Emakumea XX. mendeko erdialdean: lantegia, etxea eta gatazka soziala
Lenbur Fundazioak bat egingo du Martxoaren 8arekin, eta bisita gidatu bat eskainiko du igandean, XX. mende erdialdean emakumeek nolako bizitza zuten erakusteko. Ane Conde izango da gidaria.
Emakumeak XX. mendearen erdialdean nola bizi ziren gogoratzeko edo ezagutzeko aukera izango da igandean Legazpin. Martxoaren 8arekin bat eginez, Lenbur Fundazioak bisita antolatu du emakumeek lantegian eta etxean egiten zuten lana eta gizarte gatazketan zuten papera aldarrikatzeko.
Bisita doakoa da, eta Fabrika eta Langileen Etxebizitza museoetan egingo da. Bi saio izango dira, 10:45ean eta 12:15ean. Ane Conde izango da gidaria.
Lantegietan lan egin zuten
Fabrika museoan hasiko da bisita, emakume langileen argazkiz josita dagoen Emakumeak Lantegian izeneko txokoan. «Paper lantegi zahar batean dago kokatuta Fabrika», Condek azaldu duenez, «eta honek sinbologia handia ematen dio Emakumeen Eguneko bisita honi, bertan Legazpiko emakume askok lan egin zutelako», baita botoi lantegian eta Mel plastiko fabrikan ere.
Bisita hasteko, denboran kokatu beharra dago, eta XX. mendearen erdialdea irudikatu. Franco bizi zen, eta emakumeek ez zituzten gaur dituzten eskubideak. «Baina beti pentsatu izan bada ere emakumea etxean egoten zela, ez zuela lanik egiten etxetik kanpo, ez da egia. Gerran, adibidez, gizonak frontean zeudenean, emakume askok militarizatutako lantegietan egin zuten lan. ‘Gizonezkoen lanak’ egin zituzten».
Gerra ondoren, «Francoren pentsamendua ezarri zen, eta horrek emakumeengan ondorio larriak izan zituen», baina lanean jarraitu zuten. Izan ere, industrializazioaren gorakadarekin, lantegi eta lanpostu berriak sortu ziren, eta horietako batzuk espresuki emakumeentzat izan ziren. Condek Fabrikako paretetako argazkiak seinalatu ditu adibide gisa: «Espartingile izan ziren asko, kontserba lantegietan lan egin zuten, meatzetan ere bai mea garbitzen, tabako fabriketan zigarroak biltzen, edo Heraclio Fournier karta lantegian paketeak egiten».
«Legazpiko emakume askok lan egin zuten Fabrikak, eta horrek sinbologia handia eman dio Emakumeen eguneko bisitari»
Ane Conde. Bisitaren gidaria
Ekoizpenean egon ziren, beraz, emakumeak, «baina beti kate lanen hasieran, adibidez bulegoan telefonista moduan, eta bukaeran, ekoitzitakoa biltegietan antolatzen». Gizonenak ziren agintea eta goi mailako postuak, eta postu baxuak emakumeentzat ziren beti. Lan baldintzak ere okerragoak zituzten, eta gizonek baino soldata txikiagoak zituzten.
Soldatak aipatuta, «dotea» ekarri du gogora Condek. Ezkontzeko, lantegia uzten zuten betirako, derrigortuta gehienetan, eta dotea izeneko soldata berezi bat ematen zieten, ezkontza soinekoa erosteko edo ospakizunak ordaintzeko erabiltzen zutena gehienetan.
Lan gatazkak
Gizarte mailan ere emakumeek paper garrantzitsua jokatu zuten, bereziki sindikalismoaren alorrean. Atal hori azaltzeko, trantsizioaren garaira egin du salto Condek, Fabrikan dagoen beste txoko batera lekuz aldatuta. Hor ere argazkiak ikusi daitezke, baita kartel ugari ere, lan arloko gatazkekin lotutakoak.
Hala, emakumeek «paper garrantzitsua izan zuten gizonen lan baldintzak hobetzeko garaian». Manifestazioetan eta bestelako mobilizazioetan aktiboki parte hartzen zuten, Bilboko Euskaldunaren itxiera saihesteko antolatu zirenetan bezala. «Ez zuten lan egiten lantegian, baina senarren defentsan altxatu ziren». Lehenago, martxoaren 3ko Gasteizko mobilizazioetan ere emakume askok parte hartu zuten.
Condek, bestalde, Martxoaren 8a Emakumeen Eguna izendatzeko arrazoia ere azalduko du bisitan zehar, New Yorkeko lantegi batean erreta hil ziren 146 emakume langileak gogora ekarrita. Eta gertakari hura baino 20 urte lehenagoko martxoaren 8a ere aipatuko du, Bilboko Santutxu auzoan zegoen tabako fabrikan emakumeek egindako mobilizazio bat gogoratuta: «Goizeko 7etatik gaueko 10etara lan egiten zuten, baldintza oso txarretan, eta lantegia aste betez itxita eduki ondoren, hainbat hobekuntza lortu zituzten, nahiz eta bederatzi langile kaleratuak izan ziren».
Etxeko lanak
Fabrika utzi eta San Ignazio auzora aldatuko da gero bisita. Bertan, 1950eko hamarkadetako langileen etxebizitza tipikoa dago ikusgai. Emakumeen lantoki nagusia zen orduan etxea. Batzuk lan egiten zuten fabriketan edo beste toki batzuetan, baina gehienek, «etxean bakarrik», familiaren zainketaz arduratuta.
Emakumeak «familiaren sustengu nagusiak ziren, baita ekonomikoki ere, egiten zuten lanagatik ez zutelako soldatarik jasotzen, eta Legazpin eta industria handiko herrietan apopiloak ere jasotzen zituztelako etxea. Apopiloena ere emakumeen ardura zen, eta diru iturri handia».
Orduko emakumeen etxeko lana «lan gogorra» zen, eta 24 orduko jarduna zen. Etxebizitzako sukaldea eta familiaren eta apopiloen logela erakutsiko ditu Condek hori guztia ilustratzeko.













