. Zentzu horretan, egonaldi horretan kontsumitu dituzten produktu guztiak inguruko baserrietakoak edo bidezko merkataritzatik ekarritakoak izan direla ere azaldu dute.
Elkarlanaren bidetik
Horrelako egitasmo bat martxan jartzeko, ezinbestekoa da erakunde ezberdinen arteko elkarlana. Linazasorok azaldu duenez, «diru falta leku guztietan dago, eta gure filosofia gauza hauek garai batean bezala auzolanean egin behar direla da, eta horretarako aliantzak behar dira». Hala, lantalde bat osatu dute; «nahiz eta kide bakoitza toki eta estamentu ezberdinetan egon, denok helburu berdinarekin lan egin behar dugu. Sare bat sortu da gizartean arazo honi batera erantzuteko». Hala, administrazio publikoak, erakunde finantzarioak, enpresa mundukoak eta zientzia arlokoak elkartu dira.
Orain arteko programetan, Eusko Jaurlaritzaren, Foru Aldundiaren eta Emakunderen laguntza izan dute batetik, baina baita Kutxa Ekogunearen edota GBE-NER enpresa taldearena ere. Azken horren kasuan, filosofia bera konpartitzen dutela azaldu du Linazasorok, «talde horren oinarria pertsonak» baitira. Gainera, programa honetarako laguntza emateaz gainera, taldeko boluntario bat ere haiekin izan dela azaldu du, eta esperientzia aberasgarria izan dela.
Pagorriagan martxan jarri duten proiektu hau aitzindaria da, eta «esperientzia ona» izan dela azaldu dute. «Oraindik informeak egiteko badaude ere, adierazle guztiek diote helburuak %100ean bete ditugula». Hori dela eta, ekimenak jarraipena izango duela uste du, «beharra dagoelako».