Libre Eguna antolatu dute Ordizian, 'herrikoen' itxiera salatzeko
Ordiziako eta Euskal Herri osoko 107 ‘herriko tabernen’ itxiera salatu asmoz, Libre Eguna antolatu dute larunbaterako Ordizian. Festa eta aldarrikapena uztartuko dituen eguna izango da. Ordiziako herritar talde batek gaur azaldu duenez, ez dute Auzitegi Gorenaren sententzia onartzen, eta «lapurreta» honen aurrean, «erantzun» egingo dutela azaldu dute.
Egun osoko ekitaldiak antolatu dituzte larunbaterako, «herriko tabernak libre eta zabalik» nahi dituztela aldarrikatzeko. Goizeko 10:00etan hasita, bigarren eskuko liburu azoka, patata tortilla lehiaketa eta luntxa egingo dituzte goizean zehar. 14:30ean, «harresi bazkaria» egingo dute. Seietatik aurrera berriz, sagardo dastaketa izango da plazan. Eguna aldarrikapen giroan bukatzeko, elkarretaratzea ere izango da, 20:00etan.
Tabernariei esker ona
Auzi hau salatzeko, mobilizazio jendetsua egin zuten pasa den asteburuan Ordizian. «Ehunka herritarrek parte hartu zuten, oro har epaiketa politikoak eta bereziki ‘herrikoen’ eta elkarteen itxierak salatzeko manifestazioan». Zentzu horretan, eta «guzti honetatik zerbait positiboa» atera nahian, «Ordiziako tabernariengandik jasotako elkartasuna eta konpromisoa» nabarmendu nahi izan dituzte. Izan ere, «nahiz eta denok ideia politiko berberak ez eduki, eskubide zibil eta politikoen defentsak norabide berean batu» zituen denak. Hori dela eta, esker ona agertu nahi izan diete tabernariei.