Hautagaitza erretiratuko du Herri Kandidaturak, ez duelako "gobernu-oposizio lojikan" aritu nahi, eta "herritarren gehiengoak zerrenda bakarra nahi duelako".
Zeraingo Herri Kandidaturako hautagaiak. / Maialen Igartua
Apirilean jakinarazi zuen
Zeraingo Herri Kandidaturak udal hauteskundeetarako hautagaitza erretiratzeko erabakia, EH Bilduk ere Zerainen hautagaitza aurkeztu zuela jakitean. Izan ere, baldintza batekin osatu zuten aurten herri zerrenda: herrian beste hautagaitza bat aurkezten bazen, atzera egingo zutela. Gaur agerraldia egin dute erretiratzeko arrazoiak azaltzeko.
Batetik, gobernu-oposizio lojikan aritzeak eta “alderdien jokoa” herrira sartzeak orain arteko sistemaren haustura ekarriko duela uste du Zeraingo Herri Kandidaturak. Izan ere, 1979az geroztik zerrenda bakarra osatu izan dute Zerainen. “Gobernu-oposizio joko hori ez egoteak erabakiak kontsentsuatu beharrera eramaten du, eta bakoitzak bere izenean bakarrik hitz egiten duenez, talde lana eta auzolana plurala bezain aberatsa da”, adierazi du Martina Urbistondok.
Bigarren arrazoi bat ere aipatu dute: “herritarren gehiengoa” zerrenda bakarraren alde dagoela. Otsailaren 22an galdeketa egin zuten Zerainen. Ondorengoa zen galdera: “Ados al zaude kandidatura bakarra ateratzearekin?”. Zentsoaren %59ak parte hartu zuen galdeketan, eta %88ak erantzun zuen baiezkoa.
Abstentziorako deialdia
Erabakiaren arrazoiak azalduta, maiatzaren 24ko udal hauteskundeetan botoa ematera ez joateko deia egin die Zeraingo Herri Kandidaturak herritarrei. “Egun horretan udalerako botoa ematea gure herri ereduaren kontrako botoa da”, adierazi du Iñaki Intxausti zerrendako kideak.
Bestalde, hautagaitza erretiratu arren datozen lau urteetan Zerainen alde lanean jarraituko dutela agindu dute, udaletik kanpo, “herritarrek aukeratu gaituztelako eta haiek merezi dutelako”.
Errespetua EH Bilduri
Gaurko agerraldian Zeraingo Herri Kandidaturak argi utzi nahi izan du guztiz errespetatzen dutela EH Bildu koalizioa Euskal Herrian egiten ari den lana, eta hartutako erabakiarekin ez dutela koalizioaren aurka egin nahi. Bestalde, adierazi dute ez dutela zalantzan jartzen herritar orok udalerako hautagaitza aurkezteko duen eskubidea.