Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu zen atzo Euskal Herri osoan, eta baita gure mugetatik kanpo ere. Goierrin ere, kolore eta gustu guztietarako ekitaldiak antolatu zituzten herriz herri. Denetan, Euskararen Eguna urteko 365 egunetan izan behar dela aldarrikatu dute.
Urretxu-Zumarragako Ikastolan, batukada erraldoia egin zuten bertako ikasleek; Gainzurin berriz, giza-mosaikoa, ‘365’ zenbakiak osatuz. Beasainen Mintzodromoa egin zuten, eta Lazkaon, kantu-jira. Ordizian, euskararen aldeko herri lasterketa eta ekitaldia egin zituzten; azken honetan, Hitzaro Euskara Elkarteak, Amets Bide dantza taldeak eta Goierriko Hitzak parte hartu zuten. Beste herri askotan ere, hitzaldiak, bilkurak edo kantu eta poteo giroko ekitaldiak izan zituzten.
[nggallery ID=64]
Eman aurpegia euskararen alde!
Euskarak erabiltzaileak behar ditu, bere alde aurpegia emango duen jendea. Hori dela eta, Goierri garaiko merkataritzan euskara sustatzeko planaren barruan, mosaiko erraldoi bat egin behar dute 1.000 lagunen aurpegiekin. Merkatariekin euskaraz egiteko konpromisoa hartu nahi dutenek,
pozikgainera@gmail.com helbidera edo 628 75 99 48 zenbakira bidali behar dituzte euren argazkiak.
Helburua merkataritzan euskara bultzatzeko bezero euskaldunak aktibatzea da. Egitasmoarekin bat egiten dutenen argazkiekin, bi metro zabaleko eta 1,2 metro altuerako mosaikoa egingo dute. Aurpegiekin Euskaraz? Pozik gainera! egitasmoko logoa estaliko dute. Mosaikoa osatzeko gutxienez 1.000 lagunen argazki bertikalak behar dituzte.
Goierri garaiko 14 urtetik gorako edonork bidali dezake bere aurpegiaren argazkia. Argazkiak bidaltzeko azken eguna otsailaren 13a da. Gainera, euskara elkarteak kalera aterako dira merkatariekin hitz egiteko konpromisoa hartu nahi duen jendearen bila.
Urretxuko eta Zumarragako Zintzo Mintzo elkarteak mahaia jarri zuen atzo Areizaga-Kalebarren plazan eta Legazpiko Zingi Zango elkarteak argazki jira musikatua antolatu du hilaren 26rako. 12:00etan elkartuko dira azokan, eta herriko kaleetan ibiliko dira kantuan eta nahi duen guztiari argazkiak ateratzen. Mosaikoa martxoaren erdialdean aurkeztuko dute, eta Mankomunitateko lau herrietan jarriko dute.
Egitasmoa atzo eguerdian aurkeztu zuten Legazpiko udaletxean. Oihane Zabaleta Mankomunitateko lehendakariak, Sagrario Etxabe Legazpiko Euskara batzordeburuak, Nekane Gonzalez Zingi Zango elkarteko kideak eta Sebas Iturriotz Zintzo Mintzo elkarteko kideak hartu zuten hitza. Ruth Idiakez Ezkio-Itsasoko zinegotzia, euskara teknikariak, merkatariak eta egitasmoaren iragarkian parte hartu duten herritarrak ere udaletxean egon ziren.
Zabaletak euskara elkarteei egiten duten lana eskertu zien, eta merkataritzan euskara sustatzeko planaren barne orain arte antolatu diren dinamikak gogoratu zituen. «Merkatariei ere eskerrak eman nahi dizkiet, euskararen alde egiten duten lanagatik. Orain, bezeroek ere Euskaraz? Pozik gainera! dinamikan parte hartzea nahi dugu. Guztiok gara bezeroak. Aukera polita dugu dendariei eta ostalariei zerbitzua euskaraz jaso nahi dugula esateko, eta euskararen komunitatea sendotzeko. Animatu parte hartzera, oso erraza da eta!», esan zuen.
Bukatzeko, euskara erabiltzen duten guztiei eskerrak eman zizkien. «Euskarari egin diezaiokegun mesederik handiena erabiltzea da», azaldu zuen.
Etxabek merkataritzan euskara sustatzeko antolatzen diren ekintzen originaltasuna goraipatu zuen. «Txalotzekoa da ekintza berritzaileak lortzeko egiten den ahalegina. Oraingoan 1.000 argazki behar ditugu eta lortuko ditugula uste dugu. Baina kontua ez da mosaikoan agertzea bakarrik: garrantzitsuena konpromisoa hartzea da», gogoratu zuen.
Euskaltzale elkarteak
Gonzalez ere baikor azaldu zen. Izan ere, dagoeneko herritar batzuen konpromisoa lortu dute. «Gaur egitasmoa aurkeztera etorri gara hona, baina etxeko lanak eginda etorri gara. Dagoeneko kultur eta kirol elkarteekin, ikastetxeekin, ospitalearekin, merkatari elkarteekin… hitz egin dugu eta bat egingo dutela esan digute».
Eskerrak eman zizkien. «Herritar guztiak parte hartzera animatu nahi ditut eta aldez aurretik eskerrak eman nahi dizkiet argazkiak bidaliko dituzten guztiei. Hizkuntzak egiten du herria».
Hitza hartzen azkena, Zintzo Mintzo elkarteko Iturriotz izan zen. «Zintzo Mintzo 1993an sortu zen, hitzarmen baten bidez: orduko hartan herritarrek euskaraz egingo zutela hitz eman zuten. Gaur aurkeztera etorri garena, beste hitzarmen bat da».