Zeraingo Herri Kandidatura erretiratu egingo da
Maiatzaren 24ko udal hauteskundeetarako hautagaitza erretiratu egingo du Zeraingo Herri Kandidaturak. Aitzol Telleria zerrendaburuak azaldu duenez, Zeraingo Herri Kandidaturako bederatzi hautagaiek baldintza bat jarri zuten zerrenda aurkeztean: herrian...
Telleriak azaldu duenez, udal hauteskundeetara bi zerrenda aurkezteak orain arteko funtzionatzeko era apurtuko luke. «Orain arte herri bileren bidez hartzen ziren erabakiak udaletxean, eta berdin balio zuen alkatearen eta edozein herritarren botoak», adierazi du. Zeraingo Herri Kandidaturak funtzionamendu horrekin jarraitzeko baldintzapean osatu zuen zerrenda, eta egoera aldaketaren aurrean atzera egitea erabaki dute.
Ekarpenak egiteko prest
Zerrendarik ez aurkeztu arren, herri modura lanean jarraituko dutela adierazi du Telleriak. «Ez dakigu aurrerantzean nola funtzionatuko duen udaletxeak, baina herri bilerak egiten jarraitzen badute parte hartuko dugu gure ekarpenak egiteko». Bestalde, lan egiteko era berri batek herrian funtzionatuko duen ala ez ikusteko aukera izango da orain Telleriaren ustetan.
Martxoan zehar egindako herri bileretan aukeratu zituzten zeraindarrek herri zerrendako hautagaiak. Martxoaren 15ean egin zuten lehen bozketa, eta martxoaren 29an osatu zuten behin betiko zerrenda. Herritar hauek osatzen zuten Zeraingo Herri Kandidatura: Aitzol Telleria, Ion Muñoa, Loli Gonzalez, Iñaki Intxausti, Martina Urbistondo, Paulo Katarain, Ixiar Alustiza, Miren Makatzaga eta Ainara Etxenausia.
EH Bildu hautagai bakarra
Egoera honetan, EH Bilduren zerrenda bakarrik aurkeztuko da Zerainen maiatzeko udal hauteskundeetara, Arantxa Ruiz de Larrinaga zerrendaburu dela. Bihar egingo du EH Bilduk Goierriko alkategaien aurkezpena, eta, momentuz, Zeraingo EH Bilduk ez du Herri Kandidaturaren erabakiaren inguruan baloraziorik egin nahi izan.
Herritar hauek osatzen dute Zeraingo EH Bilduren zerrenda: Arantxa Ruiz de Larrinaga, Jose Mari Apaolaza, Jabier Aizpeolea, Amaia Junkera, Mikel Etxeberria, Aloña Elortza, Luisa Aierbe eta Maria Antonia Altuna.