Bertsoak eta giro ona nagusi
'Ez don 13' taldeak irabazi zuen, nahiz eta hiru taldeek saio borobila osatu. Datorren astean ekintza gehiago izango diraAste santuko oporren atarian jokatu zen aurtengo Martxoan Bertsoa taldekako txapelketa herrikoiaren finala. Kanporaketetako talderi...
‘Ez don 13’ taldeak irabazi zuen, nahiz eta hiru taldeek saio borobila osatu. Datorren astean ekintza gehiago izango dira
Aste santuko oporren atarian jokatu zen aurtengo Martxoan Bertsoa taldekako txapelketa herrikoiaren finala. Kanporaketetako talderik onenak izan ziren oholtzan, Ez don 13 (Amaia Iturriotz, Maialen Akizu, Ane Beloki), Xatortorrak (Manex Mantxola, Andoni Biain, Beñat Hach Embarek) eta GabiriX (Endika Igartzabal, Mikel Asurabarrena eta Aratz Igartzabal). Saioa estu joan zen eta azkenean nesken taldea izan zen nagusi.Finala maila handikoa izan zen eta oso umoretsua haseratik bukaerara. Gaztelekun jendetza elkartu zen finala bertatik bertara jarraitzeko asmoz, eta bertara hurbiltzerik izan ez zutenek, Kkinzona irratiaren bitartez jarraitu ahal izan zuten saioa; izan ere, irrati horrek zuzenean emititu zuen finala.
Agurrak, beti bezala, umoretsuak izan ziren oso. Neskek euskal kanta ezagunen moldaketa bat egin zuten, eta arrakastatsua izan zen benetan euren proposamena. Segidan, gabiriarrek Mexiko aldeko doinuak ekarri zituzten. Xatortorrena izan ziren, beharbada, haserako agurretan talderik txalotuena. Kanporaketa saioan egin zuten moduan, errusiarrez erdi-mozorrotu eta hango doinuak ekarri zituzten. Letra ere, zirikatzailea eta originala izan zen, eta entzuleen algarak sorrarazi zituen kolpe bakoitzean. Saioa oso goitik hasi zen.
Ez zuen, ordea, ariketa puntuagarriek aurrera egin ahala, ikusgarritasunik galdu finalak, ezta gutxiago ere. Bertso onak eta akats txikiak tartekatu zituzten hiru taldeek, eta ez zegoen batere argi zeinentzat izango zen garaipena. Finala, izan ere, finala da, eta urduritasuna besteetan baino nabarmenago egon ohi da. Edozein kasutan, Amaiak, Maialenek eta Anek osaturiko taldea maila oso onean aritu zen saio osoan zehar eta bertso ederrak kantatuz garaipena lortu zuten. Entzuleen saria Xatortorrak taldeak irabazi zuen eta talde bereko Andoni Biain izan zen bertsolaririk gustukoena publikoarentzat. Gaijartzaile lanetan aritu zen Aitor Zalduak, berriz, ederki bete zuen bere papera eta saioak eskatzen zuen gatza eta piperra jartzeko gai izan zen.
Datorren astean gehiago
Finalaren ondoren atsedena hartu du Martxoan Bertsoak, baina oporretatik bueltan, ekintza gehiago ere izango dira: apirilaren 17an herriko eskolarteko bertsopaper lehiaketaren sariak banatuko dituzte, 15:00etan, Zelai Arizti aretoan.
Bestetik, apirilaren 18an Bi Bala taldearen emanaldia izango da Gaztelekun bertan, 22:00etatik aurrera. Aitzol Barandiaran eta Iñaki Gurrutxaga bertsolariek eta zenbait musikarik osatzen dute taldea. Ondorengo astean, bertso bazkari batek itxiko dute aurtengo Martxoan Bertsoko egitaraua.