Goi tentsioko linearen aurkako 'itsaso gorria' Donostiaraino eraman du plataformak
Demokrazia eskatu du Autopista Elektrikorik Ez plataformak gaur, eguerdian, Donostian egin duen protesta ekitaldian. Deikaztelu eta Ezkio-Itsaso arteko goi tentsioko argindar linearen proiektua aurrera bidean da, Espainiako Gobernua izapideak egiten ari delako, REE Red Electrica Española enpresaren eskariz. Aldiz, plataformak bultzatuta 14.000 herritarrek aurkeztutako helegiteek ez dute inongo erantzun izan administrazioaren partetik. Bi arloak salatu dituzte 500 bat lagunek —asko eta asko goierritarrak— Donostian.
Plataformak ateratako elastiko gorriak jantzita, ‘itsaso gorria’ osatzea zuten gaurko egitekoa. Eta osatu dute. Alderdi Ederren lehenbizi, eta Kontxako hondartzan gero, goi tentsioko autopistarik ez dela behar adierazi dute. Herritarrez gain, udal hautetsiak ere izan dira bertan.
“Herriaren kontrako jarrera nabarmena aintzat hartuta, udal hautetsiek eta gizarte eragileek zera eskatzen dugu: Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak proiektu hau plangintza elektriko berriak ez sartzeko eskaria egin dezatela. Espainiako Gobernuari, berriz, izapideak geldiarazteko eskatzen diogu, eta ondoren proiektu osoa albo batera uzteko. Zeren, bestela, herritarren ordezkaritza demokratiko legitimoari iseka egingo liokete”, ohartarazi dute, Donostiako Agiria bezala sinatu duten dokumentuan.
Goi tentsioko linea horren proiektua 2011ko abuztuan udaletara iristen hasi zenetik, herri erantzunaren errepasoa egin dute. Gogoraratu dute iazko herri galdeketetan botoa eman zutenen %99,32k proiektuaren kontra egin zutela —erroldaren %63k parte hartu zuen—. Bestetik, Lurkide konpromisoa 247 elkartek eta eragilek hartu dutela oroitu dute, azpiegiturak izango lituzkeen 247 dorre elektrikoren orubeen defentsa irudikatu zutenak.
“Hiru urte hauek garbi utzi dute zer erlazio estua duten gobernuek, enpresa multinazionalek eta korrupzio politikoak. Botere politikoa oligarkia ekonomikoaren menpe dago, eta haien interesen mesedetan demokrazia abandonatu du”, esan du plataformak gaur.
Deikaztelu-Itsaso lineak 400.000 volteko indarra garraiatuko luke, bi noranzkoetan. Nafarroako eta Gipuzkoako 220 udalek eta kontzejuk mozio bidez errefusa adierazia diote. Altsasuko Adierazpena (2012ko abendua), berriz, 417 pertsona publiko ezagunek izenpetu zuten.