Lehen trail estazioa abian da
Abaltzisketa eta Zegaman egongo dira harrera puntuak. 279 kilometroz osaturiko 16 ibilbide prestatu dituzte. Astebururako bi korrika saio gidatu antolatu dituzteEuskal Herriko lehenengo trail estazioa aurkeztu zuten atzo, Donostian. Tolosaldean eta Goi...
Abaltzisketa eta Zegaman egongo dira harrera puntuak. 279 kilometroz osaturiko 16 ibilbide prestatu dituzte. Astebururako bi korrika saio gidatu antolatu dituzte
Euskal Herriko lehenengo trail estazioa aurkeztu zuten atzo, Donostian. Tolosaldean eta Goierrin kokatzen da proiektu berri hau. Trail estazioa mendian korrika egiteko prestatuta dagoen eremua da, eta hainbat ibilbide eta zerbitzu eskaintzen ditu. Gainera, seinale homologatuez egongo da galtzada guztia markatuta. 279 kilometroz osatutako 16 ibilbide prestatu dituzte Aralar eta Aizkorri-Aratz parke naturaletan zehar.Martxoaren 14an eta 15ean egingo dira estazioaren irekiera ekitaldiak Abaltzisketan eta Zegaman. Izan ere, bi herri horietan egongo dira trail estazioaren harrera puntuak, eta bietan hainbat zerbitzu emango dituzte; esaterako, aldagelak eta dutxak egongo dira. Bestalde, eskualdeko informazio orokorra ere jasotzeko aukera izango da. Jon Zubizarreta Abaltzisketako alkatea eta Edurne Albizu Zegamako alkatea pozik azaldu dira egitasmo honen aurrean.
Irekiera ekitaldiak
Trail estazioa ezagutzera emateko hainbat ekitaldi antolatuko dituzte asteburuan. Martxoaren 14an, larunbata, Zegamaren eta Abaltzisketaren arteko erronka egingo dute Larraitzen: hiru partaidez osatutako taldeak elkarren aurka lehiatuko dira erreleboka. Txindokiko magalean 200 metroko igoera bertikalak emango dio hasiera probari, eta amaiera Txindokira doan bideko atakan emango diote. Ondoren, sari banaketa izango da. Arratsaldean zehar bertako aparkalekuan hainbat erakusmahai egongo dira.
Gogoan izan behar da asteburuan Goierriko II. Rallysprinta egingo dutela, eta horregatik bide batzuk itxita egongo direla, tartean Larraitzera joatekoa. Beraz, Larraitzera iristeko Alegiatik edo Amezketatik joan behar da.
Igandean, martxoaren 15ean, ere izango dira ekitaldiak. Goizean, Zegaman, bi korrika saio gidatu egingo dituzte Trail estazioa gertutik ezagutzeko. Korrikalariaren esperientziaren eta mailaren arabera bi ibilbide mota prestatu dituzte. Bat 10 kilometrokoa, eta bestea 18 kilometrokoa. Korrikalari profesionalek gidatuko dituzte bi taldeak.
Horrez gain, familiei zuzendutako hainbat ekintza ere egingo dituzte, hala nola, tailerrak, ekintza kulturalak, eta ibilaldi gidatuak. Goiz-eguerdian, 12:30etan, trail estazioaren aurkezpena egingo dute. Bertan izango da Iker Karrera korrikalaria, eta korrika saio sinboliko bat egingo du Aralar eta Aizkorri-Aratz parkeak batzeko.
Etorkizunera begira
Gipuzkoako Foru Aldundiak 35.000 euro jarri ditu trail estazioa martxan jartzeko, baina aurreikusten dute beste 20.000 euro beharko direla bide guztiak behar bezala markatzeko.
«Inbertsioa» dela azaldu du Roke Akizu Turismo zuzendariak, datozen urteetan turismoak gora egingo duela espero baitu, eta bide batez, lanpostu ugari sortuko direla etorkizunean turismoaren alorrean.