Bidean dator Zozomikote
Otsailaren 7an ospatuko dute Ordizian galdaragileen festa
Jaia galdu ez zedin goitik behera eraberritu zutenetik, bigarren edizioa izango du aurtengo galdaragileek jaiak Ordizian. Kaldereroen Konpartsak egun osoko egitarau bete-betea prestatu du aurten ere. Patxi Zubizarretak idatzitako istorioko Zozomikote pertsonaia izango da protagonistetako bat; baina, herriko abesbatza, dantza zein musika taldeek ere beren lekua izango dute. Hemezortzigarren edizioa izango da galdaragileen festarena.
Etxeko txikienen txanda izango da eguerdian. Jakintza eta Urdanetako ikasleek egingo dute desfilea, Musika Eskolako txikien musika bandarekin eta ikastetxeetako dantza taldeekin batera. Ordubatak inguruan, galdaragileen jira egingo dute. Umore Ona eta jubilatuen egoitzako abesbatzek, Laguntasuna errondaiak eta Antxon Imaz eta Jose Ignacio Iturrioz bikoteak jarriko dute musika puntua. Arratsaldeko seiak aldean izango dute hurrengo hitzordua. Txokolatada egingo dute Nikolas Lekuona palzan. Lekuan bertan, ordubete beranduago, pregoia izango da Zozomikoterekin Barrenako balkoitik Urrup antzerki taldearen eskutik.
Jarraian egingo dute ohiko galdaragileen desfilea Zozomikotek lagunduta erdiguneeko kaleetatik barrena. Herriko txistulariak, Santa Ana, Oroith Abesbatza eta Larrun Arri elkartekoek ere hartuko dute parte iluntzeko kalejiran. Bukaerako erretreta Plaza Nagusian egingo dute. Bertan Urrup antzerki taldeak Zozomikoterekin ikuskizun bat eskainiko du; sutan erreta araztuko dute amaieran.
Berrikuntza gisa, gauean kontzertuak izango dira Plaza Nagusian bertan Ordiziarrocken eskutik. Starblues eta ZER taldeak arituko dira 23:00etatik aurrera.
Jai eguna antolatzearekin batera gogotik egin dute lan aurtengoan Kaldereroen Konpartsakoek. Inguruko ikastetxeetan zabaltzeko unitate didaktikoak prestatu dituzte Zozomikote “ikono kultural” bihur dadin.