Erresuma Batuan egin den nazioarteko Great Taste 2015 txapelketan hiru izarrekin saritu dute Basazabal gazta
Luisa Villegas Artzai Gazta elkarteko koordinatzailea eta Javier Muñoa gaztagilea. / Maialen Igartua
Hainbat sari jaso ditu azkenaldian Jabier Muñoa zeraindarraren Basazabal gaztak. Besteak beste, Gipuzkoako lehiaketa irabazi zuen, iaz, Legazpin. Orain, berriz, nazioartean saritu dute Muñoaren gazta, Erresuma Batuan egin berri den Great Taste txapelketan.
Mundu osoko 10.000 produktu gastronomiko baino gehiago aurkeztu ziren lehiaketa horretara, eta 50 onenen artean sailkatzea lortu du Basazabal gaztak. Ondorioz, hiru izarreko domina jaso du Muñoak, produktua “paregabea” dela adierazten duen domina, hain zuzen. Irailaren 7an 50 elikagaien artean onena aukeratuko dute, eta urrezko tenedorea jasoko du irabazleak.
Larrearen garrantzia gazta ona egiteko
Txapelketan lortutako arrakastarekin gustura agertu da Muñoa, baina umiltasunez. “Gazta oso ona atera daiteke batzuetan, eta ez hain ona besteetan, beraz, sariren bat irabazitakoan umiltasunez hartu behar da, eta beste artzainenganako errespetuz”, adierazi du zeraindarrak. Gazta ona ateratzeko baldintza, berriz, ardiak larrean gozatzea dela esan du, “hori ezinbestekoa baita gazta ongi hartzitzeko”.
Idiazabal jatorriko izendapena du Basazabal gaztak, eta, horrez gain, Artzai Gazta elkarteko kidea da. Luisa Villegas elkarteko koordinatzailearen hitzetan, “sari honek erakusten digu txikitik abiatuta urrutira iritsi daitekeela”.