Zabor sistema aldatuko dute
Edukiontzi berdea kendu eta errefusaren ontzi grisa jarriko dute Zegaman. Astean behin bota ahalko da errefusa. Azaroaren 12an herri batzarra egingo dute udaletxeanGaur egun Zegaman %54 ingurukoa da zaborraren gaikako bilketa. Zifra hori %75era igotzek...
Edukiontzi berdea kendu eta errefusaren ontzi grisa jarriko dute Zegaman. Astean behin bota ahalko da errefusa. Azaroaren 12an herri batzarra egingo dute udaletxean
Gaur egun Zegaman %54 ingurukoa da zaborraren gaikako bilketa. Zifra hori %75era igotzeko helburuarekin, hondakinak biltzeko sistema mistoa ezarriko dute herrian datorren abenduaren 10ean. Oraingo edukiontzi berdea kendu, eta, bere ordez, edukiontzi grisa jarriko dute. Errefusa baino ezingo da bota edukiontzi grisean, hau da, birziklatu ezin daitezkeen hondakinak.Edukiontzi grisa itxita egongo da astean zehar, eta asteazkenetan baino ezingo da ireki. 24 orduz izango da edukiontzia irekitzeko aukera. Horretarako, bakoitzak txartel bat izango du. Azaroaren 17tik 21era eskatu behar da txartela, udaletxean, 09:00etatik 14:00etara. Azaroaren 18an eta 20an, gainera, arratsaldez ere eskatu ahalko da, 16:00etatik 19:00etara.
Pixoihalentzako ontziak
Zerbitzua osatzeko, pixoihalentzako edukiontzi bereziak ere jarriko dituzte herriko bizpahiru puntutan. Hortaz, etxean pixoihalak erabiltzen dituzten haurrak edo adineko pertsonak dituztenek udaletxean jakinarazi beharko dute txartela eskatzera joaten direnean. Modu horretan, pixoihalen edukiontzia irekitzeko programatuko dute pertsona horien txartela, eta txartel berarekin ireki ahalko dituzte errefusaren eta pixoihalen edukiontziak.
Orain arteko beste lau edukiontziek —beira, organikoa, papera eta ontzi arinak— bere horretan jarraituko dute. Organikoen edukiontzia orain arteko giltza berdinarekin irekiko da aurrerantzean ere. Oraindik organikoa bereizten hasi ez direnei, azaroaren 17ko astean debalde emango zaizkie ontzia, giltza eta poltsa konpostagarriak.
Zegamarrei datozen egunetan emango zaie aurrerantzeko sistemaren berri, eta azaroaren 12an herri batzarra egingo dute udaletxean, 18:30ean. Dena den, Edurne Albisu Zegamako alkatearen eta Iñaki Erauskin Sasietako kudeatzailearen hitzetan, aldaketa oso txikia izango da orain arte zaborra gaika bereizten zutenentzat. «Eta besteak bereizten hasi beharko dira, ez dago besterik».